Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea 825.00 euro sare sozio-ekonomikoa eskualdeko ikuspegiaren bidez berpizteko

825.00 euro sare sozio-ekonomikoa eskualdeko ikuspegiaren bidez berpizteko

Dirulaguntza deialdia garapen agentziei zuzentzen da, eta COVID-19 gaitzak sortu duen krisiaren ondorioei erantzutera egokitu da laguntza lerroa.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu ditu Gipuzkoako sare sozio-ekonomikoa eskualdeko ikuspegiaren ekarpenaren bidez berraktibatzeko programaren dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak. Deialdi horretara 825.000 euro bideratuko dira. Imanol Lasa, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak azaldu duenez, programa honen bidez eskualde mailako estrategiak, gaitasunak eta dinamikak bultzatuko dira eremu sozio-ekonomikoa berraktibatzeko, eskualdeko jarduera ekonomikoari, enpleguari, dimentsio lehiakorrari eta kohesio sozialari eusteko helburuarekin: “Hori inoiz baino erronka handiagoa da pandemiak eragindako krisiaren aurrean”.

          Lasa hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, Eider Mendoza foru bozeramailerekin batera, gaurko Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Dirulaguntza lerroari helduta, foru arduradunek azaldu dute erakunde onuradunak izango direla Gipuzkoako tokiko garapeneko eskualde agentziak, tokiko erakundeak, mankomunitateak eta beren eskualdean garapen agentziarik ez duten Gipuzkoako udalek osatutakoak. Zehazki, urteko deialdi hau egokitu egin da, hartara COVID-19ak sortutako krisiaren ondorioak minimizatzen eta suspertze sozio-ekonomikoa bultzatzen lagunduko duten prozesuak eta dinamikak sustatzen dituzten proiektuak lehenesteko, honako kasu hauetan: eskualdearen egoera aztertzea analisi estrategikorako tresnak erabiliz (PESTEL, AMIA); Eskualdeko Plan Estrategikoa eguneratzearen ondoriozko lan ildoak eta lehentasunak finkatzea; mapa sozio-ekonomiko bat egitea; eta eskualdeari jarduera ekonomikoen jasangarritasunerako behar diren baliabideak ekartzea.

Jarduketa horiek 2020ko martxoaren 14tik 2021eko apirilaren 30era bitarteko aldian egin beharko dira. Informazioa eta eskabide-inprimakiak eskuragarri egongo dira Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren web orrian. https://www.gipuzkoa.eus/es/web/ekonomia, eta eskaerak aurkeztu ahal izango dira dela http://sustapena.gipuzkoa.eus/kudeaketa webean, dela Foru Aldundiko erregistro elektronikoaren bidez (http://egoitza.gipuzkoa.eus).

“Azken finean, indarrak batzea da helburua, COVID-19ak ekarri dituen beharrak identifikatzeko, eta erakundeen eta eragile ekonomiko eta sozialen artean partekatutako irtenbideak abian jartzea, eskualde bakoitzaren berezitasunetatik abiatuta, bakoitzaren ahuleziak eta indarguneak kontuan hartuta, eta garapen orekatu eta iraunkorraren alde eginez, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren aldetik”, adierazi du Lasak. Horren ildotik, gaineratu du eskualdeak “ezinbesteko aliatuak” direla erronka horretan, “sarkortasunagatik, errealitatearen ezagutzagatik eta sare ekonomikoarekiko hurbiltasunagatik. Batez ere enpresa txiki eta ertainekiko eta autonomoekiko, krisiaren ondorioak gogor pairatzen ari baitira eta haiei laguntzea lehentasuna baita une honetan. Lankidetza gure indarguneetako bat izan da beti, eta egoera honetan gure iparrorratz izaten jarraitu behar du”. 

Horregatik, eta Ekonomia Sustatzeko Departamentuko oinarrizko deialdietan bezala, programa honen aurrekontu zuzkidurari eutsi zaio, eskualdeetako eragileei ere baliabideak errazteko; izan ere, epe laburrean ahaleginak egin behar izan dituzte krisiaren ondorioak arintzeko, eta horrek eragina izan du haien egoera ekonomikoan.

