Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 493.000 euro Gipuzkoako enpresen nazioartekotzea babesteko

493.000 euro Gipuzkoako enpresen nazioartekotzea babesteko

Foru Aldundiak diru laguntza onartu du Merkataritza Ganberarentzat atzerriko merkatuetan presentzia areagotzeko helburuarekin, bereziki enpresa txiki eta ertainena

2017/11/14

Gipuzkoako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberari 493.000 euroko diru laguntza ematea erabaki du gaur Diputatuen Kontseiluak, Gipuzkoako enpresen nazioartekotzea sustatzeko jarduerak egiteko beharrezkoa den laguntza azpiegitura garatzeko, honako esparru hauetan: interesgarritzat jotzen diren merkatuetara lehen aldiz hurbiltzeko behar duten laguntza eta babesa ematea enpresei (misioak); Oinarri Teknologikoko Enpresa Berriei (OTEB) nazioarteko merkatuan sartzeko laguntza ematea; eta Gipuzkoako enpresen parte hartzea sustatzea nazioarteko lizitazioetan eta nazioarteko eskaintzen aurkezpenean –LAGUNDEX programa-.

“Munduko ekonomia asko aldatzen ari da. Globalizazioak edo herrialde industrializatu berrien gorakadak erreferentziazko esparru berri bat sortu dute, eta enpresak esparru horretan jardun behar dira. Nazioartekoagoa eta konplexuagoa den testuinguru horretan, geroz eta ugariagoak dira internazionalizazio prozesuei ekiten dieten enpresa txikiak. Askotan, ordea, zailtasunak dituzte merkatuak behar bezala ezagutzeko edo nazioarteko operazioetan parte hartzeko. Guk laguntza eman nahi diegu bide horretan, hasierako urratsetan bereziki, horiek izaten baitira gogorrenak”, azaldu du Imanol Lasa foru bozeramaileak. 

Foru Aldundiak Ekonomia Suspertzeko Plana jarri zuen martxan, eta honen bitartez 50 milioi euro inbertitzen ari da urteri jarduera ekonomikoa eta kalutatezko enplegua sustatzeko. Planaren barruan, gipuzkoar enpresei babesa ematea da lan ildo estrategikoetako bat, txiki eta ertainei bereziki, “hobeak eta eraginkorragoak izan daitezen, produktu eta zerbitzu berriak sortzeko, halakoek lagunduko baitiete etorkizuneko erronkei erantzuten. Beharrezkoa da lurraldeko enpresak nazioartean lehiakorrak izatea. Nazioartekotzea ezinbesteko elementua da gure ekonomia ehunaren lehiakortasuna bermatzeko, bertan ETEek pisu handia dutelako, eta aukera eta merkatu berriak irekitzeko”.

 Hori dela-eta, Gipuzkoako enpresen merkaturatze maila handiagotzen laguntzeko ekintzen testuinguruan, kanpo irekiera eta presentzia sustatuz, gaur hartutako neurriarekin Foru Aldundiak elkarlanean sakondu nahi du Gipuzkoako Merkataritza Ganberarekin, alor honetan hainbat aktuazio garatzen ditu, aholukularitzari lotutakoak batez ere, lurraldeko enpresen esportazio maila hobetzeko eta atzerrian beraien produktuen eta zerbitzuen presentzia bermatzeko.

Esaterako, urte honetan zehar, eta iaz martxan jarritako LAGUNDEX egitasmoaren bitartez, 3 eta 50 langile bitarteko 80 enpresekin egin da lana, eta 105 nazioarteko eskaintza aurkeztu dira 35 herrialdetan, osasuna, elikadura, energia, komunikazio eta informazio teknologia berriak, ingeniaritza, makina erreminta, mekanizatua edota galdaragintza bezalako sektoreetan. 105 eskaintzetatik, 28 esleipen bereganatu dituzte Gipuzkoako enpresek, 2 milioi euroko balioan salmentetan. OTEBei dagokienez, babesa eman zaie 9 enpresari sektore hauetan: biozientziak, nanoteknologia, kirolari aplikatutako teknologiak, telekomunikazioak, hondakinen kudeaketa eta ekonomia zirkularra eta informazioaren teknologiak.

  

1381