Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Adinkide bakardadean dauden adinekoei laguntzen hasi da Irunen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Irungo Udalaren babesarekin

Adinkide bakardadean dauden adinekoei laguntzen hasi da Irunen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Irungo Udalaren babesarekin

Adinkidek, Gizarte Zerbitzuekin, Osasun Zentroarekin, tokiko erakundeekin eta hurbileko merkataritzarekin sarean lan egiten du, bakardade kasuak detektatzeko eta sentsibilizaziorekin laguntzeko

Gipuzkoako Foru Aldundia

· GKEak adineko pertsonak eta boluntarioak elkartzen ditu, nahi ez den bakardadea prebenitzeko eta horri aurre egiteko; hau, adiskidetasun loturak, laguntza afektiboa, auzo harremanak eta auzoetan aisialdi eta sozializazio jarduera osasungarriak sustatuz lortzen du

· Maite Peña, Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatua: "Adinkide Irunera iristeak adinekoen ongizate integralarekin dugun konpromezua indartzen du. Ez gara soilik osasun fisikoaz ari, baizik eta pertsonen arteko lotura, afektua eta konpainia jarri nahi dugu erdigunean. Horregatik, nahi ez den bakardadeari aurre egiten dioten ekimenek gure babesa dute, zahartze konektatua sustatzen dutelako eta sare komunitarioak indartzen dituztelako"

· Cristina Laborda, Irungo alkatea: “Irungo Udaletik ezagutzen dugu Adinkidek lurraldeko beste udalerri batzuetan izan duen ibilbide sendo eta konprometitua. Ekimen hau babesten dugu, adinekoak lagunduak, aktiboak eta tokiko bizitzan partaide sentituko diren eta boluntariotza sustatuko duen hiri-eredu batean sinisten dugulako. Lankidetza hori funtsezkoa da Irun gizatiarragoa eta kohesionatuagoa eraikitzeko"

· Iosu Iguiñiz, Gizarte Ongizateko ordezkaria: “Gero eta pertsona gehiago daude nahi ez duten bakardade egoeran, eta horrek ondorioak ditu gure osasunean, eta garrantzitsua da adinekoek hiriko kultur agendan edo Gizarte Ongizatearen arlotik antolatzen ditugun programetan parte hartzea. Ekintzak behar ditugu, eta gure ingurunearekin harreman osasuntsuak izan, bakardadeari aurre egiteko modu ona baita”

· Loles Díaz-Aledo, Adinkide-Grandes Amigos Fundazioko lehendakaria: “Funtsezkoa da erakunde publikoek Adinkide bezalako proiektuak babestea, bakardadeari aurre egiteko modurik onenetako bat auzoan bizitza gehiago egitea dela egiaztatzen ari baikara”

· Lina, Irunen lagundutako lehen adinekoetako bat: “Boluntariak arimara iritsi zaizki, haiek nirera eta ni haienara. Nire zain daude”

Irungo Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia sentsibilizatuta daude nahi ez den bakardadearen arazoarekin, eta, horregatik, Adinkide – Grandes Amigos Fundazioari babesa ematen diote boluntariotzako erakunde hori Irunen bakardadean edo arriskuan dauden adinekoei laguntzen has dadin. Horrela gelditu da islatuta Adinkidek Irungo udalerrian egin duen aurkezpen ofizialean, ekainaren 5ean, osteguna, ‘Luis Mariano 'Adinekoentzako Udal Gizarte Zentroan.

ADIERAZPENAK

Loles Díaz-Aledo Adinkide – Grandes Amigos patronatuko lehendakariak adierazi duenez, “bakardadea pertsonen eremu pribatutik edo indibidualetik atera behar da, eta gizartearen egiturazko arazo gisa landu. Horregatik, funtsezkoa da erakunde publikoek, hala nola Aldundiak edo Udalak, komunitatean bizitza berreskuratzeko proiektuak babestea, Adinkiden egiten dugun bezala, bakardadeari aurre egiteko modurik onenetako bat auzo bizitza gehiago egitea dela egiaztatzen ari baikara ”.

Cristina Laborda Irungo alkateak honako hau adierazi du: “Irungo Udaletik ezagutzen dugu Adinkidek lurraldeko beste udalerri batzuetan izan duen ibilbide sendo eta konprometitua. Ekimen hau babesten dugu, adinekoak lagunduak, aktiboak eta tokiko bizitzan partaide sentituko diren eta boluntariotza sustatuko duen hiri-eredu batean sinisten dugulako. Lankidetza hori funtsezkoa da Irun gizatiarragoa eta kohesionatuagoa eraikitzeko".

Iosu Iguiñizek, Irungo Gizarte Ongizateko ordezkariak, honako hau nabarmendu du: "Hainbat arrazoirengatik, gero eta pertsona gehiago bizi dira nahi gabeko bakardadean. Bakardade mota horrek ondorioak ditu gure osasunean, eta garrantzitsua da adinekoek hiriko kultur agendan edo Gizarte Ongizatearen arlotik antolatzen ditugun programetan parte hartzea. Ekintzak behar ditugu, eta gure ingurunearekin harreman osasuntsuak izan, bakardadeari aurre egiteko modu ona baita".

Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak nabarmendu du: "Adinkide Irunera iristeak adinekoen ongizate integralarekin dugun konpromezua indartzen du. Ez gara soilik osasun fisikoaz ari, baizik eta pertsonen arteko lotura, afektua eta konpainia jarri nahi dugu erdigunean. Horregatik, nahi ez den bakardadeari aurre egiten dioten ekimenek gure babesa dute, zahartze konektatua sustatzen dutelako eta sare komunitarioak indartzen dituztelako" .

Linak 77 urte ditu, eta Irungo adineko lehen parte-hartzaileetako bat da. Dagoeneko Adinkideren jardueretara joaten da, eta bi gazte boluntarioren bisitak eta deiak jasotzen ditu: “Arimara iritsi zaizkidan bi neska dira, haiek nirera eta ni haienara. Egunen batean falta dela ikusten badute, deika ari zaizkit; nire zain daude”, adierazi du bizilagun nagusi horrek, eta orain pizgarri bat du aktibo jarraitzeko eta bakardadea prebenitzeko.

DATUAK

Bakardadea da jada osasun publikoko arazo nagusienetako bat herritar guztientzat, eta, bereziki, zahartzeari dagokionez, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera. Datu soziodemografikoek adierazten dute arazoa areagotu egingo dela, gizarte bakartiago eta zahartuago batean:

· Gaur egun, Estatuko 5 biztanletik 1ek 65 urte edo gehiago ditu. Eta 2050ean 3tik 1 izango gara.

· 2037an, 3 etxetatik batean, pertsona bakarra biziko dela aurreikusten da. Gaur egun, Gipuzkoako etxeen % 27,5 pertsona bakarrekoak dira, eta % 27,4 Irunen.

· Gipuzkoan 735.577 pertsona bizi dira, eta horietatik 176.481 65 urte edo gehiago dituzte.(%23,9)

· Irunen 64.255 pertsona bizi dira, eta horietatik 15.168 ek 65 urte edo gehiago dituzte.(23,6%)

Jaiotza-tasa baxua, familia-eredu berriak, mugikortasun geografikoa, bizimodu indibidualistak, edadismoa, etab. Faktore horiek guztiek iragartzen dute zahartu egingo garela bakardade handiagoarekin eta ia familia-sarerik gabe. Horregatik, funtsezkoa da gaztetatik ohitura osasungarriak hartzea, sozialki aktibo mantentzen, belaunaldien arteko harremanak ehuntzen eta auzo bizitza egiten laguntzeko.

Boluntariotzan eta auzo sareetan oinarritutako laguntza afektiboko programek bakardadearen maiztasuna eta intentsitatea murrizten laguntzen dute. Hala islatzen dute Adinkide – Lagun Handien inpaktua neurtzeko azterlanek, adinekoak berriro elkarrizketatzen baitituzte urtebete igaro ondoren:

· Sarritan bakarrik denbora pasatzen zuten adinekoen tasa % 71,8tik % 55,9ra jaitsi zen.

· Ia inoiz bakarrik sentitzen ez ziren adinekoen tasa % 23,8tik % 34,7ra hobetu zen.

ADINKIDEREN IBILBIDEA

Irun Adinkidek parte hartzen duen Gipuzkoako zortzigarren udalerria da. 2017an Donostian hasi zenetik, presentzia gehitzen joan da Lasarte-Orian, Tolosan, Pasaian, Urretxun, Azpeitian, Ibarran eta, orain, Irunen.

Denbora horretan 600 pertsona inguruk parte hartu dute Adinkiden: 335 boluntario gisa eta 260 adineko lagun gisa. Bi kasuetan emakumeen presentzia handia da: emakumeak boluntariotzaren % 76,1 dira, eta batez besteko adina 47 urtekoa da. Eta urte horietan lagundutako adinekoen artean, % 79,6 emakumeak dira, eta batez besteko adina 80,8 urtekoa da.

Adinkide nabarmentzen da nahi ez den bakardadearen 360 ikuspegiagatik: esku hartze sozialeko lanaz gain, bakardadearen ondorioetan eraginez, laguntza afektiboaren eta sozializazioaren bidez, kausetan eragiten du, detekzioaren, prebentzioaren, sentsibilizazioaren eta ikerketaren bidez.

Eta gizarte osoarekin lankidetzan aritzen da: administrazio publikoak (Aldundia eta udalak, esaterako); sektore pribatuko enpresak; unibertsitateak, fundazioak eta gizarte-erakundeak (Matia Fundazioa, Hurkoa Fundazioa, Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoa, etab.); gertuko merkatari eta auzo-ekimenak, eta herritarrak berak.

ALDUNDIAREN BULTZADA

Ibilbide hau ez litzateke posible izango Gipuzkoako Foru Aldundiak hasieratik eskeinitako lankidetzarik gabe. Bere laguntza ekonomikoak Adinkideren programak garatzen lagundu du hainbat udalerritan.