Diputatuak azpimarratu du eskualdeekiko lankidetza “iraunkorra” eta “emankorra” izaten ari dela. Horren ondorioz, martxoan sare ekonomikoari zuzendutako online plataforma bat jarri zen martxan, hartara eskura jartzeko COVID-19ak jarduera ekonomikoan eragindako kalteak arintzeko programei, laguntzei eta baliabideei buruzko informazio interesgarri guztia. Bertan, jarduera ekonomikorako eta enplegurako neurriei eta laguntzei buruzko informazioa ematen da, enpresa jardueraren erregimenaren arabera banatuta (partikular autonomoak eta enpresak), eta jarraibideak eta orientazioa lau eremutan ematen dira: lan osasuna, lan eremua, laguntza publikoak eta fiskalitatea. 15.000 kontsultatik gora jaso ditu jada.

Gainera, Aldundia Mondragon Unibertsitatearekin eta eskualdeko agentziekin batera aritu da lanean Berrabiarazi martxan jartzeko. Auto-hausnarketarako plataforma ireki bat da, enpresei, langileei, langileei edo profesional autonomoei eta autonomoei laguntzeko, funtsezko jarduerak identifika ditzaten epe laburrean dituzten erronkei erantzuteko. Tresnaren helburua da enpresari laguntzea epe laburrerako funtsezko elementuei buruz hausnartzen. Elementu horien zenbakizko balorazioak ez du azken puntuazio bat bilatzen, baizik eta enpresaren egoeraren eta erronken jakitun izatea. Bertan, helbide honen bidez sartu beharra dago: https://berrabiarazi.aplikazioak.gipuzkoa.eus/eu/diagnosian-izena-eman?emaitzak=3.   

 

EPEetako hautaketa frogak

Bestalde, gaur goizean berrekin dio Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan dituen Enplegu Publikoko Eskaintzako hautaketa probei, COVID-19 gaitzaren pandemiagatik prozesu guztiak geldirik izan ostean. Hain zuzen ere, gaur goizean Kursaalean egin da krisialdiaren osteko lehenengo azterketa: albaitari (4 plaza) eta psikologoen (6 plaza) bigarren hautaketa froga espezifikoa, hain zuzen ere. “Guztira 23 pertsona zeuden deituta froga egitera, eta prozesua normaltasun osoz burutu da”, adierazi du Mendoza bozeramaileak.

          “Dakizuen bezala, Gipuzkoako Foru Aldundia belaunaldi aldaketa prozesu bete-betean dagoen erakundea da. Datozen hamar urtetan, gure langileriaren erdiak erretiroa hartuko du”, gogoratu du. Azaldu duenez, erronka honi aurre egiteko lehen pauso bezala, Aldundiak 2018ko udazkenean inoizko Enplegu Publikoko Eskaintzarik handiena jarri zuen martxan: 330 plazako EPE masiboa. Deialdi horren zati baten (101 plaza) hautaketa probak urte hasieran egin ziren, baina COVID-19aren agerpenak prozesua eten zuen. “Urtarrilaren 15ean egin genuen deialdiko azterketa orokorra, eta urtarril amaieran eta otsail hasieran lehenengo froga espezifikoak. Orain, bigarren azterketa espezifikoen txanda da”, esan du.

