Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 2023ko Euskararen Nazioarteko Eguna Abenduak 3

2023ko Euskararen Nazioarteko Eguna Abenduak 3

Aurrerapenei adi egon da euskalduna historian zehar. Mendez mendeko ibilian arrastoa utzi dugu aurrerapenak eta euskara uztartuz, euskaldunon aurrerapenari eta euskararen biziraupenari eragiteko.

Inprenta asmatu zenean, “ezin inprima zaiteien uste zutenek” ikusi zuten oker zeudela: euskaraz idatzi eta inprimarazi zuen Etxeparek Linguae Vasconum Primitiae, 1545ean. Eta handik aurrera geldiezina izan zen euskarazko liburuak argitaratzea, lehen Itun Berria gertu zen Etxepareren liburutik, Joanes Leizarragak euskarara itzuli eta 1571n argitaratua. Eta horrela, gaurdaino.

Euskara, mendez mende, garaian garaiko aurrerapenen konpasean daramagu euskaldunok. Edozein hizkuntza bezain gai dela frogatuz. Nahiz eta batzuk gogotik saiatu ziren XX. mendean euskara bazter genezan, gure hizkuntza hobe genuela hiltzen utzi esanez, ez zela gauza-eta bizitza modernora moldatzeko. Eta hari ere erantzun zioten euskara maite zutenek, literaturara eta kazetaritzara jasoz euskara, eta eskolatu zitezkeela gure umeak euskaraz. Gure hizkuntzari behar duen tornuia eta itzala emanez.

Gizarte-komunikabideen aroan, irrati-telebista eta egunkari-aldizkarietan zabaldu dugu euskara. Eta gaur egun, hasieran urria zena ugaldu da, eta edozein arlotako hiztunak, irakasleak eta adituak, aurkitzen ditugu euskaraz hitz egiten gure hedabideetan.

Orain, digitalizazioaren aroan sartuta, beste urratsak ari gara ematen euskaraz. Hortxe ditugu lanabes berriak, hala nola, erdaldunen artean erabiltzen hasi diren itzultzaile neuronalak, .eus euskal komunitatea esparru digitalean identifikatzeko izendura, euskarazko wikipedia, euskararen adierazle sistemaren hastapenak mundu digitalean…

Euskararen alde, hau da, euskaldunon alde, gure aurrekoek egin zuten gauza bera eginez: gure hizkuntzak XXI. mendeko aurrerapenetarako balio duela frogatzen. Eta ederra dela euskara, gailu digitaletan ere. Adimen artifiziala dugu zain, berezko gure adimenarekin bultzatuko duguna eta horren adierazle teknologiari euskaraz irakasteko eta adimen artifizialak euskaraz egin dezan Gaitu proiektua   . Hizkuntza erakargarria izan dadin egungo jendearentzat, datozen berrientzat, eta biharko euskaldunentzat. Paperezko euskara eta euskara digitala aurrera adimenari esker, berezkoari eta artifizialari.

Gure nahia eta erabakia euskaraz bizitzea den artean, hori ez da gelditzerik izango, iraganean ere izan ez den bezala, nahiz eta lehen debeku eta oztopo handiak jasan. Euskaraz bizi nahiak indar handia du. Herri-nahi hori ziurtatzeko ezinbestekoa dugu, alde batetik instituzionalizatzea: erakundeek erabaki politikoak hartzen jarraitzea, legearen babesa eta indarra emateko. Eta bestetik, euskal hiztunon komunitateari laguntza eta babesa eskainiko dioten baliabideak sortzea eta eskaintzea, kasuan kasuko, tokian tokiko egoera eta testuinguruei so eginda.

Horrelaxe, gizartearen arnasa, euskara erakargarria eta baliotsua izateko eguneroko bizitzan bai heldu bai gazteentzat, etxean eta lagunartean, lanean eta aisian bermatzeko aukera izango du euskarak. Atzo eta gaur, gaur eta bihar. Paperezko euskara eta euskara digitala, giza adimena eta adimen artifizialerako gai XXI. mendean ere. 

  

1092