Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Adinberrik beste 16 proiektu berritzaile bultzatu ditu

Foto Adinberrik beste 16 proiektu berritzaile bultzatu ditu

Adinberrik beste 16 proiektu berritzaile bultzatu ditu

Diputatu nagusiak lan jardunaldi batean hartu du parte ekimen hauen sustatzaileekin.

Adinberrik beste 16 proiektu berritzaile bultzatu ditu

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, gaur, funtsezko bi elementu aipatu ditu Gipuzkoak biztanleriaren zahartzeak dakarren erronkari eman beharreko erantzuna eraikitzeko: komunitatea eta berrikuntza. "Lehen mailako erronka da gure lurraldearentzat, eta erronka horri aurre egiten ari gara jada, Adinberri zahartze osasuntsuaren estrategiaren bidez», nabarmendu du diputatu nagusiak.  Azpimarratu duenez, proiektu hori "eraldatzen" ari da Gipuzkoak erronka horri aurre egiteko modua: "Lurraldea aktibatu du, hirugarren sektoreari lotutako eragileetatik hasi eta ezagutzaren eta berrikuntzaren esparrukoetaraino, guztiok konponbideak bilatzeko konpromisoa hartuz. Guztion artean pertsona adinduak eta mendekotasun egoeran daudenei ematen diogun arreta eraldatzen ari gara eta, aldi berean, sektore ekonomiko berria eta kalitatezko enplegua bultzatzen".

            Diputatu nagusiak topaketa batean parte hartu du gaur; bertan, Adinberri dirulaguntzen bigarren deialdiaren esparruan, datorren urtean zahartze osasungarrian, sistema soziosanitarioaren bikaintasunean eta arlo horretako industriaren lehiakortasunean eragina izan dezaketen proiektu berritzaileak garatuko dituzten eragileekin bildu da. Ekitaldia Etorkizuna Eraikiz Gunean egin da, eta ekimen horien atzean dauden enpresen eta elkarteen ordezkariak bildu dira bertan. Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatua, Ainhoa Aizpuru Proiektu Estrategikoetako foru diputatua eta Rakel San Sebastian Adinberriko zuzendaria ere bertan izan dira.

Adinberriren dirulaguntza lerro horrek milioi bat euro ditu, eta, hari esker, 2020an 16 proiektu finantzatuko dira. Proiektu horien guztien ezaugarri komuna da, diputatu nagusiak azpimarratu duenez, esperimentazioa eta izaera pilotua. Olanok gogorarazi duenez, Gipuzkoa erreferentziazko lurraldea da berrikuntzaren alorrean; izan ere, azken datuen arabera (2018), I+G arloko inbertsioa, BPGarekiko, autonomia erkidegoaren batez bestekoaren gainetik dago, baita Europako batez bestekoaren gainetik ere. "Gipuzkoako potentzial berritzailea zahartze osasuntsuaren zerbitzura jartzeko helburuarekin abiatu zen Adinberri, eta hori da, hain zuzen ere, laguntza lerro honen helburua", defendatu du diputatu nagusiak.

Dirulaguntza lerro honen bigarren edizioa da; izan ere, aurrekoa 2018ko ekainetik 2019ko urrira bitartean garatu zen, eta aukera eman zuen 15 proiektu garatzeko, bizi-luzetasunerako, zaintzarako eta arretarako etxe eremuetan zentratuta. Olanok oso balorazio positiboa egin du esperientzia hartaz, "esperimentazioaren alde egiteak zahartze osasuntsuari lotutako ezagutza aurreratua lortzeko aukera ematen baitigu". "Horregatik, 2020an formula horren aldeko apustua egingo dugu berriro, eragile gehiago inplikatuz biztanleriaren zahartzearen erronkari konponbideak bilatzen", adierazi du diputatu nagusiak.

 

Lehen mailako erronka

Foru arduradunak zahartze demografikoak dakarren erronkaren garrantzia gogorarazi du. Eustaten prospekzioen arabera, 2024tik aurrera 65 urtetik gorako pertsonak 25 urtetik beherakoak baino gehiago izango dira Gipuzkoako lurraldean, eta, 2031n, Gipuzkoako herritarren ia erdiak 55 urtetik gora izango ditu.  Adineko pertsona gehienek beren zahartzaroa autonomia funtzionaleko eta harreman autonomiako egoeran biziko duten arren, mendekotasun mailaren bat duen biztanleria egungo 29.000 pertsonetatik 39.000 pertsonetara igaroko da 2031n.

Aldaketa hori, diputatu nagusiaren esanetan, «lehen mailako erronka bat izango da, oso konplexua», bai asistentziaren ikuspegitik, zaintzen kalitatea bermatzeko, bai ikuspegi sozialetik. Izan ere, eskatuko digu «egitura sozial eta ekonomikoak aldaketa demografikora eta zahartzearen erronkara egokitzea». Hala ere, esan du «aukera paregabea» ere badela, herritarren osasuna eta bizi kalitatea handitzeko, "pertsonak erdigunean jartzen dituen arreta eredu berrietarantz aurrera egiteko", asistentzia eta osasun sistema hobetzeko, eta "hazkunde ekonomikoa eta produktibitatea areagotzeko".

