Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Asensiok erantzukizunez jokatzeko eskatu die mankomunitateei, hondakinen kudeaketaren kostua handitu ez dadin

Asensiok erantzukizunez jokatzeko eskatu die mankomunitateei, hondakinen kudeaketaren kostua handitu ez dadin

Ez dago zabortegi berriak irekitzearen alde

2016/05/26
  • Ez dago zabortegi berriak irekitzearen alde

Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok agerraldia egin du gaur Batzar Nagusietako Ingurumen Batzordearen aurrean, zabortegi berri bat irekitzeari buruz egindako galderari erantzuteko.

Lehenik eta behin, Asensiok argitu nahi izan du hondakinen altako tratamenduaren gaineko eskumena ez dela soilik Foru Aldundirena, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioarena baizik, eta Kontsortzioan, Aldundiaz gain, lurraldeko beste 8 mankomunitate ere badaude. “Beraz, hondakinen gaineko erantzukizuna guztiona da”, esan du.

Hala ere, eta Kontsortzioko presidente den heinean, berretsi du Foru Aldundia “ez dagoela zabortegi berriak irekitzearen alde, baina bai egun irekita dauden eta beste kalifikazio bat duten zabortegiak aldi baterako gaitu eta modu iragankorrean gipuzkoarrok sortzen ditugun hiri hondakinak hartzeko moduan jartzearen alde".

“Behin eta berriro eskatu diet mankomunitateei erantzukizunez joka dezatela, ez baita besteen arazoa, guztiona baizik.  Gure hondakinak kudeatu behar ditugu, beharrezkoak diren azpiegiturak martxan jarri arte, eta ingurumenari dagokionez nahiz ekonomikoki jasangarria den soluzio bakarra da Gipuzkoan bertan edukitzea azpiegitura bat. Baina mankomunitateek Kontsortzioan beti erantzun bera eman dute: isiltasuna".

Asensiok azaldu du behar hau azpiegiturarik ez egoteak eragin duela, eta hori Foru Aldundiko aurreko gobernuak hartutako erabaki politikoen ondorio dela. Era berean, gogorarazi du zabortegi bakarra dagoela irekita, Lapatxekoa, eta betetzear dagoela. Gainera, bere edukiera urtebete gehiagorako zabaltzea proposatu zitzaion arren, Urola Erdiko Mankomunitateak baztertu egin zuen soluzio hori. Egoera horren aurrean, GHKk lurraldetik kanpo bilatu behar izan du soluzioa, Kantabriako Meruelon alegia. Egoera hau dela eta, Asensiok erantzunkizun politikoak eskatu dio Bilduren aurreko gobernuari.

Ingurumen diputatuak berriro eskatu die mankomunitateei erantzukizunez joka dezatela, lurraldean bertan kokatuko den aldi baterako soluzio iragankor bat aurkitu ahal izateko, behin betiko azpiegiturak martxan jarri arte, Kantabriako soluzioak % 40 areagotzen baitu zerbitzuaren kostua, eta, gainera, garraioa ere handitu egiten denez, emisioen ingurumen eragina ere handitu egiten da.

Asensiorentzat paradoxikoa da erraustegirik nahi ez duten horiek jadanik irekita dagoen zabortegi bat aldi baterako gaitu nahi ez izatea, eta Kantabriarekin lortutako akordioa ere nahi ez izatea. “Esango didate ba zer egingo dugun orduan gure hondakinekin”.

  

1322