Adinekoen egoitzetan Aldundiak egindako kudeaketa onari abala eman dio Justiziak
Adinekoen egoitzetan Aldundiak egindako kudeaketa onari abala eman dio Justiziak
Adinekoen egoitzetan COVID-19 gaitzaren krisiari aurre egiteko elkarlana behar dela esan du Eider Mendoza foru bozeramaileak, “eta ez konfrontazioa”
Gipuzkoako Foru Aldundiko foru bozeramaile den Eider Mendozak lurraldeko adinekoen egoitzetan egiten ari den lan ona aldeztu du, COVID-19 gaitzak sortu duen pandemiari aurre egiteko. Lan honek Justiziaren abala ere jaso du, gaur ezagutu baita Donostiako Berrako egoitzari buruzko sententzia, Gipuzkoan adinekoen zentroetan egin den kudeaketaren alde egiten duen bosgarren epaia. “Azken bi hilabeteetan, egoitzak Aldundiaren lehentasun nagusia izan dira eta izaten jarraitzen dute, eta momentu oro erabilgarri genituen giza baliabide eta material guztiak erabili ditugu”, esan du.
Foru arduradunak balioan jarri du Aldundiak, egoitzetako talde profesionalak, Osakidetza eta osasun agintaritzak, egoiliarren familiak, suhiltzaileak, hirugarren sektoreko langileak eta lurraldeko enpresa eta norbanakoen artean egiten ari den “talde lana”. “Elkarlan honi esker, birusa geldiaraztea lortzen ari gara denon artean, eta pixkanaka hasi gara egoera iraultzen. Krisi honek lankidetza eskatzen du, ez konfrontazioa. Ez da momentua pertsona hauek guztiak COVID-19 gaitzaren aurka egiten ari diren borroka kolektiboa zalantzan jartzeko”, aldeztu du.
Mendozak nabarmendu duenez, gizarte politikako foru sistemak eta hau osatzen duten pertsonek “eraginkortasunez eta profesionaltasunez” erantzun diote mundu osoan zehar osasun eta egoitza zerbitzuak gainditu dituen krisi honi. “240 zentroz hitz egiten gara, eta bertan 7.000 lagun artatzen ditugu. Adinekoen egoitzen kasuan, COVID-19 gaitza ez da iritsi zentroen %75era eta plazen %90era”, nabarmendu du. “Gaixotasunari aurre egiteko lehenengo protokoloak martxo hasieran jarri ziren martxan, lehen kasua agertu baino bi aste lehenago. Erantzuna arina eta dinamikoa izan da, eta egokitzeko gaitasun hori da Gipuzkoa ereduaren benetako aberastasuna”, azpimarratu du.
Aldundia, gogoratu duenez, gizarte politikako Txoke Planaren bidez ari da alor honetan esku hartzen. Ekimen honen bitartez, 50 neurri ezarri dira, eta 90 ekintza konkretu egin kontagioak ekiditeko, birusaren hedapena mugatu, emergentzia honen aurka erabilgarri dauden baliabideak indartu eta informazioa modu gardenean emateko. Testuinguru honetan, Donostiako Gurutze Gorriaren zentro soziosanitarioa aktibatu du COVID-19 gaitza duten pertsonak artatzeko; ia 400 desinfekzio egin dira gizarte zerbitzuetako zentroetan; etxebizitza bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzako aterpetxeak ireki dira; egoitzetako egoeraren jarraipena “egunero eta modu konstantean” egin da; babes teknikoa, formakuntza eta aholkularitza eskaini zaie zentroei etengabe; egoiliarrek beraien familiekin bideokonferentzia bidez komunikatzeko sistema aktibatu da; eta lurraldeko zentroetan pandemia izaten ari zen bilakaerari buruz egunero berri eman da. Materialaren arloan, osasun agintaritzetatik egindako hornidura beste 611.000 babes elementu eta 300.000 maskarillaren bidalketarekin indartu du.
