Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea ADINBERRIk 200 pertsonaren aurrean aurkeztu du, zahartzearen lanketa berritzailearen arloan Gipuzkoa “erreferente” gisa kokatzeko Berrikuntzarako Agenda Estrategiko berria

ADINBERRIk 200 pertsonaren aurrean aurkeztu du, zahartzearen lanketa berritzailearen arloan Gipuzkoa “erreferente” gisa kokatzeko Berrikuntzarako Agenda Estrategiko berria

• Diputatua Maite Peñak EHUko Udako Ikastaroetan nabarmendu duenez “helburua, pertsonen parte-hartze aktiboan, erakundeen arteko lankidetzan eta erabiltzaileen, familien eta profesionalen ongizate integralean oinarritutako eta pertsonei egokitutako zainketa-eredua sustatzea da”.

Gipuzkoako Foru Aldundia

ADINBERRIk gaur aurkeztu du, 200 pertsona ingururen aurrean, Gipuzkoa berrikuntza sozial, soziosanitario, teknologiko eta enpresarialaren bidez zahartze osasungarriaren esparruan erreferentziazko lurralde gisa kokatzeko bide-orria izango den Berrikuntzarako 2024-27 Agenda Estrategiko berria. Gipuzkoako Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako Departamentuari atxikita dagoen Fundazioak, ‘ADINBERRI-SIA’ izeneko jardunaldia egin du, EHUren Udako Ikastaroen barruan, Donostiako Miramar Jauregian.

ADINBERRIk antolatutako Udako lehenbiziko Ikastaroan aurkeztu da diseinuan ekosistemaren zati handiak parte hartu duen dokumentu hau, Fundazioak hedatu duen eta Etorkizuna Eraikiz izenekoan dagoen gobernantza-ereduaren erakusgarri. Sailaren 20-30 Agenda osatzen duen eta Aldundiaren Plan Estrategiko berriarekin ezin hobeto lerrokatzen den Agenda Estrategiko berri horrek garai helduenetan beste itxaropen eta kezka batzuk dituzten eta zahartzaroa ikusten duten belaunaldi berrien aurrean gizarteak aurre egin beharreko bizitza luzeagoaren paradigma berriari erantzuten dio.

Dokumentuaren helburua, pertsonak gehiago bizitzeaz gain, zentzuzko bizi-proiektu osoekin hobeto bizitzea da. Zaintza eta Gizarte Politiketako Departamentutik, Maite Peña diputatuak adierazi duenez “uste dugu gure arreta-eredua pertsonei egokitu behar zaiela, ez alderantziz. Horretarako, zerbitzuak erabiltzen dituztenei modu aktiboan entzun behar zaie, eta zerbitzuak haien beharretara egokitu behar dira”.

Hori lortzeko, jarraitu du diputatuak, “gizarte-zerbitzuen kudeaketan berritu behar dugu, parte hartzeko espazioak sortuz, erabiltzaileek eta haien familiek beren lehentasunak adieraz ditzaten. Gainera, funtsezkoa da bai senideak bai haiek zaintzen dituzten profesionalak zaintzea, eta erakundeen, organizazioen, enpresen eta unibertsitateen arteko lankidetza sustatzea”.

Laburbilduz, Maite Peñak azpimarratu duenez, “komunitatean zaintzea eta eremu komunitarioak indartzea da helburua, pertsonak ardatz dituen zaintza-eredu jasangarrirantz aurrera egiteko. Zaintza integrala izan dadila”.

Testuinguru horretan, prebentzio-ikuspegia funtsezkoa da hauskortasunaren eta mendekotasunaren agerpena atzeratzeko eta moteltzeko, eta, beraz, hori da Berrikuntzarako Agenda Estrategiko berri horren 1. erronka. Agenda horrek pertsonen ongizate integrala sustatzen du, bizi-ohitura osasungarriak bultzatuz, adinekoen gaitasun funtzionala zainduz eta sustatuz eta nahi ez diren bakardadeei aurrea hartuz eta horiei helduz.

