Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

3,12 milioi euro 2019. urtean, lurraldeko enpresetan talentua sustatzeko

3,12 milioi euro 2019. urtean, lurraldeko enpresetan talentua sustatzeko

Industriaren lehiakortasuna indartzeko, “gaitasunak sortzea, eustea eta bertakotzea” ezinbestekotzat jo du Imanol Lasak

Foto 3,12 milioi euro 2019....

“Enpresetan pertsonen talentua eta ikaskuntza sustatzea” programarentzako diru laguntza deialdia onartu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak. Guztira, 3,2 milioi euro bideratuko diru aurten ekimen honetara. Talentua sortu, eutsi eta erakartzea dira lan ildo honek dituen helburu nagusiak eta, honen bitartez, lurraldeko industriarentzat “funtsezkoa” den esparru batetan. “Talentua sortu, eutsi eta erakartzeko gaitasuna izatea ezinbestekoa da gure enpresen lehiakortasuna mantendu eta indartu nahi badugu”, azaldu du Imanol Lasa foru bozeramaileak.

Talentuaren sustapena helburu nagusietakoa da, Ekonomia Suspertzeko Planak aurreikusitako egitasmoen. Gaur onartu den diru laguntza deialdia da lan ildohonetako neurri garrantzitsuena. Honekin batera, Gipuzkoa Talent harrera zerbitzua, Talentia programa, Gipuzkoa Fellows programa eta Gipuzkoa Talent Forum topaketa bezalako neurriak daude. 2018an, deialdi honen eskutik, 13.858 lagun inplikatu zituzten 82 proiektu jarri ziren abian, guztira.

Enpresa, elkarte, parke teknologiko, heziketa zentro… eta, oro har, gai honetan eragin dezaken edozein eragileri zuzenduta dago gaur onartu den diru laguntza deialdia. Enpresetan pertsonen talentua eta gaitasunak sustatze aldera, ekarpena egin dezaketen guztiei, elkarlanean aberastasuna eta balioa sortzeko, ekonomia ehunarentzat, gizartearentzat eta lurraldearentzat.  “Denon artean egin behar diogu aurre ezagutza eta gaitasun aurreratuak sortu, eutsi eta bultzatzeko erronkari. Lurralde bezala, asko baitaukagu jokoan”, azaldu du foru bozeramaileak, gogoratuz langile kualifikatuen falta lurraldeko ekonomia eragileen kezka nagusienetakoa izaten jarraitzen duela. Horregatik, “indarrak batzeko” deia egin die lurraldeko empresa eta eragileei, alor honetan aurrerapausoak eman ahal izateko.

 “Gipuzkoan, talentuaren ikaskuntza eta garapena osagai estrategikoak dira, aurrerapena eta gizarte kohesioa eragin ditzaketenak, eta, halaber, balio bereizgarri bat ematen dute egungo gizartean eta etorkizunekoan. Pertsonak dira, beraz, eredu berriaren giltzarriak”, adierazi du. Bere iritziz, egoera ekonomikoa hobera ari da egiten gaur egun, “baina ezin dugu ahaztu nondik gatozen, are gutxiago nora joan nahi dugun”. “Hain zuzen, etorkizuna agenda politikoaren erdigunean jarri du Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz programaren eskutik. Apustu horri jarraituz, oraindik ere garrantzi handiagoa hartzen du talentuaren gaiak”, gehitu du.

Ildo horretatik, foru estrategiak sustatzen jarraituko du lurralde aurrerapeneko eredu bat, oinarritua zenbait politika eta praktika eraginkorretan, pertsonen gaitasunak, enpresen lehiakortasuna eta lurraldeko bertako gizarte, ingurumen eta ekonomia baldintzak hobetuko dituztenak. Jardun lerro nagusiak, hauek izango dira: enpresetan talentuaren kudeaketa garatzea; lantoki lehiakor eta eraldatzaileen ereduak sustatzea; kalitatezko enplegua sustatzea; eta zenbait dinamika ardaztea lanbide gaitasunak bereganatzeko eta garatzeko, hainbat esparrutan, hezkuntza sistema lehenetsiz; hartara, bizitza osoko ikaskuntzatik abiatuta, lagungarriak izan daitezen ikasten duten antolakundeak eta lurraldeak eraikitzeko.

Langileen parte-hartzea

“Gipuzkoako enpresatan pertsonen partaidetza sustatzeko programa” ekimenari dagozkion urteko diru laguntzak ere onetsi ditu gaur Kontseiluak. Aldundiak 1.025.000 euro bideratuko ditu 2019an programa horretara. Enpresetan langileen partaidetza bultzatzea du helburu, eta joan den urtean 47 proiektu babestu zituen guztira, 43 enpresak eta 7.659 pertsonek parte hartu zutelarik. Legealdia hasi zenetik, Aldundia Gipuzkoako ekonomia ehunarekin elkarlanean partaidetzari lotutako dinamikak indartzeko garatzen ari den estrategiaren baitan elementu nagusietako bat da programa.  

