Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea AENORek ziurtapena eman dio Lurraldebus autobusen babes sistemari

AENORek ziurtapena eman dio Lurraldebus autobusen babes sistemari

AENORen arabera, autobusetan aplikatzen diren garbiketa-, kudeaketa-, segurtasun- eta babes-protokoloak kalitate-erreferentzia dira COVID19aren eszenategi honetan. Astelehenetik aurrera, 70 autobusek baino gehiagok erakutsiko dute ziurtagiri-marka hori.

2020/06/08

Alerta sanitarioko deskonfinaminduaren 3. fasea hasi eta berehala, Lurraldebusek bete-betean funtzionatzen du dagoeneko linea guztietan, Gipuzkoan autobus guztien % 100 erabilgarri edukiz garraio publikoko zerbitzua segurtatzeko. Mugimendu-askatasunaren eragina argi geratu da dagoeneko autobusen erabilera-kopuruetan, eta apurka berreskuratzen ari dira ohikoak dituen erabilera maila handiak.   

 

Foru Aldundiko Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuak sendotu egin ditu hilabete hauetan Lurraldebuseko unitateen segurtasun- eta garbitasun-kontrolak; izan ere, Rafaela Romero diputatuaren esanetan, “mugikortasun-zerbitzu publikoak ezin bestekoak dira jende guztiak joan-etorrietarako aukera berdinak dituela segurtatzeko eta, aldi berean, mugikortasun jasangarriko ereduaren aldeko gure apustu irmoan atzera ez egiteko”.

 

Astelehenetik aurrera, Gipuzkoan barrena ibiliko den 70etik gorako autobus-flotak AENORen ziurtapena erakutsiko du. Ziurtapen horrek bermatzen du protokolo espezifikoak eta oso zorrotzak aplikatzen direla, hala garraio publikoko erabiltzaileen eta pertsona profesionalen osasun eta segurtasunerako nola beren jarduerako arlo guztietan Covid-19a ez kutsatzeko edo kutsatzea murrizteko.

AENOR neurri horien irmotasuna ziurtatzen duen ospe eta zorroztasun goreneko erakunde independentea da, nahitaezko estandarrak eta administrazio eskudunen gomendioak erreferentziatzat hartzen dituena.

 

AENORek ondutako metodologiak esan nahi du tratamendu osoa ematea COVID-19ak sortutako arriskuen kudeaketari. Zirkunstantzia hauetako segurtasunarekin zerikusia duten alderdi guztiei kudeaketa integrala ematea bermatzen du, puntu hauexen kudeaketari buruzko auditoretzaren bidez: laneko osasuna, garbitasun eta arropa-garbiketarako jardunbide egokiak, produktu kimikoen erabilera zuzena, enplegatuen garraioa, norbere higienerako jardunbide onak eta norbere babeseko ekipamenduen erabilera. Aldi berean, bermatzen du lantalde profesionalen prestakuntza eta informazioa, alde interesatuekiko komunikazioa, hondakinen kudeaketa eta arriskuak albait gehien gutxitzeko antolamendu-neurriak. AENORek berak hiruhilekoan behin berrikusiko du protokolo hori zorrozki betetzen dela instalazio guztietan eta, hartara, zerbitzuaren kalitatea eta segurtasuna bermatuko da.

Gainera, hurrengo astelehenetik aurrera, Gipuzkoako Gurutze Gorriko boluntarioek 40.000 maskara inguru banatuko dituzte guztira hainbat herritan, Eusko Jaurlaritzak hornituta, eta eskueran izango dira autobus-geralekuetan bertan.

Rafaela Romero Gipuzkoako Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako diputatuak mugikortasuneko zerbitzu publikoaren garrantzia nabarmendu du, eta gogora ekarri du, halaber, erabiltzaile bakoitzak erantzukizuna duela. “Lurraldebuseko profesionalak eginahalak egiten ari dira gure autobusen baldintza onenak segurtatzeko, funtsezkoak baitira bermatzeko inork ez diola bere enpleguari, bere heziketarekin jarraitzeari edo aisialdiari uko egiten ezin delako Gipuzkoan barrena mugitu. Pertsona bakoitzak bere erantzukizunak hartu behar ditu garraioaren erabileran, eta Lurraldebus bere zatia egiten ari da, segurtasun-protokoloak eta baliabideak hornituz. Garai honetarako behar diren zuhurtasun-neurriak hartuz, autobusa bitarteko oso gomendagarria da, eta herritarrei dei egin nahi diet erabiltzen jarrai dezaten, kohesioa eta jasangarritasuna eraikitzen jarraitzeko.

  

1527