Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Abian da ‘Ideiak 2023’ deialdia, mugaz gaindiko partaidetzazko proiektu berriak sustatzeko

Abian da ‘Ideiak 2023’ deialdia, mugaz gaindiko partaidetzazko proiektu berriak sustatzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako departamenduak 300.000 euroko aurrekontua jarriko dute egitasmo parte-hartzaileak garatzeko helburuarekin.

Deialdiaren irudia

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Departamentu Kontseiluak bi lurraldeen arteko loturak estutzea xede duten proiektuak garatzera bultzatu nahi dituzte herritarrak Ideiak 2023 ekimenaren deialdi berriaren bitartez. Aurten ere, bi erakundeek 300.000 euro jarriko dituzte bi lurraldeetako elkarte ala norbanakoek taldean aurkeztutako proiektu berrien garapenerako. Erakunde bakoitzak 150.000 euro jarriko ditu eta dagokion lurraldean egingo dio jarraipena proiektuari. Gehienez ere, onartutako proposamen bakoitzak 20.000 euroko diru-laguntza jasoko du.


Epeei dagokienez, proposamenak uztailaren 9ra bitartean aurkez daitezke www.gipuzkoa64.eu helbidean eta webgune honetan ere aurki daitezke xehetasun guztiak. Berrikuntza gisa, edizio honetako baldintza izango da aurkeztutako proiektuek bi lurraldeetako sustatzaileak izan behar dituztela taldean. 
Ideiak egitasmoa 2022an abiatu zen eta lehen deialdi horri esker, mugaz gaindiko 8 ekimenek jaso dute jada bultzada ekonomikoa gure lurraldean. Besteak beste, Bidasoa Bizikletan proiektuak,  Larrun École ikastetxean Lehen Hezkuntza irekitzea eta dagokion hizkuntza-proiektua garatzeko proiektuak ala Euskadi osoan eta Akitania Berrian lan egiten duten gizarte-izaerako zenbait elkarteren arteko lankidetzaren bidez bi lurraldeen arteko igarobidean  dauden migratzaileen bizipenak jasotzeko Ahotsak proposamenak izan ziren hautatuak iazko deialdian. Bi lurraldeetako 3.544 pertsonak hartu zuten parte aurreko aldian, gipuzkoarrak 1.542.

Epeak eta oinarriak
Gipuzkoan biziz gero, 16 urtetik gorako edozein herritar, bakarka nahiz taldean, aurkez daiteke deialdira eta baita irabazi asmorik gabeko herritarren erakundeak ere, edozein dela ere haien forma juridikoa eta izaera, baldin eta interes kolektiboak defendatzea badute helburu. Gipuzkoa64.eu webgunean aurki daitekeen informazioaz gain, ekainaren 20an, 15:30ean, Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz Gunean (Gipuzkoa Plaza z/g - 20004 Donostia) aurkezpen orokorra egingo da, interesa duen pertsona orori irekia. Teams bidez ere jarraitu ahal izango da saioa, aurrez izena emanez gero. Horretarako, ekitaldia behar bezala antolatu ahal izateko, parte hartuko duten pertsonei eskatzen zaie mezu elektroniko bat bidal dezatela partaidetza@gipuzkoa.eus helbidera, «Mugaz gaindiko aurrekontu parte-hartzaileak» deialdiari erreferentzia eginez gaian eta Guneara zenbat pertsona joango diren adieraziz, edo, hala badagokio, helbide elektroniko bat emanez Teams-eko saioaren esteka jasotzeko. 
 

  

2107