Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

31 pertsonekin indartu ditu Ogasunak TicketBAI-ko arreta zerbitzuak

Foto 31 pertsonekin indartu ditu Ogasunak TicketBAI-ko arreta zerbitzuak

31 pertsonekin indartu ditu Ogasunak TicketBAI-ko arreta zerbitzuak

Foru erakundeak datozen egunetan hasiko du gutun pertsonalizatuen bidalketa kanpaina, betebehar bete behar duten 55.000 zergaduni zuzendua

31 pertsonekin indartu ditu Ogasunak TicketBAI-ko arreta zerbitzuak

2022ko urtarrilaren 1ean hasiko da TicketBAI zerga betebehar berriaren derrigorrezko epea Gipuzkoan lehenengo zergadun taldearentzat eta, hori dela eta, foru Ogasuna lanean ari da komunikazio bideak hobetu eta arreta zerbitzuak indartzeko. Zehazki, 31 pertsonarekin indartu ditu gaur gaurkoz TicketBAI proiektuarekin espresuki erlazionatutako arreta zerbitzuak: jada guztiz operatibo daude arreta telefono berezia (943 113 000) zein  kontsultak egiteko buzoia (ticketbaikontsultak@gipuzkoa.eus), eta urri erdian jarriko da martxan aurrezko aurreko arreta, Gipuzkoako foru Ogasunaren bulego guztietan eskainiko dena. Gainera, datozen egunetan gutun bidalketa kanpaina hasiko du foru erakundeak, TicketBAI sistema erabili beharko duten 55.000 zergadunetara iritsiko dena.

          Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako foru diputatua hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, zerbitzu berri hauek aurkezteko. Berekin agertu da Irune Yarza, Ogasuneko foru zuzendaria. Gogoratu dutenez, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hasiko da Gipuzkoan TicketBAI betebehar berria ezartzen, modu mailakatuan, sektorez sektore. Gipuzkoan jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadun guztiei eragiten dio, eta 55.000 inguru. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako proiektua da TicketBAI, baina lurralde bakoitzean modu bereizian hedatuko da.

Praktikan, lurraldeko jarduera ekonomiko guztia Ogasunarekin lotuko du eta, Gipuzkoan, foru erakundeak denbora errealean jasoko du erregistratzen den transakzio bakoitzaren informazioa. Peronak azaldu duenez, hainbat dira TicketBAIk ekarriko dituen abantailak: zerga administrazioak iruzurraren aurkako borrokan aurrerapauso handia eman ahal izango du, iruzur egiten duenaren lehia desleiala ezabatuko baitu; aldi berean, zerga-administrazioak zergadunari eskaintzen dion zerbitzua hobetuko dugu, zerga-betebeharrak azkar eta eraginkortasunez betetzea erraztuz; eta, azkenik, Gipuzkoako sektore ekonomikoa erabat digitalizatuko da, eta horrek garrantzi berezia hartzen duela COVID-19ren krisiaren testuinguruan.

Ogasuneko diputatuak gogoratu duenez, proiektua gaur gaurkoz borondatezko epean dago momentu honetan, aurtengo urtarrilaren 1etik. Borondatezko epe hori, kolektibo bakoitza derrigorrezko epean sartu baino hilabete lehenago arte luzatu zen uztailean. “Gure mezua da orain dela momentua pausua emateko, eta borondatezko epean sartzera animatu nahi ditugu zergadunak. Hainbat dira abantailak: batetik, frogak egiteko aukera, zirriborroak egiteko eta sistema berria erabiltzen ikasteko, ingurune seguru batean eta isunik gabe; bestetik, kenkari indartua aplikatzeko aukera, derrigorrezko epean ezarri daitekeena baino askoz indartsuagoa dena. Gaur arte, 8.000 zergadun erregistratu dira borondatezko epean eta frogetan ari dira, eta hauetatik 600 errealean ari dira fakturak jaulkitzen. Guztira, 40.000 faktura baino gehiago jaulki dira. Gainera, 400 software daude jada erregistratuta.

 

Gutunak eta arreta zerbitzuak

Foru arduradunek azaldu dute TicketBAI hobeto ezagutaraztea helburu, Ogasuna datozen egunetan hasiko dela betebehar hau ezarri behar duten zergadun guztiei gutun pertsonalizatuak igortzen, 55.000 inguru. “Gutun horretan, bakoitza derrigorrezko epean noiz sartzen den zehazten da, dauden kenkariak zein diren azaltzen da, informazio gehiago non eskuratu daitekeen… Eduki guztiz informatiboa du gutunak”, esan du Peronak. Derrigorrezko epearekin bezala, komunikazio kanpaina hau ere modu mailakatuan egingo da, sektorez sektore joango gara. “Helburua informazio ematea da, eta zalantzak badituzte, nora jo behar duten argitzea”, gaineratu du.

