Adegik eta Aldundiak enpresen jarduera indartzeko konpromisoa berretsi dute, susperraldi ekonomikoa bizkortzeko
Adegik eta Aldundiak enpresen jarduera indartzeko konpromisoa berretsi dute, susperraldi ekonomikoa bizkortzeko
Adegik eta Aldundiak enpresen jarduera indartzeko konpromisoa berretsi dute, susperraldi ekonomikoa bizkortzeko
Lan topaketa bat egin dute, eta bertan partekatu dituzte suspertzeko foru plana, Europako funtsak kudeatzeko prozesua eta egungo egoera.
Foru Aldundiak eta Adegi Gipuzkoako Enpresen Elkarteak lan-topaketa bat izan dute gaur. Bertan, egungo egoera ekonomikoari eta enpresa jarduera indartzeko eta COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko garatzen ari diren ekintzei buruzko diagnostiko bat partekatu dute. Eduardo Junkera presidenteak eta Jose Miguel Ayerza zuzendari nagusiak Markel Olano diputatu nagusia eta Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañaga hartu dituzte elkartearen egoitzan. Bileran, lankidetzan sakontzeko konpromisoa azpimarratu dute bi eragileek, krisiak ekoizpen ehunean duen eragina murrizteko, eta ehun horren etorkizuneko eraldaketa errazteko, susperraldia bizkortzeko giltzarritzat jo baitute.
Olanok bilera kokatu du Aldundia lurraldearen arlo ekonomikoko eragile garrantzitsuekin burutzen ari den kontatuetan, hartara aurrekontuen proiektuaren berri emateko (onartzeko prozesuan dago) eta 2021eko ekonomia suspertzeko planari buruzko ekarpenak jasotzeko. Foru erakundeak plan hori garatzen dihardu, "egungo krisiari aurre egiteko euskarri" gisa. Egitasmo horrek sektore ekonomiko guztiak hartuko ditu, eta datozen hilabeteetan ezagutzera emango da.
Europako funtsen kudeaketa prozesua ere mahai gainean egon da, bai Euskadi Next berreskuratzeko, eraldatzeko eta erresilientziarako inbertsio programarena (Gipuzkoako 66 proiektu espezifiko barne hartzen ditu), zeinekin 1.001,1 milioi euro jaso nahi dituen Europako Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismotik, bai enpresek beraiek aurkez ditzaketen proiektuena. Era berean, Aldundiak eta Adegik lurraldeko egoera ekonomikoa eta enpleguaren egoera aztertu dituzte, azken seihilekoko datuak kontuan hartuta. Datu horien arabera, langabezia-tasa % 9,4 da, eta 11.600 pertsona zeuden aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean (ERTE) joan den urtearen amaieran.
Adegik foru arduradunei jakinarazi die, besteak beste, pandemia kontrolatzeko hartutako neurrien ondorioz jarduera ekonomikoaren murrizketek zuzenean eragiten dieten sektore eta enpresei lagundu behar zaiela. "Guztion artean eutsi behar diogu lurraldeko ekoizpen sareari, inor atzean utzi gabe; izan ere, Gipuzkoan lan egiten duten pertsonen % 85i ematen die lana, eta horien esku dago Gipuzkoako milaka familiaren ongizatea", adierazi du Junkerak.
Diputatu nagusiak Gipuzkoako enpresa sarea "ahalegin handia" egiten ari dela nabarmendu du, "jarduera ekonomikoari eta enpleguari oso egoera zailetan eusteko, baina baita lehiakortasuna hobetzeko eta etorkizuna finkatzeko ere, berrikuntzaren, nazioartekotzearen edo jardueraren dibertsifikazioaren aldeko apustua eginez". "Krisi sozio-sanitarioari" aurre egiteaz gain, Olanok "susperraldi ekonomikoa" eta "pandemia ondoko eszenarioaren eraikuntza" lehenetsi ditu, Gipuzkoaren etorkizuneko ekonomia egituratuko duten proiektu estrategikoen eskutik: "Erronka horri aurre egingo diogu gure indar guztiekin, enpresen, eragileen eta herritarren eskutik". "
Horretarako, Ekonomia Sustapeneko Departamentuaren aurrekontuak % 39ko igoera izango du, guztira 115 milioi euroko zuzkidurarekin, eta ekonomia suspertzea izango da lan arlo nagusia. “Aurrekontu zuzkidurari dagokionez, ekonomia eremua bigarren departamentutzat dugu, gizarte politiken ondoren, eta horrek agerian uzten du zein diren gure lehentasunak". Nabarmendu duenez, "gure produkzio jarduera blindatzea eta indartzea gakoa da gure eredu sozioekonomikoaren etorkizuna bermatzeko. Gure enpresen eta gure enpresa ereduaren aurrerapena gizarte oparo, aurreratu eta justizian oinarritutako baten oinarria da, eta, beraz, gu gertu izango gaituzte".
Bestalde, Next Generation "aukera bat, erronka bat eta ardura bat" dela azpimarratu du Junkerak. “Europak eskaintzen dituen baliabideak baliatu behar ditugu ekonomiaren susperraldiaren oinarriak ezartzeko, eta beharrezkoa den eraldaketa energetiko, ekologiko eta digitalaren oinarriak ezartzeko. Eraldaketa hori –erantsi du- arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren eta kalitatezko enpresa-proiektuen bultzadaren eskutik etorriko da. Ildo horretan, gai izan behar dugu funts horiek enpresetara bideratzeko, baita txikietara ere, beren digitalizazio-prozesuak, produkzio-baliabideen modernizazioa eta lehiakortasuna indartzen jarrai dezaten".
2946