Era berean, Fundazioak AAS (Adimen Aurreratuko Sistema) jarri du balioan. Tresna hori ekosistemaren eta herritarren eskura dago, eta bertan zahartzearen arloko azken joerak eta azterlan berritzaileenak kontsulta daitezke, toki, estatu zein nazioarte mailakoak. Fundazioa azken 4 urteetan garatzen ari den ezagutza espezializatuko tresna horrek biztanleria nola zahartuko den azaltzen duen agertoki erreala marrazten du. Horri esker, mundu mailako zahartzeari buruzko datu interesgarriak bildu eta azter daitezke, etorkizuneko egoerei aurrea hartzeko eta, horrela, bai politika publikoetarako, bai lurraldeko estrategietarako erabakiak hartu ahal izateko.

Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatua protagonista izan den ikastaroaren irekieraren ondoren, Rakel San Sebastian ADINBERRIko zuzendariak adierazi duenez dokumentu berri horrek “begirada etiko eta humanista du, ekintza komunitarioa sustatzen du eta bizimodu eta ingurune osasungarriak bultzatzen ditu, adinekoen autonomia, gaitasun funtzionala eta ongizate integrala ahalik eta gehien zaintzeko”. “Era berean, ADINBERRIn profesionalen kualifikazioa bultzatzen jarraituko dugu, profil berriak sustatuko ditugu, eta gure ekosistemari eta lurraldeari bizitza luzearen aukera ekonomikoak eta enplegua sortzeko aukerak aprobetxatzen lagunduko diegu”, adierazi du.

Programa osoa

Berrikuntzako 2024-2027 Agenda Estrategikoaz gain, udako ikastaro honetan hauskortasunaren eta mendekotasunaren prebentzioa sustatzeari eta pertsonen ongizate integrala sustatzeko bizi-ohitura osasungarriak bultzatzeari buruzko hainbat elkarrizketa egin dira. Topaketa horietan, ADINBERRIk ekosistemako eragileekin batera alor horretan sustatutako hainbat proiektu aurkeztu dira.

Ildo horretan, ‘Hauskortasunaren lanketa arreta-praktikan’ izeneko lehen elkarrizketan, Itziar Vergara Osasun Ikerketako BioGipuzkoa Institutuko zuzendari zientifikoak eta Ivan Anton Eibarko Ospitaleko Geriatriako mediku laguntzaileak hartu dute parte. ‘Hauskortasun kognitiboaren prebentzioa’ gaiari buruzko bigarrenean, Mirian Ecay CITA Alzheimer-eko Osasunaren Psikologiako doktorea eta Laura Moreno neuropsikologoa izan dira protagonistak. ‘Nahi gabeko bakardadea eta gizarte-harremanak’ izeneko hirugarrenean, berriz, Javier Yanguas La Caixa Gizarte Ekintzako Adinekoen Programako zuzendari zientifiko eta gerontologoak eta Laura Coll Vic-eko Unibertsitateko Gizarte Zientzien eta Komunitate Osasun Saileko irakasleak hartu dute parte.

Akademikoagoa eta ebidentzia zientifiko gehiagokoa izan den ikuspegi horren ondoren, ‘Berrikuntzarako Agenda Estrategikoaren 1. erronkari erantzuten dioten soluzio berritzaileak’ izeneko mahai-ingurua egin da. Bertan, José Luis Zugaza Achucarro Basque Center for Neuroscience-ko ikertzaile nagusia zahartze osasungarrirako eragin handiko inguruneei buruz mintzatu da; Olatz Irulegi EHUko Arkitektura Departamentuko zuzendaria, pertsonen ongizatearen zerbitzura dauden espazioen eraldaketari buruz; Maialen Alkorta Athlon-eko SOAF zerbitzuko koordinatzailea, jarduera fisikorako orientazio-zerbitzuari buruz; Adriana Martínez Aptes elkarteko zuzendaria, zahartzaroan bizitza osoa lortzeko BIBE proiektu esperimentalari buruz; eta, azkenik, Patricia García Ayesa Ibermáticako project managerra, telelaguntza prediktiboko proiektuari buruz aritu da.

  

3487