Mendozak onartu du krisiak gogor kolpatu dituela adinekoen egoitzak, “bai Gipuzkoan zein mundu osoan zehar”, bertan baitago COVID-19 gaitzaren aurrean zaurgarrienetakoa den kolektiboetako bat. “Gaixo eta familia guztien alboan egoten saiatu gara, gure babes eta berotasuna helaraziz. Hauek izan dira eta izaten jarraitzen dute Aldundiaren kezka nagusia momentu hauetan”, azpimarratu du. “Egoerak onera egin du azken egunetan, baina ez da erlaxatzeko momentua. Aldunditik, mundu mailako pandemia honetan zaurgarrien diren pertsonen defentsan konprometituta jarraitzen dugu. Orain arte bezala, aurre hartze eta segurtasun guztiak zorrotz betetzen jarraituko dugu, birusaren berragerpena eta kontagio berriak ekiditeko”, nabarmendu du.
Bosgarren sententzia
Gaur ezagutu direnarekin, bost dira egoitzetan COVID-19 gaitzari aurre egiteko lanaren alde egiten duten epaitegietako sententziak. Tolosako Iurreamendiko egoitzaren kasuan, epaileak nabarmendu du salaketa jaso duen aldeak “etengabeko jarduera arduratsua egin duela, hartu diren neurrien eraginkortasunean islatzen dena, egungo emaitzetan ikusten dena eta salaketa aurkeztu duen aldeak aurkeztutako testiguak berak onartzen duena”. “Ez da inaktibitaterik egon. Egon dena da momentuko irizpideen araberako hartutako aurre hartze neurri etengabea, unean uneko denbora testuinguruan eta eskura zeuden baliabideak erabiliz”, dio sententziak.
Ordiziako San Jose egoitzaren kasuan, epaileak gogoratzen du COVID-19 gaitzaren kontrako lehen neurriak otsailaren 28an hartu zirela, “eta matxoaren 13a izanik ofizialki pandemia deklaratu zen eguna”. “Salaketa aurkeztu duen aldeak aipatzen dituen neurri guztiak beharrezkoak direla onartuta ere, ia denak beteta daude momentuko baldintzen barruan, eta une bakoitzean zeuden aurreikuspen normatiboak betez”, jarraitzen du. Zumarragako Argixao egoitzari dagokion sententzian, bere aldetik, esaten da “salaketa jaso duen egoitzak, aurrean zuen egoera konplexuaren kasuan, une oro aldatzen zioazen araudi, disposizio eta agindu aldakorren aurrean eta baliabide eskasia zirela eta, momentu oro bere eskura zeuden informazioa, formakuntza eta babes materialarekin hornitu zituen egoitzako langileak”.
Epailearen iritzi norabide berean doa Arrasateko Iturbide egoitzaren kasuan. Hemen, epaileak dio salaketa jaso duen aldeak “kasu bakoitzean zeuden gomendioak” bete dituela salaketa jaso duen aldeak, “kontutan izanda material eskasia nabarmena zegoela, beti izan dituztela eskura batak, eskularruak… eta hauen banaketa egoitzako zuzendaritzaren arabera egin dela, hau guztia, gainera, alarma egoera ezarri aurretik inkluso”. Horrela, gaineratzen du salaketa jaso duen aldeak “jarduera etengabea, jarraitua eta ahalik eta arduratsuena” egin dutela, egoitzako langileei informazioa, formakuntza eta babes materialak helarazi dizkietelako, “jasaten ari garen mundu mailako pandemiak eragin duen kaosak utzi dien neurrian”.
Azkenik, Donostiako Berrako egoitzari dagokionean, epaileak ebatzi du “salaketa jarri duen sindikatuak eskatu dituen prebentzio neurriak beteta daudela”, eta “ez dago inolako oinarrizko eskubideen urraketarik ez eraso zuzenik, eta ez da sortu inongo arrazoizko eta berehalako arriskurik egoitzako langileen osasun eta integritaterako”. Gaineratzen du ez dela egiaztatu ez babeserako material falta, “mundu mailan jazo zena eta ahal bezain laster konpondu zena”, ezta ere segurtasun eta lan osasun arloko araudiren urraketarik. Salaketa jaso duen aldeak “arduraz jokatu du, eta hau egiaztatzen da ahozko juizioan eginiko dokumentuzko bidezko eta lekuko bidezko frogetan. Salaketa jaso dutenek aurre hartze araudia bete dute lehen momentutik”, adierazten du.
1703