Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Adinberrik lurzatia desatxikitzea lortu du

Foto Adinberrik lurzatia desatxikitzea lortu du

Adinberrik lurzatia desatxikitzea lortu du

Estatuko Portuak erakundeak Hospitalillo inguruko lurrak desatxiki ditu, zahartzearen arretarako zentro berria bertan eraikitzeko

Adinberrik lurzatia desatxikitzea lortu du

Aurrera doa Adinberri, zahartzaroaren eta mendekotasunaren arretarako Europako erreferentzia zentro berria.  Espainiako Gobernuaren Sustapen Ministerioaren mendeko Estatuko Portuak erakundeak «baimena eman du» Pasaiako Hospitalillo inguruan dagoen lurzatiko eremuak (4.747 m2) desatxikitzeko, han kokatuko baita azpiegitura berria. Hala iragarri du gaur Markel Olano diputatu nagusiak, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuarekin eta Rakel San Sebastian Adinberri Fundazioko zuzendari nagusiarekin batera egin duen prentsa agerraldian. Olanok azpimarratu duenez, oniritzi hori «ezinbesteko aurrerapausoa» da instalazio horiek aktibatzeko, eta «aurreikusitako epeak errespetatzen jarraitzea» ahalbidetuko du. Obraren proiektua dagoeneko esleituta dago, eta 32,2 milioi euroko exekuzio aurrekontu bat du gutxi gorabehera. Horrela, zentroa eraikitzeko lanak urtearen amaieran hasiko dira eta 26 hilabeteko iraupena izango dute. Beraz, aurreikuspena da Adinberriren instalazio berriak zein lurpeko aparkalekua   amaituta egotea 2022rako.

          Adinberri Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruko egitasmo estrategikoen artean kokatzen da, eta gizartearen zahartzeari aurre egiteko eta pertsonen bizi kalitatea hobetzeko estrategia integral bat planteatzen du. Eraikinen multzoa Hospitalillo inguruaren ondoko lurzatian kokatuko da, eta guztira 26.900 metro karratu hartuko ditu. Bertan, erreferentzia zentroa eraikiko da, eta haren barruan arreta zentroa eta berrikuntza unitatea egongo dira.

Zehazki, azpiegiturak 120 plaza izango ditu (banako bizitokiekin), zonalde komunekin bizikidetza unitate bakoitzeko (guztiak ere lorategirako sarbide edo terrazarekin), eta 25 apartamentu babestu eta eguneko zentro bat ere izango ditu.  Halaber, berrikuntza unitateak 500 metro karratuko espazioa hartuko du, eta ikerkuntza, berrikuntza eta esperimentazioa egiteko gunea izango ditu.  Multzoak plaza zabal bat ere edukiko du, parke ireki batekin, Pasaiaren hiri ingurunean txertatua, eta kafetegi bat eta udalerri horretako lehen arreta eta elkarteentzako lokalak (900 m2) izango ditu, orobat.  Lurpeko aparkalekua errotaziokoa eta bertakoentzakoa izango da; 425 plaza izango ditu gutxi gorabehera.

Pertsona erdigunean

Olanok azpimarratu duenez, Adinberri proiektu «oso garrantzitsua» da lurraldearentzat gizarte politiken ikuspegitik. «Batetik, hau delako hasieratik, arkitektura diseinutik beretik, pertsona erdigunean jarrita pentsatua eta diseinatua izan den lehen proiektua, eta hori delako, hain zuzen, lurralde osora zabaldu nahi eden eredua: etxean ez bada, izan dadila etxean bezala». «Bestetik, Adinberrirekin bereziki aprobetxatu nahi ditugulako Gipuzkoako hirugarren sektorearen talentua eta ezagutza, gure potentzial berritzailea maximizatzeko eta bizi garai osasungarria luzatzen laguntzeko».

Adinberrik zerbitzu «berritzaile eta punta-puntakoak» eskainiko ditu zahartze osasuntsuaren zerbitzura, bai «arkitekturaren ikuspegitik» bai «arretaren aldetik» ere, erabiltzaileak «etxean bezala» senti daitezen, adierazi du diputatu nagusiak, eta gaineratu du Adinberrik «410 lanpostu inguru» sortuko dituela, «zuzeneko 110 zerbitzu guztiak artatzeko, eta 300 zeharkako».

Amaitzeko, Olanok nabarmendu du zentroa eremu degradatu batean kokatzea «ez dela kasualitatea», bere helburuen artean baitago Pasaiako herritarrentzat portuaren inguruko hiri espazioak «berreskuratzen laguntzea». «Honela, proiektu honen bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiak legealdi honetan estrategikotzat dituen bi proiektu uztartzen ditugu: gure gizarte zerbitzuak indartu eta honela gure adinekoen bizi baldintzak hobetzea, batetik, eta Pasaialdeko biziberritzean eragitea, bestetik”, adierazi du.

Aurreikuspena da Adinberriren instalazio berriak zein lurpeko aparkalekua 2022rako amaituta egotea