210 pertsona Aldundiaren ate irekien jardunaldian
210 pertsona Aldundiaren ate irekien jardunaldian
2.800 lagun baino gehiagok ezagutu dute foru jauregia, aurreko legealdian ekimen hau martxan jarri zenetik
210 lagun inguru ari dira parte hartzen gaurko egunean zehar Foru Aldundiak antolatutako ate irekien jardunaldian, goiz eta arratsaldez antolatutako bost txandetan. Bisita gidatuak ari dira egiten, foru jauregia eta bertako areto azpimarragarrienak ezagutuz. Hango objektu, margolan eta elementu nagusien bitartez, ibilbidea egin ahal izango dute historian eta arkitekturan barrena. Era berean, Aldundiaren, Batzar Nagusien, horien eskumenen eta antolaketa administratiboaren inguruko azalpenak jaso ahal izango dituzte. Guztira, 2.800 lagunek baino gehiagok ezagutu dute Aldundia barrutik, pasa den legealdian jarri zen ekimen arrakastatsu honen eskutik. Bisitak amaitzerakoan, asebetetze inkesta egiten zaie parte-hartzaileei, eta bertan jasotako iritziak ere oso positiboak izan dira. Formatuan eta antolaketan hobekuntzak egiteko kontuan hartu dira ekarpen hauek.
Markel Olano Diputatu nagusiak eta Eider Mendoza Gobernantza diputatua eta foru bozeramaileak harrera egin diete gaur goizean bisiten lehen txandako parte-hartzaileei. Foru arduradunek gogoratu dutenez, abuztuan eta abenduan egin ohi diren ate irekien jardunaldiez gain, hilabetero eskaintzen da aukera Aldundian doaneko bisita egiteko, larunbatean. Hilabete honetakoa, hain justu, etzi egingo da. Gipuzkoa@gipuzkoa.eus helbidera idatziz, 943-112111 telefonora deituz, edo foru jauregiko harreran bertan eman daiteke izena.
Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, 622 urte betetzen dira aurten Gipuzkoan lurralde mailako erakunde sistema finkatzen hasi zenetik.
“Garrantzitsua da foru jauregia eta bertako balioak ezagutzea, baina batez ere erakundearen, lurraldearen eta gure herriaren historia ezagutzea”, aipatu du. Hortik dator, bere esanetan, “gipuzkoarren etxearen leihoak eta ateak” zabaltzeko determinazioa. “Aurreko legealdian Foru Aldundia gizartera gerturatzeko ahalegin nabarmena egin genuen eta datozen urteotan ere lanean jarraituko dugu, alor honetan ere Gipuzkoa lurralde aitzindaria izaten jarraitu dezan”, osatu du.
1642