Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Abian da Eibarko Antzerki Jardunaldien 47. edizioa

Abian da Eibarko Antzerki Jardunaldien 47. edizioa

Antzerki Jardunaldiak otsailaren 14tik martxoaren 21era izango dira Coliseoan, Hezkuntza Esparruan eta baita kalean ere, hogei konpainia baino gehiagoren lanak ikusi ahal izango dira Euskadiko kultur erreferentzia bihurtu den ekimen honetan

2024/01/23
Eibar

Otsailaren 14an hasiko da Eibarko Antzerki Jardunaldi arrakastatsuen 47. edizioa eta martxoaren 21ean emango zaio amaiera. Jardunaldiak programa zabal batekin datoz betiko eszenatoki nagusietara: Coliseo antzokia eta Eibar-Ermua Unibertsitateko Hezkuntza Esparruko antzokia. Azken edizioan 7.000 pertsona inguru bildu ziren, eta bete egin zen antolatzaileek ezarritako helburua, berriz ere Eibarko herriarentzat kultur hitzordu honek duen garrantzia frogatu baitzen.

Aurtengo edizioa astearte honetan, urtarrilak 23, aurkeztu dute Eibarko udaletxean Jon Iraola alkateak, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak eta Andoni Zabala Kultura zinegotziak.

Izen handiko profesionalak izango dira berriz ere inaugurazio-ekitaldian.  Otsailaren 14an, 19.00etan, Anabel Alonso zuzendari eta aktoreak hitzaldia emango du Coliseoan, eta Irene Hernando aktore eibartarrak egingo du aurkezpena. Antzerkiak  egoera desberdinetara egokitzeko duen gaitasunari buruzkoa izango da solasaldia.  Hortik, izena: “Resilientes”. Izan ere, etengabe berrasmatzeko eta aldaketetara egokitzeko ariketa betea da antzerkia.  

Otsailaren 14ko solasaldiaren ondoren, hilaren 15ean, 19:00etan, La Celestina lana aurkeztuko da, Anabel Alonso bera protagonista duena, Antonio Castro Guijosaren zuzendaritzapean.

La Guerra de nuestros antepasados (drama), Carmelo Gómez eta Miguel Hermosorena, Nevenka María Goiricelaya zuzendariarena edo Almazenean (komedia), Begoña Bilabo Lejarzegi eta Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga aktoreena edizio honetako beste obra nabarmen batzuk dira.

Otsailean ikusi ahal izango diren beste lan batzuk hauexek dira:  Andereño  (umeentzako lana, euskaraz), Tómbola (Dantza – antzerkia), Poncia (Drama), Días estupendos (Tragikomedia), El jardín de las posibilidades (Drama), Gurpil Gainean (euskaraz, kale antzerkia) eta Esnearen kolorekoa (drama, euskaraz eta gaztelaniaz).

Martxoan: ¡Vamos, que nos vamos (komedia musikala), Edipo (drama), Almazenean (komedia, euskaraz eta gaztelaniaz), Mira hadi (antzerki dokumentala euskaraz), Bihar arte soilik (komedia  euskaraz),  N´Importe quoi (Clown), Proyecto Helen Keller (antzerki dokumentala), El viaje del monstruo Fiero, La sed del Minotauro (Tragikomedia), Aquí no paga nadie (komedia), Masustondoen patioa (tragikomedia, euskaraz eta gaztelaniaz) eta Badon (opera postdramatikoa euskaraz).

Guztira 22 konpainia pasatuko dira 2024ko Antzerki Jardunaldietatik. 25 emanaldi izango dira eta haietatik 8 euskaraz. Gainera, lan bat kalean eskainiko da.

Lekim Animazioak konpainia arduratuko da Eibarko kaleetan Antzerki Jardunaldien zabalkundea egiteaz. Aurtengo kartela Gorka Aizpurua Serrano eibartarrak diseinatu du.

Jon Iraola alkateak kultur hitzordu honek herriarentzat duen garrantzia azpimarratu du; horrez gain, kulturarekiko konpromisoaren erakusle ere badela adierazi du. “47 dira dagoeneko gure herrian egin diren antzerki-jardunaldiak; gure ondarearen parte dira eta babesa ematen jarraituko dugu. Antzerkia tresna hezitzaile bat da, gure pentsamendu kritikoa eta enpatia pizten laguntzen duena. Elkarrizketa kulturala sustatu nahi dugu, parte-hartzea... Azken batean, Eibar erreferente kulturala izaten jarraitzea nahi dugu”.

Goizane Álvarez Irijoa Kultura diputatuak adierazi duenez, "Eibarko Antzerki Jardunaldiak Gipuzkoako arte eszenikoen bizitasunaren adibide garbia dira. Aurkeztuko diren obren aniztasuna eta kalitatea gure antzerki-panoramaren aberastasunaren eta sormenaren lekuko dira. Guztiak animatzen ditut antzerkiaren magian murgiltzera eta jardunaldi hauek emozioak piztera eta antzerkiarekiko dugun konpromisoa indartzera. Eskerrak eman nahi dizkiet parte-hartzaile, artista, antolatzaile eta ikusle guztiei Eibarko Antzerki Jardunaldiak kultur ekitaldi paregabe bihurtzen laguntzeagatik. Jarrai dezagun elkarlanean eta elkarrekin eraikitzen etorkizun zirraragarri bat Gipuzkoako arte eszenikoentzat”.

AURRETIAZKO SALMENTA

Antzerki Jardunaldietarako sarreren salmenta urtarrilaren 27an hasiko da, bai aurrez aurre Coliseo antzokian, bai modu birtualean. Sarrerak modu presentzialean erosteko aurretiazko hitzordua hartu beharko da hilaren 25ean eta 26ean. Eta modu birtualean www.kutxabank.es webgunean eskuratu ahalko dira.

Halaber, funtzioak baino ordubete lehenago erosi ahalko dira sarrerak Coliseoaren leihatilan bertan.

DESKONTUAK

Aplikatuko diren deskontuak hauxek izango dira:

  • Coliseoaren Laguna txartela dutenentzat, 5 eurotik gorako prezioetarako: Tarifa normala, 15 euro (Coliseoaren Laguna txartelarekin, 10,50 euro) eta 12 euro (8,50 Coliseoaren Laguna txartelarekin).
  • Coliseoaren Laguna txartela erakutsi beharko da sarreran.

  

1451