Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 625.000 euro 2017an Gipuzkoako ekintzailetasun ekosistema indartzeko

625.000 euro 2017an Gipuzkoako ekintzailetasun ekosistema indartzeko

Etorkizuneko sektore ekonomikoetan enpresa berriak abiaraztea sustatuko du Aldundiak, BIC Gipuzkoaren bitartez

Gipuzkoako ekintzailetasun sarea indartzeko 625.000 euro bideratzea onartu du gaur Gobernu Kontseiluak, 2016an baino 75.000 euro gehiago, hain zuzen. Helburu horrekin, BIC Gipuzkoa –Gipuzkoako Business Innovation Center- entitateari kopuru horretako diru laguntza emango dio, honako jarduerak egin ditzan:     ekintzailetza aurreratua eta enpresen barneko ekintzailetza sustatzeko jarduerak; Enpresen Garapenerako eta Berrikuntzarako Arrasateko Saiolan zentroarekin elkarlanean aritzeko; eta ekimen berriak abiarazteko sektore estrategikoetan ekintzailetza bultzatzeko  lurralde mailan, hala nola osasuna eta biozientzietan, elektromugikortasunean eta energia biltegiratzean, gastroelikadura sektorean, eta fabrikazio aurreratuan.

Pasa den urtean, 57 ekintzailetasun proiektu babestu zituen BIC Gipuzkoak. Horietatik 35ek enpresa proiektu berrientzako Ekintzaile-Txekintek programaren babesa jaso zuten, eta beste 22k enpresen baitan ekintzailetza bultzatzeko Barnetekin-Ekintzaile programarena. Urte horretan zehar emandako laguntzen kopurua 1.274.550 eurora iritsi da. Gainera, BIC Gipuzkoak 27 Start Up sustatu zituen, guztiak berritzaileak edo oinarri teknologikokoak, honako sektoreetan kokatzen zirenak: biozientziak (%40), fabrikazio aurreratua (%34), ingenieritzak eta teknologia digitalak (%19) eta energia (%7).

Bere ibilbide osoa aintzat hartuta, berriz, 302 ekintzaile proiektu–Ekintzaile/Txekintek programaren bitartez– eta 194 barne ekintzailetza proiektu –Barnetekin/Ekintzaile programaren bitartez– dira BIC Gipuzkoatik sustatu direnak. Orotara, Zentroak bultzatu eta merkaturatutako proiektuen %80k bizirik jarraitzen du gaur egun. “Arrakastatsutzat” jo du ibilbide hori Imanol Lasak Aldundiko bozeramaileak.

Lasak gaurko agerraldian azpimarratutakoaren arabera, BIC Gipuzkoa garrantzi handiko eragilea eta aktiboa da lurraldean ekintzailetasuna bultzatzeko sarearen barruan, eta gaur onartutako diru babesaren bitartez, Aldundiak bere konpromisoa berresten du etorkizuneko ekonomia eraikitzeko. “Jasangarritasunaren alde egingo duen Gipuzkoa nahi dugu. Gure ekonomia ehunaren lehiakortasuna eta industriaren hazkundea  bermatuko duten politikak jarri behar dira martxan horretarako. Eta horrek esan nahi du babesa eskaini behar diegula ideia berriak eta ekiteko gogoa duten pertsona eta eragileei, enpresa eraginkorrak martxan jar ditzaten, eta lanpostuak sor ditzaten, gehien haziko diren sektoretan bereziki, hau da, teknologia berriei lotutakoetan”, azaldu du.

 BIC Gipuzkoa 1993ko abenduaren 13an eratu zen, Gipuzkoako Berrikuntza Enpresen Zentro (BIC) gisa eta ezinbesteko papera jokatzen du lurraldeko ekintzailetasun ekosistemaren barruan. Bere helburua da ekintzaileei nahiz enpresa txiki eta ertainei zuzendutako jarduerak garatzea, enpresa berritzaile berriak eta/edo oinarri teknologikodunak sortzen lagunduz, hainbat tresna eta zerbitzu eskainiz, zehazki, lehiakortasuna, enpresen kooperazioa, esperientzien trukaketa eta finantzaketa nahiz informazio iturrietarako sarbidea sustatzera bideratutakoak. Orobat, enpresen barneko ikaskuntza sustatzen du.

