Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Adingabeak babesteko klausulak txertatu ditu bere araudian Gipuzkoako Foru Aldundiak

Adingabeak babesteko klausulak txertatu ditu bere araudian Gipuzkoako Foru Aldundiak

Adingabekoekin tratua duten lanpostu eta zerbitzuetan, baldintza izango da askatasun sexualaren aurkako delituengatik kondenarik ez izatea

Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu egin ditu adingabeak babesteko 26/2015 Legean aurreikusten diren babes neurriak ezartzeko jarraibideak. Neurri honen helburua da bermatzea adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan askatasun sexualaren aurkako delituren batengatik kondenatutako pertsonarik ez egotea da. Honek barne hartzen ditu sexu eraso eta abusuak, sexu-jazarpena, exhibizionismo eta sexu probokazioa, prostituzioa eta sexu esplotazioa eta adingabeen galbideratzea, eta baita giza salerosketak ere.

Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko foru diputatua, Imanol Lasa, hedabideen aurrean agertu da gaur Donostian, eta bertan azaldu du erabaki honen eraginez, adingabekoekin tratua duten lanpostu eta zerbitzuetan baldintza izango dela aipatutako delitu hauengatik kondenarik ez izatea. Lanpostu hauek Aldundiko Lanpostuen Zerrendan identifikatu dira, eta zehaztu egingo da baldintza hau nahitaezkoa dela bertan lan egin ahal izateko.

Funtzio Publikoko Zerbitzuak, Aldundiko departamentu guztietako idazkaritza tekniko guztiak kontsultatu ostean, lanpostua zehatzak zein diren identifikatuko ditu, eta baita hauetan dauden pertsonak ere. Hauei adierazpen erantzulea eskatuko zaie, Zerbitzua baimenduz kondenatuak ez direla izango egiaztatzera. Adierazpena egitea onartzen ez badute, sexu delitugileen Erregistro Zentraleko ezetzeko ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

Adierazpena edota ezezko ziurtagiria aurkezteko gehienezko epea 15 egunekoa izango da, eskaria jaso ostean. Karrerako eta bitarteko funtzionarioei eta langile finko edo tenporalez gain, nahitaezkoa izango da baldintza hau betetzea praktiketan dauden ikasle eta bekadunentzat, betiere euren ohiko lan jardueretan adingabekoak badaude. Kontuan hartuko da, baita ere, leku aldatze lehiaketetan eta lan eskaintza publikoetan, baldintza baseetara gehituko baita eta aurkezten diren guztientzat egongo da indarrean. Aldundiak gutxienez urtean behin egiaztatuko du neurri honen betetzea, eta arau hausteren bat aurkituz gero, pertsona adingabekoen kontaktutik aldenduko da.  

 

Esleipendunentzat ere bai

Gainera, adingabeentzako babes klausulak nahitaezkoak izango dira baita ere Aldundiak egiten dituen adingabekoekin ohiko harremana duten zerbitzu edo laguntzen kontratazio publikoko prozeduretan. Horrela, hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin adingabekoekin harremana duten zerbitzuak esleitzen dituzten departamentuek, esleipendunei eskatuko diete adierazpen erantzulea, lan hauek egingo dituzten euren langile guztiek, propio edo azpikontratatuak, ezeko ziurtagiria dutela bermatzeko. Aldundiaren eskari jaso eta hurrengo 10 egunetan erantzun beharko dute.   

Neurri aitzindaria alor administratiboan, Aldundiak klausula hauek lizitazio iragarkietan txertatuko ditu, eta baita adingabeekin harremana izan dezaketen edozein kontratazio prozeduretako administrazio klausulen karatula eta baldintzetan. Kontratuen esleipen eta exekuzio faseetan bete beharko dira. Ez betetzeak kontratuaren suntsiaraztea ekarriko du. Gainera, adingabeekin kontaktua duten funtzioetara bideratzen diren diru-laguntza edo laguntzak tramitatzen direnean, Aldundiak baldintza berdina betearaztea eskatuko die eskatzaileei. Eskakizuna dagokion laguntza deialdietan jasota etorriko da.

Neurri hauek adingabekoen babesa era eraginkorrean bermatzea dute helburu, eta Aldundiaren araudian txertatzen ditu Haurrak sexu esplotazioa eta abusuen aurka Babesteko Hitzarmenaren eta 2011ko abenduaren 13ko Europako Legebiltzarreko eta Kontseiluko 2011/93/UE zuzentarauaren edukia, sexu abusu, adingabeen sexu-esplotazioa eta haurren pornografiari buruzkoa. 

  

1349