Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Afagik 30 urte bete ditu Alzheimerra duten pertsonen eta haien ingurukoen ondoan

Afagik 30 urte bete ditu Alzheimerra duten pertsonen eta haien ingurukoen ondoan

‘Zure alboan’ lelopean, Afagiren helburua da Alzheimerra duten pertsonen eta haien senideen ondoan jarraitzea, baita haien guztien egoera ezagutarazi eta gizartea horren inguruan kontzientziatzea ere.

Datorren asteartean, irailaren 21ean, Alzheimerraren Munduko Eguna ospatuko da, eta Afagik –Gipuzkoako Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten senideen, lagunen eta pertsonen elkartea–, Alzheimerra duten pertsonen eta haien senideen eta zaintzaileen egoera ikusarazteko urteko kanpaina berreskuratuko du. Gaur irailaren 17tik, azaroaren 10era arte, Gipuzkoa osoan zehar banatutako 10 jardunaldi eta 7 informazio mahairen bidez, Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten familia eta pertsonengana hurbiltzeko ahalegina egingo du Afagik, eta, aldi berean, kontzientziazio eta sentsibilizazio lanarekin ere jarraituko du.

          Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak eta Koldo Aulestia Afagiko presidenteak prentsaurrekoan aurkeztu dute Alzheimerren Munduko Egunaren testuinguruan eta elkartearen 30. urteurrenaren esparruan antolatutako egutegia. ‘Zure alboan’ lelopean, Alzheimerra edo beste dementzia batzuk pairatzen dituzten pertsona eta familia askorentzat “erreferentzia eta etxe” izaten jarraitu nahi du Afagik. Maite Peñaren hitzetan, kanpaina honen helburua da Alzheimerraren aurkako borrokan dauden premiak erakutsi eta eskakizunak planteatzea, eta gaixoen egoera ikusaraztea, baita haien inguruko pertsonena ere.

          Maite Peñak azpimarratu du Afagik egiten duen lana “behar-beharrezkoa” dela, “baita COVID-19aren testuinguruan ere, egokitze gaitasun handiarekin lan egin baitu beti, Alzheimerra duten pertsonei eta haien familiei eskaintzen dizkieten arreta eta laguntzaren bitartez. Laguntza hori funtsezkoa da ziurgabetasun handiko garai zail hauetan”. Diputatuak gaineratu duenez, “diziplinartekotasunaren ikuspegitik, jorratze eta arreta integraleko eredu batean sakontzen jarraitu behar dugu, ez bakarrik gaixotasuna pairatzen duten pertsonentzat, baita haien senide eta zaintzaileentzat ere”.

Alzheimerren gaitzak erasandako pertsonak, gaur egun, 12.930 dira Gipuzkoan; beraz, 38.790 senide zaintzaileri erasaten die, “baina aurreikuspenek ohartarazten digutenez, 2050ean 36.790 pertsonari baino gehiagori erasango die, eta 116.370 senide zaintzaileri baino gehiagori. Aurreikuspen horiek oso kontuan hartzen ditugu, eta laguntzen digute etorkizuneko gizarte politikak diseinatzen”. Lan hori 20-30 Agendaren esparruan egiten ari gara, Maite Peñak gogorarazi duen bezala, gizarte politiketan inplikatutako pertsona eta erakunde guztiekin lankidetza estuan. “Horregatik, –jarraitu du Peñak–, Afagi bezalako elkarteen eskutik lanean jarraituko dugu, gizarte kontzientziazioan sakonduz, sentsibilizazioaren, komunitatearen inplikazioaren eta ikerketarako laguntzaren bidez”.

 

Foru arduradunak azpimarratu du gizarte kontzientziazioan sakontzearen garrantzia, Alzheimerrari modu egokian eta integralean helduko zaiola bermatzeko, bai eta pandemiaren testuinguruan azaleratutako erronketan lan egiteko ere. Aulestiak zein Peñak defendatu dute prebentzioa oraindik ere giltzarria dela gaixotasunari aurrea hartzeko. “Alzheimerra, bereziki, eta dementziak, oro har, mendekotasunaren kausa nagusi gisa ageri dira, eta diagnostiko goiztiarra eta egokia da lortu nahi dugun helburuetako bat; izan ere, gaixotasunaren agerpena gertatu baino askoz ere lehenago agertzen dira lehen sintomak”, gogorarazi du diputatuak.

 

Koldo Aulestiak Azheimerraren eta beste dementzia batzuen munduan esku hartzen duten eragileek konpromiso aktiboa hartzeko deia egin du, hari “modu integralean heltzeko” bidean progresiboki aurrera egingo duen elkarreragina bultzatzeko, lau ardatzetan oinarrituta: zerbitzu soziosanitarioak, prestakuntza, ikerketa biologikoa eta soziala, eta alderdi juridikoak zein ekonomikoak.

 

Afagi ‘Zure alboan’

 

Aulestiak azaldu duenez, ‘Zure alboan’ kanpainarako aukeratutako leloak oso ongi islatzen du Afagiren ibilbidea: 30 urte hauetan konpromiso aktiboa izan du eta Alzheimerraren edo beste dementzia batzuen ondorioak pairatzen dituzte pertsonen, gaixoen eta senide zaintzaileen ondoan egon da.

Iaz pandemiak sortutako ezohiko egoeraren ondoren, aurten Afagik urteroko ohiko kanpainari ekin dio berriro: Gipuzkoako hainbat eskualdetara iritsiko da, Alzheimerraren inguruan laguntza eta kontzientziazioa zabaltzen laguntzeko.

          Kanpaina bihar hasiko da, urriaren 18an: kontzertu solidario bat eskainiko da Orioko Bariko San Nikolas parrokian. Irailaren 21ean, Alzheimerraren Nazioarteko Egunean, Koldo Aulestiak hitzaldi bat eskainiko du Andoaingo Bastero Kultur Etxean, “Alzheimerrarekin batera bizi” izenburupean. Hitzaldiak irailean, urrian eta azaroan egingo dira Tolosan, Pasaian, Arrasaten, Eibarren, Ordizian eta Zarautzen.

          Irailaren 25ean, larunbata, VIII. Giza Katea egingo da Kontxan, eguerdiko 12:00etan, eta informazio mahai bat egongo da Cervantes plazan. Irailerako hainbat informazio mahai antolatu dira Gipuzkoako hainbat udalerritan (Irun, Hondarribia, Eibar, Mutriku, Elgoibar, Arrasate, Ordizia, Pasai Donibane, Errenteria, Zarautz eta Orio).

Era berean, urriaren 6an, Pablo Martínez Lage CITA Alzheimer-eko zuzendari zientifikoak Alzheimerren tratamenduari eta prebentzioari buruzko webinar bat eskainiko du Zoom bidez: “Alzheimerraren tratamendua eta prebentzioa: garai berri baterantz”. Kanpaina amaitzeko, betiere pandemiaren bilakaeraren arabera, bazkide topaketa bat antolatuko da Donostian, Afagiren 30. urteurrena dela eta.

  

1631