Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Adinberriren eraikuntza proiektua «Gipuzkoa osorako mugarria» izango da

Foto Adinberriren eraikuntza proiektua «Gipuzkoa osorako mugarria» izango da

Adinberriren eraikuntza proiektua «Gipuzkoa osorako mugarria» izango da

Zentro berriaren obrak urte amaieran hasiko dira.

Adinberriren eraikuntza proiektua «Gipuzkoa osorako mugarria» izango da

Markel Olano diputatu nagusiak gaur goizean aurkeztu du Pasaiako Adinberri zentroaren eraikuntza proiektua, nola zahartzaroaren eta mendekotasunaren esparruko erreferentzia zentro berriarena hala Hospitalillo inguruko lurpeko aparkalekuarena. Proiektuaren adjudikazioduna Alonso & Hernández Asociados SLk, JG Ingenieros SAk eta Antero Fernández Arquitectos SLPk osatutako ABEEa izan da. Diputatu nagusiak nabarmendu duenez, Adinberri «mugarri bat izango da Gipuzkoa osorako eta erreferentzia bat Europa mailan, izan ere, zerbitzu berritzaile eta punta-puntakoak» eskainiko ditu zahartze osasuntsuaren zerbitzura, «bai arkitektura ikuspegitik bai arretaren aldetik ere», erabiltzaileak «etxean bezala» sentitu daitezen. Eta gaineratu du Adinberrik «410 enplegu sortuko dituela, 110 zerbitzu guztiak artatzeko, eta 300 zeharkakoak».

Proiektua ABEE horri adjudikatu ondoren, eta 32.250.000 euroko exekuzio aurrekontua izango dutela, instalazioak Hospitalillo ondoko kaiaren eraikiko dira.  Zentro berritzailearen obrak urte amaiaren hasiko dira eta 36 hilabeteko iraupena izango dute. Beraz, «aurreikuspenen arabera, 2022rako martxan egongo dira Adinberriren instalazio berriak eta lurpeko aparkalekua», aurreratu du Olanok, ondoan izan dituela Maite Peña Gizarte Politikako diputatua, Marisol Garmendia Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa diputatua eta Rakel San Sebastian Adinberri Fundazioko zuzendari nagusia.

Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, ekimen hau Etorkizuna Eraikiz proiektuko egitasmo estrategikoen artean kokatzen da, eta gizartearen zahartzeari aurre egiteko eta «pertsonen bizi kalitatea hobetzeko estrategia integral bat» planteatzen du. «2031 urtean, 55 urte baino gehiago dituzten gipuzkoarren kolektiboa 350.000 lagunekoa izango da», gogoratu du Markel Olanok, eta adierazi du estrategia horren ardatza «pertsonen bizi kalitatea hobetzea» dela, hau da, «pertsonak dira Adinberriren muina».

Eraikinen multzoak 26.900 metro karratu hartuko dituela –gehi 5.800 metro karratuko urbanizazio azalera osagarria-, bertan erreferentzia zentroa eraikiko da, eta haren barruan arreta zentroa eta berrikuntza unitatea egongo dira. Azpiegiturak 120 plaza izango ditu (banako bizitokiekin), zonalde komunekin bizikidetza unitate bakoitzeko –guztiak lorategirako sarbide edo terrazarekin–; eta 25 apartamentu babestu eta eguneko zentro bat ere izango ditu.

Halaber, berrikuntza unitateak 500 metro karratuko espazioa hartuko du, eta ikerkuntza, berrikuntza eta testak egiteko gunea izango ditu. Multzoak plaza zabal bat ere edukiko du, parke ireki batekin, Pasaiaren hiri ingurunean txertatuta, kafetegi bat, eta udalerri horretako lehen arreta eta elkarteentzako lokalak (900 m2). Bestalde, lurrazpiko aparkalekua errotaziokoa izango da, bertakoentzat, gutxi gorabehera 425 plazarekin.

