Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 220 pertsonek parte hartu dute Gipuzkoako Harrera Familien XVII. Topaketan

220 pertsonek parte hartu dute Gipuzkoako Harrera Familien XVII. Topaketan

Maite Peña: “Aurten 78 harrera familia berri ditugu, baina Aldundiaren tutoretzapean dauden 43 haur eta nerabek beste hainbeste familia behar dituzte”

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Beroa-Gipuzkoako Harrera Familien Elkarteak antolatuta, 220 pertsonek (160 heldu eta 60 haurrek parte hartu dute gaur Gipuzkoako Harrera Familien XVII. Topaketan. Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak adierazi du gaur egun 353 harrera familia daudela Gipuzkoan; izan ere, 78 familia berri eskaini dira ume edo neraberen bat harreran hartzeko, eta hori, nola ez, “arrakasta handia da”. ”Herritar gehienek ez dute zeregin horren berririk, baina, hala ere, ez dugu ahaztu behar eragin ikaragarria duela gure haurrengan. Gero eta indar gehiago hartzen ari den zeregin hori funtsezkoa da adingabeen beharrei erantzun egokia emateko” azaldu du Peñak, baina nabarmendu du familia gehiago behar direla. Orain bertan, Aldundiaren tutoretzapeko zentroetan dauden 342 adingabeetatik 43 bideratuta daude eta zentrotik ateratzeko prest harrera familiak aurkitzen diren momentuan”. “Familia bat behar dute, beraien zaintza eta heziketaren kargu egingo dena; baina familia horretako beste kide bat izateaz gain, jatorrizko familiarekin harremanetan jarraitzeko aukera ere nahi dute, nahiz eta beraiekin ez bizi”.

Donostiako Lugaritz Kultura Etxean egindako gaurko topaketa honek aukera ezin hobea eskaini du familia harreraren baliabidearen prozesuan parte hartzen dutenen artean bizi esperientziak eta eguneroko erronkak partekatzeko. Aurten, topaketaren ardatza “Bi familia” antzerki-lana izan da, sari ugari jaso dituen José Pascual Abellán dramagilearena, Sergio Arrospidek zuzendutakoa; obra horrek adingabeen harreraren gaia lantzen du eta, beraz, eztabaida interesgarria sortu du. Ondoren, antzerki-forum animatu bat izan da, non harrera familiek parte hartu duten, eta, ondoren, lagunarteko bazkaria izan dute. 

Diputatuak eskerrak eman dizkie haur bat edo gehiago etxean dituzten familiei, “aukera ezin hobea” ematen dietelako, kontuan hartuta beren gurasoek ezin izan dietela eskaini behar duten arreta hori, oso arrazoi ezberdinengatik. Ildo horretan, bertaratutakoei gogorarazi die harrera mota bakoitzak –larrialdikoa, aldi baterakoa eta iraunkorra- erantzuna ematen diola umeak, bere bizitzaren une jakin batean, duen beharrari. “Eta zuek guztiok, Beroa Elkartearen, Laukako profesionalen, eta proiektuan parte hartzen duten talde guztien funtzionamendu onaren ardura duten Foru Aldundiko teknikarien laguntzarekin, haur horien hazkuntzarako ezinbestekoa den familia handia osatzen duzue” esan du.
"Aldi berean -erantsi du- familia harreraren baliabidea errealitate oso dinamikoa da, oro har, urtero egiten direlako harrera berriak, zehazki 87 aurten -familia batek harrera bat baino gehiago egin ditzake eta horregatik daude 78 familia berri-, eta amaitutzat ematen direlako aspalditik eratutako beste harrera batzuk, aurten 82 guztira, harreran zeuden gazteak adin-nagusitasunera iritsi direlako edo, kasu batzuetan, gurasoekin bueltatzeko aukera dutelako".  Peñaren iritziz, egoera hori Gipuzkoako babes sisteman gertatzen denaren “isla” da: “haur eta nerabe asko daude urtero babes beharrean, tratu txarrak jasaten dituztelako,  arduragabekeria egoeran daudelako, edo beraien gurasoak ez direlako gai dituzten beharrei behar bezala erantzuteko.  Arazo horiek ezin direnean konpondu jatorrizko familiaren inguruan bertan, familia harrerara jotzen da, aukera bikaina delako egoera hori konpontzeko; izan ere, baliabide horrek eskaintzen duen hazkuntza giroak haurrek bizi izan duten esperientzia traumatikoen ondorio txarrak konpontzen lagundu dezake”.

Diputatuak adierazi du familia harrera Gipuzkoan gehien erabiltzen den harrera mota dela, egoitza harreraren gainetik.  Hori argiagoa da oraindik 12 urtetik beherako umeen kasuan. Zergatik esaten dut hori? Zeren eta, adin horren azpitik, jatorrizko familietatik apartatu behar izan diren lau umetatik hiru familia harreran daudelako. “Gainera, esan dezakegu Foru Aldundiaren tutoretzapean dauden sei urtez beherako haur gehienak harrera familia batean daudela”.  

Hala ere, nahiz eta Gipuzkoan familia harrera “finkatuta” egon, horrek ez du esan nahi alor horretako premia guztiak beteta daudenik. Alderantziz, “haur bat edo gehiago hartzeko prest dauden familia berrien beharra dugu etengabe; eta beti daude haur edo nerabeak familia baten zain”. Diputatuak azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapeko harrera zentroetan bizi diren haurrek “arreta egokia” jasotzen badute ere haien zaintzaz arduratzen diren profesionalen aldetik, “horrek ezin duela inola ere familia baten maitasuna ordeztu”.

Harrera familia izateko baldintzei dagokienez, diputatuak adierazi du ez dagoela profil bakarra: “bakarrik dauden pertsonak, bikote heterosexualak edo sexu bereko bikoteak izan daitezke”, eta seguruenik une batzuetan arazoak sortuko dira, baina harrera familiek beti izango dute profesionalen laguntza arazo horiek konpontzeko. Hauek dira harrera familiako zerbitzuarekin harremanetan jartzeko telefonoa eta posta elektronikoa: 943 11 25 22 /  familiaharrera@gipuzkoa.eus.

  

1780