Aldundiak Hondarribiko Alardean plastiko beltzak ez erabiltzeko eskatzen du
Aldundiak Hondarribiko Alardean plastiko beltzak ez erabiltzeko eskatzen du
Eraso bat dira emakumeen aurka, eta festaren zentzua estaltzen dute.
Diputatu nagusiordea Jaizkibel Konpainia eta Alarde tradizionala ikustera joango da, eta eskatzen du «festak bizitzeko modu desberdinak begirunez eta pozez bizitzea, hori baita liskarrak gainditzeko eta topaguneak aurkitzeko modurik onena».
Denis Itxaso Hondarribian izango da larunbatean bi alardeak ikusten, eta aldarrikatu du festaz gozatzeko modu desberdinak begirunez bizitzea denok. Foru erakundeko Kulturako buruak gogora ekarri du festa poza eta kolorea dela eta, Hondarribiaren kasuan, ikusgarria dela hondarribiar guztiek festa nola bizi eta sentitzen duten. «Baina festaren kolorea ez da beltza, eta saiatu beharko ginateke poza eta harrotasuna ez bilakatzea zatiketa, zerekin eta material batekin, plastikoarekin, eta kolore batekin, beltzarekin, zeinek Alardeak adierazten duen guztia ukatzen baitute», esan du. «Eraso bat dira, helburu bakarra dutena emakume eta gizonek inoren aurka ez doan formula batekin festan parte hartzeko gogoa ezkutatzea».
Itxasoren ustez, «begirunez elkarrekin bizitzea beste modu batean pentsatzen dutenak onartzea da, hots, haien gogoak berdintasunean eta askatasunean aldarrikatzeko eskubidea onartzea. Printzipio nagusi hori, horrela ekarrita, denok onartzen dugu, eta ez dago arrazoirik salbuetsita egoteko Hondarribiko Alardean. Plastiko beltzen bidez festa nahi duten bezala bizi dutenak ezkutatu nahi izatea haien eskubideak ukatzea da; non, eta definizioz guztiona den espazio publiko batean, gainera. Ezkutatu nahi horrek garbi utzi nahi du zati batek ez duela balio, eta hori bereziki mingarria da emakumeentzat, zeinak diskriminazio agerienetako bat jasaten baitute presentzia publikoa bera ukatu nahi zaienean», azaldu du.
«Espazio publiko batean plastiko beltzak jarrita, esaten da Alarderen festa ez dela espresio askatasunaren festa; esaten da ez duela espresio askatasunik esaten duenak (esaten dugunok) emakumeek eskubidea dutela festan izateko beraiek nahi duten rolarekin, tradizioak, historiak, eta auzo batzuek ezartzen dieten rola gorabehera».
Aldundiko bigarrenaren iritziz, festak eta Alardea jai espresiobide handiak dira, batasun elementu bat dira eta, orobat, komunitate baten ezaugarri diren elementu propioen aldarrikapen bat. Batzen gaituen horren eta partekatzen dugun horren gorespenak helburu du gure harremanak sendotzea, eta pozteko modukoa da hori, aurrerapenari laguntzen baitio, eta auzo bateko, udalerri bateko, herrialde bateko edo futbol talde bateko garenon ongizateari ere bai. «Baina gorespena baztertzailea denean, banaketa eta haserre iturri bihurtzen da, eta komunitateari egiten dio kalte azkenean eta, kasu honetan, Alardeari berari eta Hondarribiari».
Horrenbestez, Denis Itxasok eskatu du alardea eta Hondarribia maite duten guztiek ahalegin bat egin dezaten, koloreak, festak eta poza izan daitezen garaile. «Festa bizitzeko modu desberdinak, partekatzen ez diren jardunak, begirunez bizi behar dira, plastiko beltzik gabe, Alardeak eta Hondarribiak merezi ez duten itzal ilun bat baino ez baitira», amaitu du.
2592