Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Abian da LIFE OREKA MENDIAN proiektua, mendiko larreen kudeaketarako

Abian da LIFE OREKA MENDIAN proiektua, mendiko larreen kudeaketarako

Euskal erakundeek indarrak batu dituzte kontserbazioaren eta ustiapen sozioekonomikoaren arteko oreka iraunkorra lortzeko gune natural babestuetan

Life Oreka Mendian aurkezpena.

Gaur goizean abiarazi da modu ofizialean LIFE OREKA MENDIAN proiektua. Europar Batasunarekin batera finantzatu eta Eusko Jaurlaritzak HAZI fundazioaren bitartez zuzendutako proiektua da, eta bertako partaide dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak eta Ihobe eta Neiker Tecnalia sozietate publikoak.  Erakunde horiekin bat egiten dute Euromontana elkarteak eta Iparraldeko Euskal Herriko Laborantza Ganbara eta Conservatoire d’Espaces Naturels d’Aquitaine erakundeek. Bazkide ugari, helburu anbiziotsua lortzeko: estrategia bateratua garatzea Natura 2000 lekuetan dauden mendiko larreak kudeatzeko, kontserbazio interesen eta mendiak erabiltzen dituztenen interesen arteko oreka bilatuta.

Erakunde horien guztien ordezkariak, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari Ikerne Zuluagak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaria Arantxa Ariztimuñok gidatuta, Pagoetako Parke Naturalean elkartu dira proiektua aurkezteko. Den-denek bat etorri dira proiektuaren izaera estrategikoa azpimarratzearekin; izan ere, mendiko larreak dira Europan gehien mehatxatuta dauden guneetakoak, batez ere, artzaintzarako erabiltzeari utzi diotelako. 
Ez erabiltze horrek ekarri du Euskadin abeltzaintza estentsiborako erabili izan ohi diren habitat naturalak gaizki kontserbatuta egotea gaur egun zenbait lekutan: sasiak hazi dira, espezi inbaditzaileak ezarri dira, sute arriskua handiagoa da…

Egoera horren aurrean, LIFE OREKA MENDIAN proiektuak gune horien kontserbaziorako estrategia bat garatu nahi du, naturak eta gizakien erabilerek bat eginda leku zoragarriak eratu baitira bertan. Abiapuntua izango da larreen erabilera tradizionala mantentzea, eta saiatuko da gune horiek eskaintzen duten bazkaren eta abeltzainek eskatzen dituzten erabileren arteko oreka lortzea. Horretarako, jabeak, erabiltzaileak, gune naturalen kudeatzaileak, adituak eta tokiko agenteak inplikatuko dira mendiko larreen kudeaketa bateratuan eta iraunkorrean.

Mendiko larreak dira Europan gehien mehatxatuta dauden guneetakoak, batez ere, artzaintzarako erabiltzeari utzi diotelako. 
Ez erabiltze horrek ekarri du Euskadin abeltzaintza estentsiborako erabili izan ohi diren habitat natural batzuk gaizki kontserbatuta egotea zenbait lekutan: sasiak hazi dira, espezi inbaditzaileak ezarri dira, sute arriskua handiagoa da…

Habitaten mosaiko dinamikoa

Larreak habitaten mosaiko dinamiko batez osatuta daude; oso habitat heterogeneoak dira, baina elkarren menpe daude, eta gehienak erkidegoaren interesekoak dira. Gainera, oso kalteberak diren eta biodibertsitaterako balio handia duten espezie ugari hartzen dute bere baitan. Horregatik, Kontserbazio Bereziko Eremuen kudeaketa planetan premiazkotzat jotzen da “larreen planak” idaztea, haien degradazioa ekiditeko neurri gisa.

Proiektu honek klima aldaketarekin zuzeneko loturarik eduki ez arren, FAOren txostenen arabera larreek sekulako ahalmena dute klima aldaketa arintzeko eta ahalmen hori ustiatu gabe dago, kalkuluen arabera mundu mailan dagoen lurreko karbonoaren %30 larretan pilatzen da. Baina horiek ere aldaketa horiekiko kalteberak dira. Arriskuan dauden mendialdeetan, aldaketak gehiago ikusten dira; beraz, beharrezkoak dira gune horiek leheneratzeko eta babesteko jarduketak.

Hala, OREKA MENDIAN proiektuaren bitartez, degradatutako larreko habitaten 1.706 hektarea leheneratuko dira sasiak kontrolatuz eta abeltzainen erabilerak planifikatuz: artzaintzarako gutxi erabilitako aldeak gehiago aprobetxatuko dira, eta arrisku handieneko guneak eta higatzeko arriskua dutenak, berriz, gutxiago. Mehatxatutako flora berreskuratzeko eta espezie inbaditzaileak desagerrarazteko ere egingo da lan.

Proiektuaren azken emaitza gisa, mendiko larreen kudeaketarako praktika onen eskuliburua egingo da, ingurune horien iraunkortasuna bultzatzeko oinarri izango baitira.

Jardute eremua

LIFE proiektu honetan asmoa da mendiko larreak kudeatzeko esparru komuna ezartzea, Natura 2000 Sarearen koherentzia indartzeko. Pirinioen alde bietako eta Euromontanako bazkideak barruan egoteak aukera ematen du sinergiak bilatzeko, esperientziak batzeko eta Europan kalteak eragiten ari den arazo bat kudeatzeko irizpideak ezartzeko.
Euskadin, Proiektuaren ekintzak Natura 2000 Sareko 15 lekutan egingo dira:  Armañon, Ordunte, Urkiola, Gorbeia, Izki, Aizkorri-Aratz, Jaizkibel, Aiako Harria, Pagoeta, Hernio-Gazume, Aralar, Izarraitz, Entzia, Arkamo-Gibijo-Arrastaria eta Toloño-Kantabriako mendilerroa.

Gainera, Iparraldeko 8 KBEtan (Basabürüko mendiak, Mondarraingo eta Artzamendiko mendigunea , Pic des Escalierseko mendiak, Larruneko eta Xoldokogaineko mendigunea, Donibane Garaziko mendiak, Iratiko basoa, Arballetako mendigunea, Aldudeko mendiak), mendiko larreak kontserbatzeko ekintzen jarraipena koordinatuko da.

  

1701