Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 23 gaztek lehen sektorean hasiko dituzte beren enpresa-proiektuak, Foru Aldundiaren laguntzarekin

23 gaztek lehen sektorean hasiko dituzte beren enpresa-proiektuak, Foru Aldundiaren laguntzarekin

Foru erakundeak 906.280 eurorekin eta aholkularitza teknikoarekin bultzatuko du gazteak lehen sektorean sartzea, belaunaldi txandaketa helburutzat hartuta.

Gipuzkoako 23 gaztek lehen sektorean ekingo diote aurten beren jarduerari, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, Gazte Planaren eskutik, zeina baita urteroko deialdi bat 40 urtetik beherako nekazariei laguntzeko, enpresa berriak sortzen: 17k abian zeuden ustiategien kargu hartuko dute, eta 6k, berriz, ustiaketa berriak irekiko dituzte. Foru Aldundiak 906.280 euro bereiziko ditu, 2020an, programa horretarako, zeinaren helburua baita kualifikazioa eta prestakuntza dituzten gazteak jarduera horretan hastea, belaunaldi txandaketari lagunduz, eta, garapena, dibertsifikazioa, enplegua, eta enpresa-sorkuntza sustatuz.

“Pandemia honek agerian jarri duen gauzetako bat da lehen sektorearen jarduera funtsezkoa dela, eta Gipuzkoaren etorkizuna eta planetarena ezin uler daitezkeela hura gabe. Zeuek zarete etorkizun hori, gizon-emakume horiek“, azpimarratu du Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendari Xabier Arrutik, Pagoetako parke naturalean egindako ekitaldi batean, non parte hartzaile izan diren lehen sektoreko zenbait eragile, programaren gazte onuradun batzuk, erakundeen ordezkariak –hala nola Arruti bera, eta Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendari Arantxa Ariztimuño–, eta nekazariei beren proiektuetan laguntza teknikoa eskaintzen dieten pertsonetako batzuk –hala nola Imanol Arrieta (Abelur) eta Amaia Agirre (Lurgintza)–. 

Iaz bezala, Foru Aldundiak topaketa bat antolatu du, urteroko deialdi horren eskutik sektorean hasten diren gazteen aitormenez, horiekin batera hainbat ideia partekatzearren jarduera ekonomiko horren etorkizunari buruz, horrela sinbolizatuta Gipuzkoak garrantzitsutzat jotzen dituela bere landa ingurunea eta bertan egiten den jarduera. Solasaldian, era askotako ekarpenak, hausnarketak eta proposamenak jaso dira, bai gazteenak, bai lehen sektoreko eragileenak. “Lehen sektoreak oinarrizko betekizun bat betetzen du Europak lehenetsitako trantsizio berdean: kalitatezko produktuen eta lehengaien ekarpenean; landa ingurunearen biziberritzean, natura ingurunearen zaintzan eta klima-aldaketaren aurkako borrokan; eta eredu ekonomiko jasangarriago bateranzko trantsizioan. Prozesu hori indartu behar dugu, jarduera hori profesionalki erakargarria izaten lagunduz, politika publikoen bitartez”, adierazi du Arrutik.

Deialdira aurkeztu diren proiektuak azpimarragarriak dira haien aniztasunagatik, bai jatorriari eta tamainari dagokienez, bai jarduerari dagokionez. Hala, badaude hainbat alderdirekin zerikusia dutenak, hala nola baratzezaintza, frutagintza, ardi azienda, haragitarako behi azienda eta esnetarakoa, hegazti hazkuntza, eta untxi hazkuntza. Horietako lauk eraldaketa-jarduerak egiten dituzte, eta seik, berriz, laborantza ekologikokoak. 17 gizonak dira, eta sei, berriz, emakumeak. Bost urtean zehar, laguntza ekonomikoa ez ezik, teknikarien aholkularitza eta laguntza ere izango dituzte. Jatorriari dagokionez, Gipuzkoako eskualde guztietako ustiategiak daude, nahiz eta aurten nabarmena den Urola-Kostaren presentzia, zazpi baitira guztira.  

