Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea AFAGIk Alzheimerraren Munduko Egunerako kanpaina berria abiarazi du ‘Elkarrekin indartsuagoak gara’ lelopean

AFAGIk Alzheimerraren Munduko Egunerako kanpaina berria abiarazi du ‘Elkarrekin indartsuagoak gara’ lelopean

• Irailean zehar AFAGIk hainbat sentsibilizazio ekitaldi antolatu ditu, hala nola, irailaren 21eko ‘Giza katea’, informazio mahaiak edo ‘Alzheimerrarekin elkarbizi’ hitzaldiak. • Maite Peñak, Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuak, azpimarratu du garrantzitsua dela Alzheimerrari aurre egiteko eta kontzientziazioa sortzeko konpromisoa hartzea.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Irailaren 21ean da Alzheimerraren Munduko Eguna eta, AFAGIk, Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten pertsonen, lagunen eta senideen Gipuzkoako Elkarteak, kanpaina berria aurkeztu du ‘Elkarrekin indartsuagoak gara’ lelopean. Kanpainaren helburu nagusia da Gipuzkoan Alzheimerra duten 14.400 pertsona baino gehiagoren egoera ikusaraztea, eta haiekin batera, baita beraien senideena eta zaintzaileena ere. Honen berri emateko asmoz, agerraldia egin dute gaur Maite Peña Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuak eta Iñaki Olalde Afagi elkarteko presidenteak.

Maite Peña: “Konpromisoak komunitarioa izan behar du”

Aurtengo leloak, ‘Elkarrekin indartsuagoak gara’, batera lan egiteko beharra islatzen du: esparru horretan, Maite Peña diputatuak berretsi du konpromisoak komunitarioa izan behar duela: "Funtsezkoa da, gure politiken diseinuan, inplikatutako pertsona eta eragile guztien ahotsak kontuan izatea, eta 2020>2030 Agendarekin aurrera egiten jarraitzea". Peñak azpimarratu du elkar aritzearen garrantzia,  gaixotasun hori dutenek eta ingurukoek ondoan senti gaitzaten: "Funtsezkoa da bai erakundeok bai herritarrok kontzientzia hartzea eta gure erantzukizuna onartzea."

Gainera, Peñak AFAGI hiru hamarkada baino gehiagotan egiten ari den lana nabarmendu du agerraldian: "AFAGI konpromiso horren adibide argia da. 33 urte daramatzate Alzheimerrarekin eta beste dementzia batzuekin bizi diren pertsonei eta familiei laguntzen. Erreferente, etxe eta babesleku dira guztientzat".

Hori horrela, diputatuak Alzheimerraren Nazioarteko Egunaren garrantzia azpimarratu du, gaixotasunari buruz kontzientziatzeko aukera gisa: "Irailaren 21aren bueltan antolatzen diren ekintzek ez dute soilik gaixotasuna ikusaraztea helburu; honek sortzen duen mendekotasunari eta diagnostiko goiztiar baten garrantziari buruzko kontzientzia sortzea ere bada nahia".

Iñaki Olalde: “Gipuzkoa solidarioagoa nahi dugu gaixotasuna duten pertsonekin”

Iñaki Olaldek, AFAGIko presidenteak, azaldu du aurtengo leloarekin, ‘Elkarrekin indartsuagoak gara’, gizartearen, administrazio publikoen eta erakunde pribatuen arreta erakarri nahi dela, “hiru talde horietako bakoitzak bere aletxoa jar dezan”. Hori horrela, Olaldek gaineratu du “Gipuzkoako gizarteari helarazi nahi diogun mezua da solidarioagoa izan dadila gaixotasuna duten pertsonekin, ez dezatela beste aldera begiratu. Gizarteak Alzheimerra existitzen dela jakin dezan nahi dugu; izan ere, askotan, adinagatik burua galtzen ari dela pentsatzen da, baina, ez da horrela. Gaixotasuna bat da eta izena du: dementzia, eta gehien diagnostikatzen den dementzia mota Alzheimerra da”.

Hori horrela, Olaldek gogorarazi du AFAGIk gizarte inklusibo baten alde borrokatzen duela, Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten pertsonek komunitatearen parte aktibo izaten jarrai dezaten, “aurreiritzirik eta estigmarik gabe”. Hala, AFAGIk gizarte-kontzientziazioaren, profesionalen prestakuntzaren eta komunitate-inguruneen laguntzaren garrantzia aldarrikatzen du, “gaixotasun horiek dituztenen irisgarritasuna eta babesa bermatzeko”. Zaintzaileen funtsezko zeregina ere nabarmendu nahi du Olaldek: “lehentasunezko arreta eskatzen dugu gizarte eta osasun-politiketan”. Halaber, diagnostiko goiztiar baten beharra nabarmendu du, “esku-hartzeak hobetzeko eta eragindako pertsonen autonomia luzatzeko”.

Alzheimerraren Munduko Egunaren inguruan antolatutako ekitaldiak

AFAGIk antolatutako ekitaldien artean, XI. Giza Kate Solidarioa nabarmentzen da. Irailaren 21ean bertan izango da, 12:00etatik 12:20ra, Kontxako barandan, Cervantes plazaren aurrean; eta helburu izango du Alzheimerraren errealitateaz sentsibilizatzea. Gainera, honako jarduera hauek programatu dira:

Informazio-mahaiak: Arrasate (irailaren 14an), Pasaia Donibane (irailaren 15ean), Errenteria (irailaren 16an), Orio (irailaren 19an), Irun, Mutriku eta Zarautz (irailaren 20an) eta Donostia eta Ordizia (irailaren 21ean).

Halaber, bi hitzaldi antolatu dira, ‘Alzheimerrarekin elkarbiz’ izenburupean: Oñatin, irailaren 17an, 18:30ean, Kultur Etxeko zinema aretoan; eta Mutrikun, urriaren 3an, 18:30ean, Jubilatuen Elkartearen egoitzan.

  

4932