Estrategia orokor horren bitartez, Aldundiak ekintza fronte desberdinetan dihardu azken urteetan. Diru laguntzak emateaz gain, 2016an, finantziazio tresna berria jarri zuen martxan, Elkargi eta Oinarrirekin elkarlanean, langileak enpresen jabetzan sar daitezen errazteko, enpresa txiki eta ertainen kasuan bereziki. Esperimentazio aktiboaren alde ere egiten ari da, Gipuzkoako 20 enpresatan proiektu pilotuak abian jarri baitira Etorkizuna Eraikiz dinamikaren barruan. 4.000 langile inguru ari dira parte hartzen proiektu horietan, guztira, eta ateratako praktika arrakastatsuak lurralde osora zabaltzea da helburua.

Bestalde, zerga alorrean, 2016ko bukaeran Foru Araua onartu zen, langileen partaidetza ardatz gisa hartuta. Ekimenak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) eta Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergetan hobariak ezarri eta oztopoak kentzen ditu. Jabetzan erreleboa gauzatu nahi duten enpresariak, zein jabetza hartzeko interesa duten langileak hartzen ditu kontuan, enpresen eskualdatzea bultzatu eta errazteko. 2017. urtean, 194 langile 45 enpresatako jabegoan sartu ziren horri esker. Gainera, Arauak neurri positiboak aurreikusten ditu genero desberdintasunari aurre egiteko.

 Gaurko deialdiari dagokionez, 628.512 bideratuko dira enpresetan pertsonen partaidetzako antolakuntza-ereduak bultzatzeko proiektuak finantzatzeko, eta 396.488 euro, berriz pertsonen partaidetzako antolakuntza-ereduekiko enpresen garapena aldezten duen ekosistema bat bultzatzeko proiektuak finantzatzeko. Aipatutako lehen lerroan, diruz lagunduko dira Gipuzkoako enpresetan pertsonen partaidetza ezartzeko prozesuak -% 75ean babestu ahal izango dira-. Bigarrengoan, berriz, partaidetza bultzatzea helburu duten proiektuak babestuko dira, eremu hauetan; ikerketakoak eta arlo hauen garapenekoak: tresnak, metodologiak, lanabesak, ebaluazio sistemak, hedapena, sozializazioa eta balorizazioa, eta esperimentazioa. Bi lerroek esparru hauetako partaidetza hartuko dute kontuan: kudeaketan, erabaki estrategikoetan, emaitzetan eta kapitalean.

Lasak azaldu duenez, enpresa bakoitzaren egoera ezberdina da, baina dei egin die guztiei langileen partaidetzaren alde egin dezaten, bai kapitalean, eta baita kudeaketa eta erabakiak hartzeko prozesuetan. Apustu hori ezinbestekotzat jo du “Gipuzkoan erabakitze guneei eusteko”. “Eraldaketa prozesu honek sekulako garrantzia dauka talentua sustraitzeko eta gure enpresen lehiakortasuna hobetzeko. Asko dugu jokoan hemen, Gipuzkoaren etorkizuna ekonomikoa eraikitzeko garaian. Partaidetza eta elkarlana oso praktika positiboak dira, abantaila konpetitibo ugari dakartzatenak, eta bete-betean egiten dutenak bat gure lurraldearen izaerarekin. Bultzatu beharreko indarguneetako bat da”, esan du.

Bozeramaileak gaineratu du Gipuzkoak lanean jarraitu behar duela arlo horretan Europa mailan erreferente izaten jarraitzeko, garapen ekonomikoan pertsonen protagonismoa eta “inplikazio aktiboa” ardatz gisa kokatuz, lurralde “parte-hartzaileagoa eta konprometituagoa” lortzeko. Partaidetzak empresa proiektuetan dituen ondorio onuragarrien artean, hauek aipatu ditu; pertsonen motibazioa, enpleguen kalitatea, laneko giroa eta lan baldintzak, berrikuntza, lurraldearekiko binkulazioa eta lanpostuan ikasteko aukerak.

Euskararen erabilera sustatzeko laguntzak

Azkenik, euskararen erabilera sozialaren esparruan lanean ari diren elkarteei, erakundeei eta norbanakoei zuzendutako diru laguntza deialdia onartu du Kontseiluak, 1.172.715 eurorekin hornituta egongo dena. Hauek aurkeztu ahal izango dira: euskara sustatzeko proiektu eta jarduerak; lantokietan prestakuntza aldiak euskaraz egitea; erabilera soziala normalizatzeko tokiko planak; itzulpen praktikak egiteko bekak; eta informazio eta komunikazio teknologiak erabiliaz, edukiak euskaraz hedatzeko proiektuak. Joan den urtean, Gipuzkoan 186 proiektu babestu ziren deialdiaren bitartez. 
  

356