Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 28 milioi bideratuko dira Gipuzkoako enplegua eta jarduera ekonomikoaren etorkizuna bermatzeko

28 milioi bideratuko dira Gipuzkoako enplegua eta jarduera ekonomikoaren etorkizuna bermatzeko

Markel Olanok, Jose Ignacio Asensiok eta Imanol Lasak Lurraldeko Ekonomia Berreskuratzeko Plana aurkeztu dute gaur.

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur aurkeztu du Gipuzkoako Ekonomia Berreskuratzeko Plana, 28 milioi euroko aurrekontua duen neurri eta programa sorta bat egituratzen duena, COVID-19ak ekonomia- eta enpresa-sarean duen eragina arintzeko, sare hori suspertzeko bitartekoak ezartzeko eta bere etorkizuna bermatzeko oinarriak finkatzeko. Markel Olano ahaldun nagusiak adierazi duenez, Plana hedatzeko ardura duen Ekonomia Sustapeneko Departamentuaren eskutik, foru erakundeak "ahalegin guztiak" egingo ditu Gipuzkoako enpresek, "batez ere enpresa txiki eta ertainek, epe luzera lehiakortasuna eta iraunkortasuna indartzeko. Ezin dugu etorkizuna eraiki eta desberdintasunen aurka borroka egin lehiakorra den ehun ekonomikorik gabe eta enpresaren zein ekintzaile autonomoen balioa agerian jarri gabe, lurraldean enplegua eta aberastasuna sortzen duen eragile nagusi gisa. Horrek esan nahi du babesa eman behar diogula industriari, duen trakzio gaitasunagatik, eta gure eredu sozioekonomikoaren oinarrietako bat delako, baina baita ETEei eta autonomoei ere", azaldu du.

          Olanok planaren helburuen berri eman du, Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuarekin eta Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko diputatuarekin egindako agerraldi telematikoan.  "Gipuzkoak oparotasun, gizarte kohesio eta ongizate mailak lortzeko balio izan duten balioak eta egiteko moduak" babestu eta sustatzearen alde egin du, "oraingo erronka gainditzeko bermerik onena baita. Lankidetza, berrikuntza eta ondo egindako lana praktikan jartzeko garaia da". Diputatu nagusiak azpimarratu duenez, Planak lehentasuna emango dio "kalitatezko enplegua sortzeari eta mantentzeari, enpresa proiektu lehiakor eta iraunkorren bidez (ekonomia, gizarte eta ingurumen mailan), eta giza proiektuen bidez, inor atzean utzi gabe, gizarte kohesionatu bat gizarte lehiakor baten oinarria baita, are gehiago gaur egungoak bezalako garai zailetan".

Ildo beretik, Asensiok adierazi du jarduera ekonomikoak bermatzen dituela “familien dirusarrerak, eta Aldundiak behar dituen baliabideak kalteberatasun egoeran dauden sektore eta pertsonak babestuko dituen sarea hedatzeko. Pertsonen ongizatea bermatzea da gakoa, eta, horretarako, jarduera ekonomikoa eta enplegua dira giltzarriak. Enplegua bultzatzeko, autonomoak eta enpresan babestu behar ditugu,  arreta berezia jarriaz krisiak gehien eragindako sektoreetan. Aberastasuna banatzeak ahalbidetzen du derberdinkeriei aurre egitea. Baina birbanatzeko, aberastasun hori sortu behar dugu, aurrena”.

Ekonomia sustatzeko neurrien inguruko xehetasunak eman dituzte gaurkoan foru arduradunek. Horiek osatzen dute Planaren muina, 28 milioi euroko aurrekontuarekin. Hala, nahiz eta aurreikusitako diru-bilketak behera egin, Foru Aldundiak ildo estrategikoei lotutako programak eta deialdiak mantenduko ditu, hala nola lehiakortasuna, ekintzailetza eta I+G+B babestekoak edo enpresa proiektuak mantentzekoak, pandemiaren ondorioz sortzen diren behar berrien arabera birbideratuz, eta ekimen berriak ere abian jarriko ditu.  Gainera, planak lehen sektorearen, turismoaren eta kulturaren errealitate espezifikoei erantzuteko neurriak ere jasotzen ditu. Datozen egunotan emango da horien xehetasunen berri, sektoreko eragileekin partekatu eta kontrastatu ondoren.

           Imanol Lasak zehaztu duenez, etorkizuneko enpresa proiektuak sendotzeko laguntza izango da funtsezko ildoetako bat, 14 milioi eurokoa, eta, honako ekintza hauek jasotzen ditu, besteak beste: I+G+B bultzatzea Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sarearen bidez, espezializazio adimenduneko RIS3 estrategiarekin bat datozen jardueren bidez; barne-ekintzailetza; kudeaketa eredu dualak indartzea; pertsonek enpresetan parte-hartzeko politikak; enpresen nazioarteko presentzia finkatzea; edo enpresa jardueraren jarraitutasuna sustraitzea.

