Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Abian da jada Gipuzkoako Aniztasun Sarea, diskriminaziorik ezaren alde

Abian da jada Gipuzkoako Aniztasun Sarea, diskriminaziorik ezaren alde

II. Aniztasuneko Foru Planaren esparruan, jauzi bat eman da gizarte-ehunarekiko lankidetzan, eta sare berean biltzen ditu aniztasunaren alde lan egiten duten 24 erakunde.

Ion Gambra Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusia

Ion Gambra Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusia


Martxoaren 1eko Zero Diskriminazioaren Egunarekin bat etorriz, Victoria Eugeniako Club aretoan Gipuzkoako Aniztasun Sarearen aurkezpen-ekitaldia egin da. Sare hori Gipuzkoako 24 erakunde sozialek parte hartzen duten lan-espazio bat da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Zuzendaritzak sustatzen du. Sarea osatzen duten erakunde eta elkarte guztiek helburu bera dute: pertsona guztien eskubide-berdintasuna eta diskriminaziorik eza lortzea. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak bere hitzaldian azpimarratu duenez, “Gipuzkoa anitz bat Gipuzkoa sendo baten sinonimo da”, eta Aniztasun Sarea pertsona guztien erabateko garapenerako aukera berberak bermatzeko egiten ari den lana aldeztu du.

II. Aniztasuneko Foru Planaren barruan sortutako lantalde bat da, eta modu parte-hartzaile eta irekian lan egiten du Gipuzkoan giza eskubideen errespetuan oinarritutako aniztasunaren ikuspegia sustatzeko. Bere jarduerak lurraldean dauden mota guztietako aniztasunei erantzutera bideratuta daude, eta, aldi berean, Sareak 2030 Agendaren helburuak lortzen lagundu nahi du, inor atzean utzi gabe.

Helburu horiek lortzeko, ezinbestekoa da modu partekatuan lan egitea. “Elkarlaneko gobernantza funtsezkoa da aniztasunari heltzeko, eta Sareak hori gauzatzeko aukera ematen du”, diputatu nagusiak adierazi duenez. Gainera, gogorarazi du Aniztasunaren Sarea Hazia izeneko talde eragile batek eta Elkarbizi sareak osatzen dutela. Elkarbizi Gipuzkoako hainbat udalerritako profesional teknikoez osatuta dago. “Foro horiek sortzea jauzi handia da, aniztasunak ordezkatzen dituzten elkarte eta erakundeen arteko lankidetzarako gune bat izatea ahalbidetzen duelako. Parte hartzeko eta entzuteko espazio ireki batek, aholkularitzarako, kontrasterako eta proposamenerako gaitasunarekin”, zehaztu du.

Bestalde, diputatu nagusiak Giza Eskubideekiko eta diskriminaziorik ezarekiko konpromisoari eustera animatu ditu herritarrak, baita Europan zein Estatuan dauden korronte ideologiko batzuek planteatzen dituzten faltsutze eta eztabaida arrazista, homofobo eta matxisten aurrean erne ez egotera ere. Esan duenez, “lurralde irekia eta modernoa gara, baina erne jarraitu behar dugu gure gizartearen ezaugarri diren bizikidetza, kohesioa eta elkartasuna desagerrarazi nahi dituzten diskurtso populistak desaktibatzeko. Horrela bakarrik lortuko dugu Gipuzkoa izatea Europan desberdintasun sozial gutxien duen lurraldeetako bat”.

Ildo horretan, komunitatea indartzea funtsezkoa da diskriminaziorik gabeko lurralde bat lortzeko: “Izaera komunitarioa indartzeak eta bizikidetzan sakontzeak oinarri sendoak

ezartzen dituzte gure gaitasunak eta gure indar soziala aktibatzeko. Horrela bakarrik izango gara gai pertsona guztien eskubide-berdintasuna bermatzeko eta gizarte-desberdintasunei aurre egiteko”, nabarmendu du Olanok, eta, aldi berean, eskerrak eman ditu erakunde eta talde guztiak ildo horretan egiten ari diren lanagatik.

Ion Gambra Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendariak nabarmendu du oso garrantzitsua dela gizarte zibilak eta antolatuak parte hartzea aniztasuna eta eskubide-berdintasuna sustatzeko politika publikoak eta plangintzak eraikitzen. “Hainbat ikuspegi eta sentsibilitate batu nahi ditugu, eta, horregatik, Gipuzkoako elkarte-sarean metatutako ezagutza eta esperientzia txertatu nahi izan ditugu”, esan du.

Gaurko aurkezpenak erakunde sozialetako ordezkariak bildu ditu, Maitena Salinas aktore eta aurkezleak gidatu du, eta Iñaki Salvador eta Ainara Ortega musikarien parte-hartzea izan du. Besteak beste, ZASek, Euskadiko zurrumurruen aurkako sareak, antolatutako lehiaketan irabazle izan diren mikro-antzerkientzako sariak banatu dira. Lan irabazleak izan dira Educarnos para educar, Nilda B. Diarte Aguilerarena, eta La Cafetera, Mikel Fernandino Hernándezena.

  

3008