Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 21 gaztek lehen sektorean garatuko dituzte beren enpresa proiektuak

21 gaztek lehen sektorean garatuko dituzte beren enpresa proiektuak

Foru erakundeak 831.940 euroko laguntza eta aholkularitza teknikoa emango ditu proiektu horiek garatzeko, belaunaldi aldaketa xedetzat hartuta.

Gipuzkoako 21 gazte lehen sektorean hasiko dira lanean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Horretarako, Aldundiak dirulaguntza deialdia egingo du, 40 urtez azpiko nekazariek enpresa berriak sor ditzaten: 8 gazte lehendik abian ziren ustiategien kargu egingo dira, eta 13k, berriz, ustiategi berriak zabalduko dituzte. Foru Aldundiak 831.940 euro bideratuko ditu 2019an programa honetara, ongi prestatu eta kualifikatutako gazteak jarduera hauetan has daitezen, belaunaldi aldaketa sustatuz, eta garapena, dibertsifikazioa, enplegua eta enpresen sorkuntza bultzatuz.

«Gipuzkoa ezin da ulertu lehen sektorea gabe. Eta zuek zarete etorkizuna», adierazi du Markel Olano diputatu nagusiak foru jauregian egin den ekitaldian. Ekitaldi horretan egon dira lehen sektoreko hainbat eragile, programan parte hartuko duten zenbait gazte, Aldundiko ordezkariak -hala nola Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Imanol Lasa, Nekazaritzako eta Landa Garapeneko zuzendari Xabier Arruti, eta Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendari Arantxa Ariztimuño-, nekazari gazteei beren proiektuak aurrera eramaten lagunduko dieten zenbait pertsona eta lehen sektoreari lotutako hainbat eragile.

Deialdi hau urtero egiten bada ere, aurten, lehendabizikoz, topaketa bat egin da sektorean lanean hasiko diren gazteei aitortza egiteko eta haiekin sektorearen etorkizunari buruzko ideiak partekatzeko. Hori horrela, Aldundiaren babesa irudikatu da ekitaldiarekin, Gipuzkoak landa inguruneari eta landa inguruneko jarduerari ematen dion balioa irudikatuz. Solasaldi emankorra izan da, eta gazteen eta lehen sektoreko eragileen ekarpenak, gogoetak eta proposamenak jaso dira bertan.  «Egin duzuen apustuak merezi du horren berri ematea. Aurreko legealdian hasitako bideari eutsiz, datozen lau urteotan gogor lan egingo dugu lehen sektorea bistaratu eta sustatzeko, lehen sektorea zuzenean baitago lotuta lurralde oreka, biodibertsitatea, pasaiaren kudeaketa, kalitatezko elikadura edo kultura bezalako balioekin», azpimarratu du Olanok.

Deialdira aurkeztu diren proiektuei dagokienez, bereziki azpimarratzekoak da proiektuen aniztasuna, bai jatorriari eta tamainari dagokienez, bai jarduerari dagokionez. Hori horrela, badira baratzezaintzarekin lotutako proiektuak, frutikulturarekin lotutakoak, ardi, txerri, behi, hegazti edo erle zaintzarekin lotutakoak, nahiz barrengorrien hazkuntzarekin lotutakoak. Horietako bostek transformazio jarduerak egingo dituzte, eta hamaikak laborantza ekologikoa. 17 nekazari gizonezkoak dira, eta 4 emakumeak. Bost urtez, laguntza ekonomikoa jasotzeaz gain, teknikarien aholkularitza eta laguntza ere jasoko dute.

Dirulaguntzek Europar Batasunaren finantzazioa dute, % 80koa, LGENF funtsaren bidez. Onuradunak Gaztenek 2015-2020 prozeduran sartuta daude. Prozedura horri jarraitzen zaio EAEn lehen aldiz instalatu nahi duen gazte bati laguntzeko, tramitazioa egiteko, egiaztapenak egiteko eta, hala badagokio, instalazioari laguntza emateko, eta horretarako enpresa plan bat aurkeztu behar izan dute.

Laguntzaren zenbatekoa 20.000 eurokoa izango da gutxienez, laguntza onesten denetik lehenengo bi urteetarako soldata gisa. Kopuru horretatik aurrera, dirulaguntza hainbat kopuru-tarteka handitu daiteke, gehienez 70.000 eurora iritsi arte, enpresa planari hautapen irizpideen balorazioan eman zaizkion puntuen arabera. Hautapen irizpideak hauek dira: egin beharreko gastuak eta inbertsioak, gazteak ekoizpen eredu jakin batzuk ezartzea, lehendik sektorearekiko zuen lotura eta asoziazionismoa.

2016tik Aldundiak bakarrik kudeatzen du programa hau. Eskaeren tramitazioa errazteko, aurten aurreratu egin zen deialdia. Gainera, deialdiaren arrakasta ikusita, hasierako aurrekontua handitzen joan da urtetik urtera. Aurtengoan, onuradunek jasoko duten batezbesteko kopurua 39.616,19 euro da. Azken lau urteetan 84 gaztek ekin diote beren proiektu profesionalari programa honi esker.

Diputatu nagusiak adierazi du legealdi berrian ere lehen sektorea egituratzearen eta indartzearen aldeko apustua egiten jarraituko dutela, sektore honen garapena estrategikoa baita Aldundiarentzat. «Gipuzkoako jarduera eta bizimodua beti egon da lehen sektoreari lotuta. Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza ezinbestekoak dira gure lurraldearen garapenerako eta etorkizunerako». Izan ere, lehen sektoreari esker «lanpostuak eta kalitatezko produktuak» ditugu, baina, horrez gain, lehen sektoreak Gipuzkoako azaleraren % 90 kudeatzen du; beraz, «berebiziko garrantzia du landa ingurunearen kontserbazioaren eta kudeaketaren ikuspegitik, eta baita lurralde orekaren ikuspegitik ere».

“Zuek bezalako ekintzaileak behar ditugu, proiektu berritzaileak martxan jarriko dituztenak, ingurumenarekin bat eginda elikagai osasuntsuak eskaintzeko lanean jarraituko dutenak, balio horiei guztiei eutsi ahal izateko”, laburbildu du diputatu nagusiak. Horiek horrela, Foru Gobernua osatzen duten bi alderdiek sinatu duten akordio programatikoan jarduera hauek babesteko hainbat neurri jaso dira, oinarritzat hartuta «sektorearekiko lankidetza indartzea, berrikuntza teknologikoa eta kudeaketakoa, sektorea gaztetzea, klima aldaketari aurre egitea eta landa ingurunearen eta hiri ingurunearen arteko ezagutza eta elkarren aitortza sustatzea», esan du amaitzeko Olanok.

  

1835