Beste ildo nagusietako bat izango da lurraldean kalitatezko enplegua sortzea eta sendotzea, 4,8 milioi euroko zuzkidurarekin, pertsona kalteberenei (Elkar-Ekin) eta ERTEek kaltetutakoei arreta berezia eskainiz; lan-ingurune berriak sustatzea (malgutasuna, kontziliazioa, telelana); gaitasun pertsonalak, profesionalak eta sozialak hobetzea; edo ikaskuntza digitala eta iraunkorra bultzatzea. Era berean, beste 2,6 milioi bideratuko dira enpresei laguntzeko mekanismoak ezartzeko, batez ere txikiei; berregituraketa prozesuak laguntzeko; likidezia hobetzeko jarduerak egiteko; eta enpresa txikientzako finantzaketa lerro bat ezartzeko, krisiak gehien kaltetu dituen sektoreetan, salmenten zati handi bat galdu dutenetan.

Neurri berrienetako bat tokiko kontsumoari laguntzeko mekanismoak ezartzea izango da, 3 milioi eurorekin. Elkarteekin eta udalekin akordioak egitea planteatuko da, eta laguntzak eskainiko zaizkie merkataritza- eta ostalaritza-sektoreari, krisiak gehien zigortutako sektoreetako bati, lokalen eta lan egiteko moduen egokitzapena, arreta- eta osasun-protokoloak eta negozio- eta merkaturatze-eredu berriak sustatzeko. Era berean, 2,1 milioi aurreikusten dira lurraldearen etorkizunerako estrategikoak diren sektoreak sustatzeko, hala nola mugikortasun elektrikoa, 4.0 industria edo zahartze osasungarria. Horrez gain, dinamika berriak diseinatzen dira jarduera ekonomikoan oinarrizko hornidura batzuk bermatzeko, pandemiaren ondorioz azaleratutako beste beharrizan bat.

Gaur aurkeztutako planak, halaber, lankidetza sustatuko du bere alderdi guztietan: erakundeen artekoa, publiko-pribatua, enpresen artekoa eta lurraldeko enpresa garapeneko ekosistemako eragile guztien artekoa (garapen agentziak, enpresa inkubagailuak, klusterrak, elkarteak, ikerketa zentroak). Lankidetza hori hainbat jardueratan gauzatuko da: negozio eta negozio-eredu berriak bilatzea; abian dauden enpresa proiektuak berraktibatzea, edo COVID-19arekin lotutako proiektuak bizkortzea, Biozientziak Fundazioarekin batera. Testuinguru horretan, Enpresen Foroa sortuko da, nazioartean ezagutza, esperientziak eta erreferentziako proiektuak trukatzeko, eta garapen lehiakor iraunkorra lortzeko nahia eta asmoa duen enpresen erkidego bat sortzea sustatuko da, aberastasuna eta enplegu berriak modu orekatuan sortzeko.

Imanol Lasak iragarri duenez, "malgutasuna eta egokitzeko gaitasuna" funtsezkoak izango dira Gipuzkoak bere susperraldi ekonomikoari arrakastaz aurre egin diezaion, "etengabe aldatzen ari den eta ziurgabetasun globalez beteta dagoen errealitate bati aurre egin behar diogulako".  Hori dela eta, zehaztu du Planak "ibilbide-orri ireki" bat ezartzen duela, eta bere formulazio zehatza gauzatzen joango dela "betiere eragileekin eta sare ekonomikoarekin lankidetzan, eta etengabe egokitzeko behar horretatik abiatuta".  Estrategia horrek uztartuko ditu Gipuzkoako enpresen epe laburreko beharren kudeaketa eta ingurune sozioekonomiko lehiakorrago baten etorkizuneko garapena: "Kudeaketa dualaren printzipioak aplikatzeko garaia da: "oraina kudeatu, etorkizuna prestatuz", amaitu du.

 

Gipuzkoako Ekonomia Berreskuratzeko Plana

Ekintza ardatzak

4,8 milioi

Kalitatezko enplegua sortu eta finkatu

4,8 milioi

Enpresei sostengua emateko baliabide ekonomikoak

2,6 milioi

Etorkizuneko enpresa proiektuen finkatzea babestea

14 milioi

Sektore estrategikoen errotze prozesuan sakondu

2,1 milioi

Tokiko kontsumoa bultzatzeko mekanismoak 

3 milioi

Enpresa garapeneko ekosistemaren papera indartu.

1,5 milioi

Guztira

28 milioi

  

1848