Hala, Adinberri estrategiaren bidez, "maximizatu" egin nahi dugu Gipuzkoako potentzial berritzailea, "batez ere bere hirugarren sektorearen talentua eta egiten jakitea", helburu komun honekin: "bizitza osasuntsuaren aldia luzatzen laguntzea" eta "Gipuzkoa esparru horretan mugarri izaten jarraitzea", esan du Olanok. Orobat, ziur agertu da Adinberri ere «erreferente» izango dela esperimentazio aurreratuaren eremuan. "Adinberriren esparru horren pean garatuko diren proiektuek bizi-ohitura osasungarrien prebentzioa eta sustapena jorratzen dituzte, etxean arreta emateko eredu integral batean sakontzen dute, egoitza arretaren eredua hobetzen dute, negozio modu berrien aldeko apustua egiten dute (silver economy) eta zahartze balioduna lantzen dute. Beraz, gizarte inklusiboagoa eta kohesionatuagoa eraikitzen laguntzen dute, eta lurralde gisa indartzen gaituzte ", defendatu du Olanok.

 

Eranskina: hautatutako proiektuak

  • Carehub proiektua, Aurrerantz Gizarte Ekimeneko Kooperatiba Elkarteak garatua. Arreta soziosanitarioko zerbitzuen HUBa, etxeko premien eskariaren eta zerbitzu eskaintzaren arteko erlazioa egituratzeko.
  • Etxean Prest proiektua, Aurrerantz Gizarte Ekimeneko Kooperatiba Elkarteak garatua. Pertsonei etxean arreta soziosanitarioa emateko profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko gaikuntza ibilbide bat garatzen du, enplegagarritasuna eta emandako zerbitzuen kalitatea hobetzeko.
  • Matia Institutuak garatutako Barne Hartu proiektua. Diagnostiko bikoitza lantzen dute: bazterketa arriskuan egon daitezkeen adineko pertsonena eta Gipuzkoan baztertuta dauden pertsonak nola zahartzen diren ezagutzearena.
  • Etxe Digitala proiektua, Tknikak garatua. Zaintza teknologiko eta sozialeko azterlana, sektore anitzeko teknologiak identifikatzeko, adinekoen bizi kalitatea hobetzeko xedez.
  • Egarria proiektua, Auzo Lagun kooperatiba elkarteak garatua. Nutrizio-produktu berriak diseinatzea eta garatzea, seniorren hidratazioa eta irensketa errazteko.
  • AGASE proiektua (Aduen Gaitasuna Sustatzeko Unitatea), Biodonostia Institutuak garatua. Funtzionaltasunari eusteko eta mendekotasuna prebenitzeko esku-hartze berritzaileak, UVAFetik.
  • Hurkoa fundazioak garatutako Hauskor proiektua. Adinekoen hauskortasunari arreta emateko programa.
  • Código Disfagia proiektua, Aita Mennik garatua. Egoitza eremuan disfagia goiz detektatzeko eta tratatzeko metodologia.
  • Grandes Vecinos proiektua, Adinkide Fundazioak garatua. Sareak sustatzea web-plataforma baten bidez, adinekoen bakardadea arintzeko eta haien bizi-kalitatea hobetzeko.
  • Exercita proiektua, Cita Alzheimer fundazioak garatua. Estimulazio kognitibo pertsonalizatuko programa, prebentziozkoa.
  • Abordaje integral de los centenarios proiektua, Biodonostia Institutuak garatua. Ehun urtekoei muturreko bizitza-luzera ematen dieten patroi soziosanitarioak eta molekularrak identifikatzea.
  • Iniciativas innovadoras en envejecimiento activo y saludable en la empresa proiektua, Saiolan SAk garatua.
  • Elkarrekin Bizi proiektua, Hiritik At Koop-ek garatua. Belaunaldi arteko etxebizitza kooperatiboen azterketa, eredu izan daitezen.
  • San Ignacio Gizarte Zerbitzuen Konpainiak garatutako Zaindari proiektua. Inteligentzia artifizialeko sistema bat pilotatzea eta baliozkotzea, bizitegi eremuko erabiltzaileak monitorizatzeko eta zaintzeko.
  • GoiOSASUN JLab proiektua, Eder Arretak SLk garatua. Kudeaketa soziosanitario prebentiboko eredu bat diseinatzea, Goierritik hasi eta gainerako eskualdeetara heda daitekeena.
  • Vireel proiektua, OROI Wellbeing SL enpresak garatua. Hirugarren adinekoei zuzendutako terapietan errealitate birtualeko sistemak erabiltzearen ondorioak aztertzea.