Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 268 milioi euro itzuli ditu foru Ogasunak 2020ko Errenta kanpainan, eta 273 jaso

268 milioi euro itzuli ditu foru Ogasunak 2020ko Errenta kanpainan, eta 273 jaso

Jokin Perona diputatuak ekimenaren balorazio positibo egin du, eta kanpainan lanean ibili den 200 pertsonako lan taldea zoriondu.

2021/07/12

Gipuzkoako foru Ogasunak 268 milioi euro itzuli dizkie zergadunei, eta 273 milioi euro jaso ditu, duela bi aste amaitu zen 2020ko Errenta kanpainan. Emaitza, beraz, 5,3 milioi euro positiboa da foru erakundearentzat, pasa den urteko emaitza baino 14,9 milioi okerragoa. Hala ere, Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak kanpainaren balorazio baikorra egin du: “Pasa den urtekoa inoizko kanpainarik onena izan zen eta aurten, zifra haiek hobetu ez badira ere, bide beretik jarraitu dugu. Eta gainera, 2020 pandemiaren urtea izaki, eta honek ekonomian eta lan munduan izan duen inpaktua kontuan hartuta, emaitza oso positiboa dela esan dezakegu”. Foru arduradunak eskerrak eman dizkie kanpaina honetan lanean ibili diren Ogasuneko 200 langileei, “ekimenaren arrakasta profesional hauen lanaren ondorio baita”.

          Perona hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, Irune Yarza Ogasuneko foru zuzendaria eta Yolanda Dominguez Zerga Kudeaketako zuzendariordearekin batera, ekainaren 30ean amaitu zen kanpainaren emaitzen berri emateko. Azaldu duenez, kanpaina honetan “normalitatea” berreskuratu du Ogasunak, gogoratuz pasa den urtean, COVID-19 gaitzaren pandemia zela eta, bulegoak itxita egon zirela lehenengo asteetan, eta aitorpenak aurkezteko epea uztailean ere irekita egon zela. “Normalitatea berreskuratu izanaren meritua gure langileena da, eta zorionak eman nahi dizkiet egin duten lanagatik. “Gure ikuspegia beti izan da teknologia berrien alde egitearena, baina arrakala digitala zabaldu gabe, arreta presentzialari behar duen garrantzia emanez”, adierazi du.

          Zenbakiei erreparatuta, 268 milioi euro itzuli ditu Ogasunak, pasa den urtean baino 16,4 gutxiago; eta 273,3 milioi jaso ditu, 2020an egin zen kanpainan baino 31,3 milioi gutxiago. Saldoa 5,3 milioi euro positiboa da: 2019ko Errentan baino 14,9 milioi gutxiago dira, baina 2018ko Errentan baino 22,1 milioi euro gehiago. “Zifra hauek adierazten dutena da 2020an, gure ekonomiak eta lan merkatuak espero baino hobeto eutsi ziotela COVID-19aren krisiari. Eta beraz, uste dut guztiontzako albiste positiboa dela”, azpimarratu du Perona diputatuak.

 

Errentako zifrak

Aitorpen kopuruari erreparatuta, zergadunek 383.650 aitorpen aurkeztu dituzte kanpaina honetan, ia ia pasa den urteko zifra berbera (377 aitorpen gutxiago, zehazki). “Modalitateei erreparatuta, kontutan hartu behar da 2020 urtean egin genuen 2019ko Errenta kanpaina ezohizko baldintzetan egin zela, eta halabeharrez izan zela inoizko telematikoena. Orain, egoera normalduta, ikusten duguna da aurretik zetozen joerak egonkortzen ari direla: bide telematikoak hazten ari dira, eta presentziala jaisten”, azaldu du Peronak. “Erronka bat zen guretzat aurreko urtean bide telematikoek jaso zuten bultzadari eustea, eta uste dugu hein handi batean lortu dugula”, gaineratu du.