ABEE ajudikaziodunari dagokionez, Alonso & Hernández Nafarroako arkitekto taldeak esperientzia zabala du ekipamendu publikoak proiektatzen, hainbat eskola eta ospitale diseinatu izan baititu, besteak beste, Lizarrako Tiera Estella bigarren hezkuntzako institutua, San Juan de Dios ospitalea edo Fiteroko monasterioko liburutegia; Gipuzkoan, berriz, Arantzazuko Gandiaga zentroaren proiektua egiteaz arduratu zen Alonso & Hernández Asociados SLko lantaldea. Lantalde horrek JG Ingenierosen eta Antero Fernández tokiko arkitektoen lantaldearen babesa izango du, gainera; ekipamendu publikoen eraikuntza proiektuak idazten esperientzia handikoak horiek ere. 

Garmendia diputatuaren arabera, hirigintzaren ikuspegitik, ABEE adjudikaziodunaren proposamenak «modu argi eta identifikagarrian» biltzen ditu programan zehaztuta dauden erabilerak (egoitza, askotariko erabilerak, lehen mailako arreta eta ikerketa). Gainera, proiektuak «bikain» erantzuten die inguruko alderdi desberdinei (Euskadi etorbidea, Hospitalillo, Aduna kalea, portuaren erabilerako eta ekipamenduaren ondoko lurzati eraikigarriak barne), eta obrak egingo diren hiri ingurunea «behar bezala integratzea» lortzen du.

Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa diputatuak azaldu du, bestalde, proiektuak «modu errazean» ebazten duela egoitza programa: batetik, etxebizitza, egitura egoki batekin eta bi egoitza eraikinetan banatuta; eta, bestetik, apartamentu babestu mota bakar bat, ongi banatua, eta egoteko eremua eta logelak bereizten dituena. Gela guztiek dute etxebizitzara sartzeko espazio bat, eta erabiltzaileek aukera dute espazio hori beren modura egokitzeko.

Garmendiak orobat adierazi du proposamen arkitektoniko hau «oso malgua» dela, bai egiturari dagokionez, bai eta apartamentuen eta ikerketa zentroaren kokapenak egoitzako etxebizitza eremuari jarraipena emanez diolako ere. Bestalde, «barneko plaza» bi aldeetatik ixteko aukera dago (gauetan, adibidez), eta horrek hiri ingurunearekin duen lotura areagotzen du, kristalez hornitutako azalera handidun beheko solairuari esker.

 

Potentzial berritzailea maximizatu

Maite Peñaren arabera, oso proiektu «garrantzitsua da» gizarte politikaren ikuspuntutik; alde batetik, arkitektura “diseinutik bertatik hasita, pertsona erdigunean jartzen duelako; eta hori da, hain zuzen, lurralde osora eraman nahi dugun eredua da, pertsona, etxean ez bada, bere etxean bezala sentitu dadin”. «Eta, bestetik, gure hirugarren sektorearen talentua eta ezagutza aprobetxatu nahi dugu, gure potentzial berritzailea maximizatzeko eta bizi garai osasungarria luzatzen laguntzeko».

Horren harira, Rakel San Sebastianek azpimarratu du Adinberrik «ikuspegi bikoitza» izango duela, «soziosanitarioa eta ekonomikoa». «Esperimentazioaren bitartez eredu, produktu eta zerbitzu berriak zabaldu ahalko ditugu; eta esperientzia hemen izango ditugun esperientzia arrakastatsuak lurraldeko gainerako zentroetara hedatuko dira. Era berean, Adinberriren helburua ere bada erreferente bihurtzea nazioarte mailan».

Amaitzeko, Olanok nabarmendu du zentroa eremu degradatu batean kokatzea «ez dela kasualitatea», bere helburuen artean baitago Pasaiako herritarrentzat portuaren inguruko hiri espazioak «berreskuratzen laguntzea». «Honela, proiektu honen bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiak legealdi honetan estrategikotzat dituen bi proiektu uztartzen ditugu: gure gizarte zerbitzuak indartu eta honela gure adinekoen bizi baldintzak hobetzea, batetik, eta Pasaialdeko biziberritzean eragitea, bestetik”, adierazi du.