 Era berean, ekintzailetza kultura sustatzen du bai prestakuntzaren bidez, bai onarpen eta balorizazio sozialaren bidez –sariak, kasu–, bai eta hezkuntza arlora –unibertsitatera eta handik kanpokora– zuzendutako ekintza esperimentalen bidez ere. Ekintzailetza planak abiarazten ditu Gipuzkoako lurraldea garatzeko estrategikoak diren sektoreetan, “aukera berriak” detektatuz, horien biderarritasuna aztertuz, eta balio erantsia eta azkar hazteko gaitasuna eta/edo oinarri teknologikoa dituzten enpresa proiektuak babestuz, eta enpresen barneko ekintzailetza sustatzeko, besteak beste, “Merezi duten garrantzia eman behar diogu BIC Gipuzkoa bezalako eragileek egiten duten aholkularitza lanari. Laguntza ematen dute proiektuen hastapenetan, zailenak izan ohi diren une horietan, finkatu eta emaitzak ematen hasten diren arte”, adierazi du Lasak.

Foru bozeramailea baikor azaldu da Gipuzkoako ekonomiaren bilakaeraren aurrean, gogoraraziz, besteak beste BPGa %2,7 hazi dela aurtengo bigarren hiruhilekoan, aurreko urtearekin alderatuta, eta industri ekoizpenak balantze metatu positiboa eduki duela aurreneko aldiz aurten, uztaileko datu positiboak tarteko. Edonola ere, errepikatu du oraindik “asko” dagoela egiteko kalitatezko lanpostuak lortzeko bidean, eta horretarako ezinbestekotzat jo du hiru Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean jarraitzea,  ekintzailetza berritzailea eta oinarri teknologikoduna bultzatzeko dauden egiturak indartu ahal izateko, Oinarri Teknologikoko Enpresa Berrien proiektu berriak bultzatzeko dugun gaitasuna handituz.

Ibilgailu baten lagapena

Bestalde, Kontseiluak adostu du Hondarribia-Katsikas Errefuxiatuen aldeko Boluntario Elkarteari  lagatzea, elkarteak berak hala eskatuta, Gizarte Politiketako departamentuaren ibilgailu bat lagatzea, Greziako Polikastroko errefuxiatuen kanpalekuan erabiltzeko. Renault Megane ibilgailu hori -3748 CYC matrikuladuna-, erabileraz kanpo zegoena, elkartea kanpamenduan egiten ari den lanerako erabiliko da, osasun zentroetara pertsonak  eramateko eta errefuxiatuen artean janaria, arropa eta tresneria banatzeko, hain zuzen. Lasak gogorarazi duenez, aurretik Aldundiak beste bi ibilgailu laga zizkion Zaporeak GKEri, Eusko Jaurlaritzaren Renne Cassin sarea jasotakoari. Grezian batez beste egunean 1.000 janari razio banatzen ditu Zaporeak-ek: “Goraipatzekoa da Gipuzkoako elkarteak eta gizarte zibila drama honen aurrean ematen ari diren erantzuna”.

Kolore Guztiak

Azkenik, Kontseiluak erabaki du Kolore Guztiak Kulturarteko Elkartearen alde 6.180 eurko inbertsio gehigarria bideratzea. 2009az geroztik, Aldundia elkarlan hitzarmena dauka elkartearekin, urtero berritzen dena, gizarte arazoak dituzten gazteei zerbitzuak emateko, emantzipaziorako etxebizitzak eta gizarteratzeko laguntza programak eskainiz. Programa horretarako eskaeren hazkundea ikusita, gizarte hezitzaileen taldea indartuko da. Elkar-Ekin Gizarteratze Planaren barruan hartzen da neurria, planak jasotzen baitu departamentuaren helburuetako bat dela gaur egun gizarte entitateekin sinatuta dauden hitzarmenak eta kontratuak pixkanaka egokitzea, gizarte bazterketaren ondoriozko beharrei erantzuteko.

 

 

  

1552