Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aiako Harriko Parke Naturaleko Eguna ospatu da Aritxulegin, giro ederrean

Aiako Harriko Parke Naturaleko Eguna ospatu da Aritxulegin, giro ederrean

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako jardunaldiak, Oiartzungo Udalaren laguntzarekin, naturarekiko lotura eta kontzientzia sustatu nahi izan ditu.

2025/06/02
Gipuzkoako Foru Aldundia

Igande honetan ospatu da Aiako Harriko Parke Naturaleko Eguna Aritxulegin, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta eta Oiartzungo Udalarekin elkarlanean. Ia egun osoko egitaraua osatu da naturarekin konektatzeko aukera eskaini nahi izan duen ekitaldi honetan, eta jende ugari bertaratu da, giro atsegin eta parte-hartzailean.

Ospakizunaren helburua Aiako Harriko Parke Naturalaren balioa eta funtzioak ezagutaraztea izan da, bai ondare naturalaren babesleku gisa, bai aisialdirako eta abeltzaintzarako gune gisa. Alde horretatik, ekainaren 1a data esanguratsua izan da ospakizunerako: animaliak mendiko larretara igotzeko sasoian kokatu da, eta gainera, maiatzean zehar ospatzen diren Natura 2000 eguna (maiatzaren 21ean) eta Europako Natura Parkeen Eguna (maiatzaren 24an) kontuan hartu dira. Aurtengo edizioak, gainera, testuinguru berezia izan du: “Ipuskoa1000” ospakizunen baitan kokatu da, Gipuzkoa izena lehen aldiz dokumentatu zenetik 1.000 urte betetzen direnean, eta horrek egitasmoari balio historiko eta sinboliko berezia eman dio.

Egitaraua goizeko 10:30ean hasi da, eta parte-hartzaileek hurbiletik ezagutu ahal izan dituzte artaldeak eta horrek paisaian duen eragina. Ondoren, basozain batek Basabizin erreskatatuko hegazti bat askatu du, aurretik zentroaren funtzionamendua eta hegaztiaren egoera azaldu ondoren.

Jarraian, euskal makila borrokaren erakustaldia eskaini du Oiartzungo elkarte batek, eta ikus-entzuleek aukera izan dute teknika tradizional horren nondik norakoak ezagutzeko. Musikak hartu du lekukoa ondoren. Et Incarnatus taldeko soka boskote batek “Menditik itsasoraino dantzan (I)” emanaldia eskaini du, Migel Zeberioren zuzendaritzapean. Egitaraua amaitzeko, gazta dastaketa eta salmenta izan da.

Antolakuntzak eskertu egin nahi die bai bertaratu direnei, bai eguna aurrera eramateko lankidetzan aritu diren eragile eta boluntario guztiei. Halaber, nabarmendu du halako ospakizunek aukera ematen dutela gure natura-parkeen balioa ikusarazteko eta belaunaldi berrien artean kontzientzia ekologikoa sustatzeko.

  

2990