Bestalde, eta “proiektuak duen dimentsioa kontuan hartuta”, Ogasunak nabarmen indartu ditu bere arreta zerbitzuak, bai telefono edo telematiko bidezkoak, zein aurrez aurrekoak. Zehazki, Ogasuneko lan taldea 31 pertsonekin indartu da TicketBAI proiekturako espresuki, lehen zeuden giza baliabideei gehituko direnak. Honenbestez, TicketBAI proiektuari buruzko edozein informazio mota lortzeko, kanal hauen bitartez jarri daitezke zergadunak Ogasunarekin harremanetan: telefonoz (943 113 000), posta elektroniko bidez (ticketbaikontsultak@gipuzkoa.eus) eta, urritik aurrera, aurrez aurre ere. “Urri erdirako martxan izango dugun zerbitzu berria da, Ogasunaren egoitza zentralean zein lurraldeko bulego ezberdinetan eskainiko duguna. 15 teknikari egongo dira hemen lanean eta, aurretiazko hitzordua eskatu beharko da, Ogasuneko beste edozein gestio aurrez aurre egiteko bezala”, esan du foru diputatuak. Hitzorduak astelehenetik ostiralera hartu ahal izango dira, 08:00etatik 14:30etara, eta zergadun bakoitzak ordu erdiko tartea izango du.

Hau guztiarekin batera, eta aipatutako komunikazio kanpainak eta alde batera utzita, Peronak nabarmendu du Ogasuna ahalegin berezia egiten dela zuzeneko komunikazioa erabili eta TicketBAI ezagutarazteko. Azaldu duenez, elkarte eta eragile ezberdinekin bilera presentzial ugari ari dira izaten, proiektua azaldu eta hauek izan ditzaketen zalantzak argitzeko. Gaur arte, lurraldeko 27 eragile ekonomiko ezberdinekin elkartu da jada foru Ogasuna eta, aurrez aurre, 5.000 lagun ingururi azaldu zaio proiektua topaketa hauetan. “Gainera, zerga agenteak ere kalean ditugu, ahalik eta zergadun gehienei aurrez aurre azaltzen zertan datzan eta zer ekarriko duen TicketBAIren aplikazioak. Herriz herri ari dira joaten eta, hauek ere, proiektuaren informazio kanal nagusiak zein diren ezagutarazten ari dira”, esan du Peronak.

“Hau guztiarekin, aditzera eman nahi duguna da Gipuzkoako foru Ogasuna prest dagoela, 2022an izango duen erronkari aurre egiteko: TicketBAI proiektua errealitate bihurtu eta, honela, lurraldeko ekonomia guztia digitalizatzea. Jauzi handia da, herrialde aurreratuek eman dutena edo ematen ari direna eta guk, Gipuzkoa bezala, jauzi hori eman nahi du”, esan du Peronak. “Beraz, Ogasunetik zergadunei eman nahi diegun mezua da hurbiltzeko erakundera eta gure zerbitzu berriak erabiltzeko, informatzeko TicketBAIren inguruan. Eta, batez ere, borondatezko epean sartzeko: sistema ezagutu eta berau erabiltzen ohitzea ekarriko dielako eta, gainera, ekonomikoki ere askoz mesedegarriagoa delako”, amaitu du.

 

Ezarpen egutegia

Bestalde, Gipuzkoan mantendu egiten da orain arteko TicketBAI obligazioaren derrigorrezko epearen ezarpen egutegia, modu mailakatuan egingo dena. Zehazki, zergadun bakoitzak egiten duen jarduera enpresarial, profesional edo artistikoaren arabera egingo da. Hau oinarri hartuta, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (JEZ) jasotako epigrafeetan aurreikusten diren taldeen arabera hedatuko da.

  • 2022ko urtarrilaren 1a. Zerga kudeaketako profesionalak.
    • Indarrean dagoen azaroaren  5eko 582/2014 Foru Aginduaren 9. artikuluan aipatuak.
  • 2022ko martxoaren 1a. Jarduera profesionalak.
    • 1. sekzioan, 834. eta 849. talde bitartekoak.
    • 2. sekzioan, 011. eta 841. talde bitartekoak.
  • 2022ko maiatzaren 1a. Txikizkako merkataritza, ostalaritza, ostatuak eta gainerako profesionalak.
    • 1. sekzioan, 641. eta 665. talde bitartekoak eta 671. eta 687. talde bitartekoak.
    • 2. sekzioan, 851. eta 899. talde bitartekoak.
  • 2022ko  urriaren  1a. Eraikuntza eta higiezinen promozioa, garraioa, eta aisialdi zerbitzuak, kulturalak eta pertsonalekin erlazionatutako zerbitzuak.
    • 1. sekzioan, 501. eta 508. talde bitartekoak; 691. eta 757. talde bitartekoak; 833. taldea; eta 851. eta 999. talde bitartekoak.
  • 2022ko abenduaren 1a. Fabrikazioa, handizkako merkataritza, telekomunikazioa, finantzak, artistak eta gainerako behartuak.
    • 1. sekzioan, 011. eta 495. talde bitartekoak; 611. eta 631. talde bitartekoak; eta 761. eta 832. talde bitartekoak.
    • 3. sekzioan, 011. eta 059. talde bitartekoak.