Horrela, Internet bidez 100.012 aitorpen aurkeztu dira: 2019ko kanpaina baino 6.000 gutxiago dira, baina 2018ko kanpainan baino 6.300 gehiago. Proposamenetan jaitsiera txiki bat dago, bide honetatik 222.835 aitorpen aurkeztu baitira, aurreko urtean baino 3.800 aitorpen gutxiago. Azkenik, Errenta mekanizatua edo presentzialaren kasuan, foru diputatuak gogoratu du oraingo honetan bulegoek “normaltasunez” funtzionatu dutela, aurreko kanpainan ez bezala. Ondorioz, 60.803 aitorpen aurkeztu dira bide honetatik, aurreko kanpainan baino 9.346 aitorpen gehiago, baina 2018koan baino 14.000 aitorpen gutxiago.

Emaitzaren arabera, 255.158 aitorpen itzultzera izan dira (guztien %66,5), eta 268 milioi euro itzuli ditu Ogasunak. Batez beste, 1.050 euro itzuli dizkio zergadun bakoitzari. Gainerako 128.462 aitorpenak Ogasunari ordaintzera izan dira, 273,3 milioi guztira. Aitorpen guztien %33,5 izan dira eta batez beste, 2.128 ordaindu dizkiete zergadun hauek lurraldeko zerga administrazioari. “Aurreko urtean egin genuen kanpainarekin alderatuta, itzultzerako aitorpenak murriztu dira, eta ordaintzerakoak igo; azken hauetan, ordea, batez beste ordaindu beharrekoa murriztu da”, azaldu dute Ogasuneko arduradunek.

 

Ondarearen gaineko Zerga

Bestalde, Ondarearen gaineko Zergaren kanpainari dagokionean, ez da 2019ko kanpainako emaitza hobetu, baina oso gertu geratu da Ogasuna, inoizko hirugarren kanpainarik onena itxiz. Guztira, 65,9 milioi euro jaso dira, aurreko urteko kanpainan baino 1,1 milioi euro gutxiago. Aitorpen kopuruak igo dira, baina bataz beste ordaindu dutena jaitsi. “Hemen ere, Errentan bezala, kontutan hartuta 2020 urtea latza izan zela alor ekonomikoan, emaitza oso ona da”, azaldu du Peronak.

 

Zerbitzu karta

Azkenik, langileek eskaini duten zerbitzuari erreparatuta, foru arduradunak gogoratu dute COVID-19 pandemiak gurean jarraitzen duela eta, hala ere, “lan taldearen ikuspegitik, lan bikaina egin da beste behin ere”. Datuek hala adierazten dute: 59.012 telefono dei jaso dira kanpainan, inoizko zifrarik altuena, eta hauetatik 429 bakarrik galdu dira, hau da, dei guztien (%0,73). Bidali ziren 258.334 autolikidazio proposamenetatik, %86,3 onartu dira. Eta, azkenik, itzulketak egiterako garaian, Ogasunak esan du “bizkor” ibili direla: mekanizatuan batez beste 1,23 egunetan egin dira itzulketak, 1,19 egunetan proposamenetan eta azkenik, modalitate telematikoan, aitorpenen %99,2 10 egunen azpitik itzuli dira. Gainera, 16 kexa eta iradokizun jaso dira, 1,1 egunetako epean erantzun direnak.

“Bi kanpainak emaitza onarekin itxi ditugu, bai jaso eta itzuli ditugun baliabideen ikuspegitik, zein kanpaina beraren funtzionamenduaren ikuspegitik. Emaitzen aldetik, 2020 urtea pandemiaren urtea izanik ere, ekonomia berreskuratu egin zen urtearen bigarren erdian, Gipuzkoan ikusi genuen esaterako lan merkatuan edo enpresen salmentetan, eta horri esker lortu dira gaur hemen aurkeztu dizkizuegun emaitzak”, azaldu du Peronak. “Aurrera begira, teknologian sakontzen jarraituko dugu, arreta pertsonala alboratu gabe. Helburua, bide batetik edo bestetik, herritarrei orain arte eman izan diogun kalitatezko zerbitzua ematen jarraitzea da, hori da gure konpromisoa”, berretsi du.

  

1846