Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea A-15 autobidea erabat itxiko da Berastegi eta Andoain artean

A-15 autobidea erabat itxiko da Berastegi eta Andoain artean

GI-636 errepideko lanak bide-adarrak ixtea ekarriko du asteburu osoan zehar

2021/06/04

A-15 autobidea erabat itxita egongo da asteburu honetan, Belabietako tuneleko obrak egin ahal izateko aurretiazko prestakuntza lanak direla eta. Tunelean estaldura sendotu eta instalazioak egokitzeko lanak egin behar dira eta, hauek modu seguruan egiteko, Iruñerako hodia itxiko da eta beste hoditik behin-behineko desbideratzea egingo da. Desbideratze  hori era seguruan egin ahal izateko beharrezkoa da A-15ean zirkulazioa erabat moztea 48 ordutan. Andoaingo noranzkoan Berastegiko lotunetik aurrera egingo da mozketa, eta, Iruñerako noranzkoan, berriz, Sorabillako (Andoain) lotunetik aurrera.

            Bi noranzkoetan egingo den mozketa hori ekainaren 4ko 22:00etatik ekainaren 6ko 22:00etara egingo da. Egin beharreko lanen artean egongo dira euspen hesi bat instalatzea eta tuneleko elementu guztien kontrol sistema aztertzea.  Era berean, ibilgailu astunek GI-2130 errepidetik (Tolosatik Lekunberrira doan errepidea) joatea debekatua izango dute. Hortaz, ibilgailu astunek N-I errepidea hartu beharko dute ordezko bide bezala.

A-15 autobidearen Andoaingo noranzkoan egingo den mozketak, erabiltzaileek beste ibilbide batzuk erabiltzea eragingo du: Nafarroatik Gipuzkoarako ibilbide luzeetarako, N-I errepidea gomendatuko da Altsasuraino, Irurtzunen A-10 autobidea hartuz (Sakanako autobia). Berastegi, Elduain edo Berrobi bezalako tokiko helmugetarako soilik, Andoaingo noranzkoan itxita egongo denez, A-15 autobideko erabiltzaileek Berastegiko lotunean bira egin ahal izango dute, GI-2130 errepidetik (Tolosa-Leitza) zirkulatuz helmugaraino.

Bestalde, Gipuzkoatik Nafarroara doazen gidariek,  ibilbide luzeetarako, N-I errepidetik jarraitu beharko dute, Gasteizerantz, Altsasuraino, eta A-10 errepidetik jarraitu (Sakanako autobia) Irurtzuneraino. Lekunberrira edo Leitzara doazenek, bere aldetik, GI-2135 errepidea (Tolosa-Lekunberri) Tolosan barrena erabili ahal izango dute. Mendoza bozeramaileak azpimarratu duenez, desbideratze guztiak behar bezala seinaleztatuta egongo dira.

 

GI-636 errepidean lanak

Gipuzkoako Foru Aldundiak GI-636 errepidean zorua birgaitzeko lanak egingo ditu asteburu osoan zehar. 1,680 eta 2,700 kilometro puntuen arteko zatian egingo da obra, Donostiarako noranzkoan, maiatzaren 21eko (ostirala) 21:00etatik maiatzaren 23ko (igandea) 21:30era.

Ekainaren 4ko (ostirala) 21:00etatik ekainaren 5eko (larunbata) 22:30era, eskuineko erreian eta GI-636 errepideko sarbideetan lan egingo da, eta ezkerreko erreia zirkulaziorako irekita egongo da, Donostiarako noranzkoan. Hori dela eta, itxita egongo da GI-636 errepidea, Donostiako noranzkoan, Kaputxinoen Gaineko kaletik, eta GI-636-2-2-E errepidea (Altamirako biribilgunearen irteera). Beraz, Lezotik Donostiarako noranzkoan GI-636 errepidera sartu nahi duten erabiltzaileek GI-636 errepidea hartu beharko dute Irungo noranzkoan, Altamirako biribilgunean, eta Larzabaleko biribilgunean noranzko aldaketa egin beharko dute. Errenteriatik Donostiarako noranzkoan GI-636 errepidera sartu nahi duten erabiltzaileek Las Mercedeseko biribilgunera sartu ahal izango dute eta Donostiarako noranzkoan GI-20 errepidearekin bat egin. Las Mercedes biribilgunetik GI-636 errepidera sartu ahal izango da Pasaiara, Molinaotik.

Ekainaren 5eko (larunbata) 22:30etik ekainaren 6ko (igandea) 22:00etara, Donostiarako noranzkoan GI-636 errepidearen ezkerreko erreian lan egingo da. Kaputxinoen Gaineko kaletik eta Altamirako biribilgunetik sartzen direnak zirkulaziorako irekita egongo dira. GI-636 errepidearen eskuineko erreitik Donostiarako noranzkoan doazen erabiltzaile guztiak Altamirako biribilgunetik desbideratuko dira, eta handik GI-636 errepidera joan ahal izango dira berriro, Donostiarako noranzkoan.

Ekainaren 6ko (igandea) 22: 00etatik aurrera, obretako behin-behineko seinaleak desmuntatuko dira, eta GI-636 errepideko Donostiarako zirkulazioa lehengoratuko da birgaitze-jarduketek eragindako bi erreietan.

  

3033