          Egutegiari begiratuta, uztailean ere egingo dira azterketa gehiago. Horrela, uztailaren 2 eta 3an goi mailako teknikari itzultzaileen (2 plaza) azterketa egingo da, eta uztailaren 25ean berdintasuneko goi mailako teknikariena (4 plaza). “Gainerako deialdien datak, datozen asteetan joango dira argitaratzen”, argitu du Mendozak. Gaineratu duenez, “gure erakundea modernizatu eta transformatzea legealdi honetan daukagun erronka nagusietako da; hala dator jasotako gure Gobernu akordioan ere”. “Transformazio prozesu honen erdigunean pertsonak daude, pertsonak dira protagonista. Erronka bikoitza da: garaiek eskatzen dituzten profil berriak inkorporatzea eta erakundea uzten duten langileen ezagutza ez galtzea”, esan du. Azpimarratu duenez, prozesu honekin bilatzen dena da egungo herritarrek dituzten beharrei ahalik eta ondoen erantzuten jarraitzea, behar diren profil berriak inkorporatuz eta belaunaldi berriak erakarriz. “Aldi berean, EPE prozesu hauen bitartez Aldundiaren enplegu publikoaren egonkortasuna hobetu nahi dugu, bitartekotasun tasa murriztuz”, adierazi du.

Mendozak gogoratu duenez, Aldundia Gipuzkoako erakunde nagusia da eta, beraz, gizarte osoari eragiten dion aldaketa prozesu baten aurrean geundeke. “   Prozesu honek, ia gauza guztiak bezala, COVID-19 gaitzaren eragina zuzen zuzenean jasan du eta, ondorioz, hilabete batzuk atzeratu da. Hala ere, gure konpromisoa irmoa da eta prozesuak atzeraezinak dira, datozen aste eta hilabeteetan, ahal den neurrian, prozesuekin jarraituko dugu. Esku artean daukagun erronka, belaunaldi erreleboarena, ez da makala, eta bai ala bai egin beharreko prozesua da”, amaitu du.

 

LGTBI Harrotasunaren Eguna

Azkenik, datorren igandean, ekainak 28, LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta bere aldarrikapenak munduan osoan oihartzuna izatea lortu da, gizarte zibileko talde askok eta milaka eta milaka pertsonak abiarazitako hainbat ekintzari esker. “Ospakizun honek gogora ekartzen digu zenbat aurreratu dugun alor honetan; baina gogorarazten digu, baita ere, hainbat pertsonek beren genero-identitateagatik eta sexu-orientazioagatik oraindik ere zenbat eskubide-urraketa jasaten dituzten”, esan du Mendozak. Honen harira, erakunde adierazpena onartu du Diputatuen Kontseiluak.

Duela hilabete batzuk, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gehitu elkartearekin batera, LGTBI+ Populazioaren errealitateen diagnostikoa Gipuzkoan txostena plazaratu zuela gogoratu du bozeramaileak, eta han bildutako datuek adierazten dutenez, LGTBI+ identifikatzen diren pertsonek diskriminazioa sentitzen dute hainbat eremutan, eta esparru horietako batzuetan maiz jasaten dituzte diskriminazio egoerak. “Horregatik, Gipuzkoari buruzko azterlan honek adierazten digu, baita ere, oso egokia dela  aurtengo ekainaren 28rako hautatu den leloa: 2020, LTB emakumeak: Sororitatea eta feminismoa. Izan ere, LTB emakumeen errealitatea ia ikusezina da gurean ere, eta garaia dugu jasaten dituzten diskriminazioei arreta osoz begiratzeko”, gaineratu du.

Horregatik guztiagatik, 2020ko ekainaren 28ko LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egiten du honako aldarrikapenekin: berresten du pertsona guztiek beren sexu-orientazioa eta genero identitatea askatasunez aukeratzeko duten eskubidearen defentsa; berresten du lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualen giza eskubideak babesteko eta bermatzeko politika publikoak planteatzen jarraitzeko konpromisoa; konpromisoa hartzen du Aniztasunaren aldeko Bizikidetza Plana, LGTBI+ pertsonenganako diskriminazioa aintzat hartzen duena, bultzatzen jarraitzeko eta baita ere azterlan bat abian jartzeko, COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz LGTBI+ pertsonen aurka gertatu diren balizko eskubide-urraketak identifikatzeko eta gipuzkoarrei dei egiten die egun honetan parte har dezaten eta urte osoan, egunez egun, LGTBI+ pertsonen eskubideak babes ditzaten.

  

1619