Dirulaguntzek Europar Batasunaren kofinantzaketa dute, % 80koa, LGENF funtsaren bidez. Onuradunak Gaztenek 2015-2020 prozeduran sartuta daude, zeinari jarraitzen baitzaio Euskadin, lehen aldiz instalatu nahi duen gazte bati laguntzeko, helburua izanik instalaziorako laguntza izapidetzea, egiaztatzea, eta, hala badagokio, laguntza ematea, baina, horretarako, enpresa-plan bat aurkeztu behar izan dute. Hori dena, jardueraren profesionalizazioari eta lehiakortasunari eragiteko asmoz.

Laguntzaren zenbatekoa 20.000 eurokoa izango da gutxienez, soldata gisa, jardunaren lehenengo bi urteetarako, laguntza onesten denetik. Kopuru horretatik aurrera, zenbait kopuru-tartetan handitu daiteke laguntza, gehienez 70.000 eurora iritsi arte, enpresa-planari hautapen irizpideen balorazioan eman zaizkion puntuen arabera. Hautapen irizpideak hauek dira: egin beharreko gastuak eta inbertsioak, gazteak ekoizpen eredu jakin batzuk hartzea, lehendik sektorearekiko zuen lotura, eta asoziazionismoa.

“Erantzun ona”

2016az geroztik, Foru Aldundiak bakarrik kudeatzen du programa hori. Eskaerak izapidetzen errazteko, azken urteotan, deialdia aurreratu egin da, eta programaren aurrekontua handitzen joan da urtez urte, lortutako erantzun ona ikusita. Izan ere, 2020ko zuzkidura ekonomikoa handiena da, ekimena 2004an ibiltzen hasi zenetik. Onuradunen kopuruari dagokionez –23–, bigarren handiena da, guztira, eta handiena, berriz, 2010etik. Aurten, parte hartzaileek 39.403 euroko laguntza eskuratuko dute, batez beste. “Datu horiek berresten dute erantzun ona lortzen ari dela Gazte Plana, eta baduela hazteko joera bat, datozen urteetan finkatzea espero duguna, zeren eta, ikusten dugunez, profil desberdinetako pertsona asko baitira hasten ari direnak lehen sektorea ikusten aukera- eta ekintzailetza-gune bat bezala. Esan nahi baita, talentua erakartzea eta ekintzailetza sustatzea arlo horretan ere”, azaldu du zuzendariak.

          Programa hasi zenetik, 275 gaztek hasi dute beren proiektu profesionala programaren laguntzarekin –% 38 emakumeak–. Hala, 156k hasi dute familiartekoen ustiategiak gobernatzen, belaunaldi txandaketa bermatuz, eta 112k, berriz, negozio berriak irekitzen. Azpimarratzekoa da ustiategien arrakasta-ehuneko handia, haien % 90ek beren jarduerarekin jarraitzen baitute, eta uko egin diotenen ehunekoa oso txikia baita. Aipagarria da, orobat, nekazaritza ekologikoaren gorakada, halako 32 ustiategi baitaude 2016az geroztik. 

Nazioarteko adituek nahiz organismoek adierazten dutenez, pandemiatik indartuta ateratzen dira elikadurarekin eta ingurumenarekin zerikusia duten jarduera ekonomikoak, eta etorkizunean aukerarik onenak dituztenen artean daude. “Inflexio puntu baten aurrean egon gaitezke. Sektoreak krisiaren aurreko erresilientzia-gaitasun handia erakutsi du Gipuzkoan eta Euskadin, hornidura bermatuz, eta bere banaketa- eta merkaturatze-sistemak egokituz. Aldaketa bat izan da kontsumo ereduetan, eta horren bidez, kontzientzia-hartze bat gertatzen ari da 0 km-ko produktuaren eta bioekonomiaren garrantziaz. Prozesu horretaz baliatu behar dugu, sektorea COVID-19aren aurretik jasaten ari zen zailtasunei buelta emateko”, nabariarazi du.  

Hala eta guztiz ere, Arrutiren arabera, oraindik badago “arrakala handi bat” lurraldeko landa inguruneen eta hiri inguruneen artean, eta “hiri populazioaren artean ezjakintasuna dago lehen sektorearen jardueraz, eta hainbat alderdirekin duen loturaz, hala nola natura ingurunearen kontserbazioa eta kudeaketa, lurralde oreka, paisaiaren kudeaketa, eta kultura”. Horregatik, iragarri du Foru Aldundiak lanean jarraituko duela arrakala hori murrizteko, eta jardueraren garrantzia agerian jartzeko, gaur egindakoa bezalako topaketekin.

  

1717