Bakardadeen edo zahartzearen ikuspegi integral eta berritzailea partekatzeak sareko lana eta Adinkideren eta beste baliabide batzuen arteko osagarritasuna bultzatu ditu, eta horrek, azkenean, eragin positiboa sortzen du adinekoen bizitzan.

Aldundi honi esker, Adinkideren programak erreferentzia bihurtu dira Aldundiak arlo horretan dituen politikak osatzen dituzten baliabideen artean, hala nola:

· Adinberri (zahartzearen erronkari aurre egiteko berrikuntza estrategia garatzen duen fundazioa).

· Hariak (bakardadeen aurkako estrategia).

· Zaintza HerriLab (Gipuzkoako udalerrietan zaintza ekosistema lokalak bultzatzeko ekimen aitzindaria).

IRUNGO UDALAREN INPLIKAZIOA

Irungo Udala hasiera-hasieratik inplikatu da Adinkideren lanarekin, baliabideen mapa egitean, adinekoak bideratzeko koordinazioan eta proiektuaren hedapenean lankidetzan arituz.

Adinkideren talde profesionala dagoeneko lankidetzan ari da Irungo tokiko baliabideekin, hala nola Udaleko Gizarte Zerbitzuekin, Osasun Zentroarekin edo Bidasoa Eskualdeko Ospitalearekin. Koordinazio hori funtsezkoa da bakardadean edo arriskuan dauden adinekoak detektatzeko eta bideratzeko, eta, horrela, isolamendu sozialak osasun fisikoan eta mentalean dituen ondorioak saihesteko.

Udalak, bakardadearen prebentzioarekin eta zahartze aktiboa erraztuko duten ohitura osasungarrien sustapenarekin konprometituta, Adinkiden aliatu bat aurkitzen du biztanleria osoaren eta, bereziki, adinekoen aisialdi eta sozializazio alternatibak handitzeko.

Era berean, horrelako boluntariotza-proiektu bat, ikuspegi komunitario argiarekin, herritarren parte-hartzea, bizilagunen arteko harremanak eta lurraldeko kide izatearen zentzua sustatzera deitua dago.

NOLA FUNTZIONATZEN DU

18 urtetik aurrera boluntario gisa jardun daiteke, adineko beste pertsona batzuei lagunduz eta aktibo mantendu nahi duten 65 urtetik gorako pertsonak barne daude ere. Parte hartzea guztiz doakoa da.

Lehen informazio saio baten ondoren (izena eman adinkide.org webgunean), Adinkideko talde profesionalak elkarrizketa bat egiten die adineko pertsona bakoitzari eta boluntario izateko hautagai bakoitzari. Banakako prozesu horrek aukera ematen du parte-hartzaile bakoitza ezagutzeko eta harekin kidetasuna eta auzotasuna partekatzen dituen pertsona bat aurkezteko. Adinkidek Irunen dituen programetan parte hartzeko, hauek dira harremanetarako bideak: adinkide.org webgunea, irun@adinkide.org helbide elektronikoa eta 634 092 533 telefono zenbakia.

ADINKIDEREN PROGRAMAK

Adinkidek parte hartzeko aukera zabala eskaintzen du, adineko bakoitzak eta boluntario bakoitzak bere interesetara, beharretara eta prestasunera hobekien egokitzen dena aurki dezan.

· LAGUNTZA AFEKTIBOA. Adinkidek boluntario batekin konpainia edo laguntza afektiboa behar duen adineko pertsona elkartzen du, astero gutxienez bi ordu gera daitezen eta, horrela, adiskidetasun lotura bat ehuntzeko. Programa hau osasun eta/edo mugikortasun arazoak, etxetik bakarrik irteteko zailtasunak eta sare sozial eskasa dituzten adinekoentzat izaten da. Laguntza hori aurrez aurrekoa edo telefono bidezkoa izan daiteke. Baita egoitzetan ere.

· AUZOKIDEEN ARTEKO HARREMANAK. Adinekoa bere ingurunean bizi den boluntario talde batekin elkartzen da, modu malguan sozializatzeko eta bakardadea prebenitzeko. Adinekoek profil autonomoagoa eta aktiboagoa izaten dute, eta ez dute astero bisitarik egin behar izaten.

· SOZIALIZAZIOA. Aurreko programetako parte-hartzaileak Adinkidek urtean zehar antolatzen dituen aisialdiko eta sozializazioko jardueretara ere gonbidatzen dira: askariak, auzoko topaketak, paseo osasungarriak, tailerrak, bisita kulturalak, Gabonetako jaiak eta tokiko ospakizunak, udako oporrak, etab. Taldeko jarduera horien bidez, parte-hartzaileek beren lagun sarea zabaltzea lortu nahi da, adinekoen eta boluntarioen autonomia eta parte hartze horizontala sustatzen duten taldeetan integratuz.

· DINAMIZAZIOA ETA TALDE ERAGILEAK. Talde horien barruan, Adinkidek hainbat talde bultzatzen ditu, eta horietan parte hartzaileek parte hartzaile berriak hartzen, jarduerak antolatzen, telefono bidezko jarraipena egiten, bakardadea detektatzen, bulegoan laguntzen edo programak zabaltzen eta sentsibilizatzen ere lagun dezakete.

  

3191