Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Orientazio-sexualen eta Genero-identitateen ondorioz jasotzen diren gorroto-delituei begirada orokorra

Orientazio-sexualen eta Genero-identitateen ondorioz jasotzen diren gorroto-delituei begirada orokorra

Ostegunean OSGI gorroto-delituei begirada orokorra dokumentala aurkeztuko da Tabakaleran.

2019/05/15

Ostegunean, maiatzaren 16an, OSGI gorroto-delituei begirada orokorra dokumentalaren aurkezpen ekitaldia egingo da.

Maiatzaren 17an homofobia eta transfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna izanik, garapenerako lankidetzako buruak, Fernando San Martinek, eta ALDARTE elkarteko Gipuzkoako arduradunak, Cristina Ruedak, OSGI gorroto-delituak proiektuaren aurtengo emaitzak aurkeztuko dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundiak babesten duen proiektu honek helburu argi bat du: sexu-afektibitate zein nortasun ez-hegemonikoak dituzten pertsonek pairatzen dituzten indarkeriak azaleratzea eta errealitate horri aurre egiteko irtenbide positiboak sortzea. Era berean, proiektu honen bitartez, mugak zeharkatzen dituen arazo honen inguruko kontzientziazioa eta sentikortasuna sustatu nahi dira jendartean.

San Martinek hau adierazi du “LGTBI kolektiboko kideen eskubideen defentsa giza eskubideen defentsarekin lotuta dago, eta ezinbestekoa da berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko”. Horregatik da Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetza politikaren ardatz nagusia.

Gorroto-delituak tolerantzia ezan eta aniztasuna ez onartzean oinarritzen dira eta pertsonen berezko duintasuna eta giza eskubideak delitu bidez ukatuta sortzen dira. Arau-urratze horiek, delitu direnez, gizatasuna askotarikoa dela aitortzen duen printzipioaren hondamena dakarte, eta, era berean, errespetu eta begirune falta adierazten dute. Azken finean, gorroto-delituek biktimen askatasun nahiz berdintasun eskubidea zapuzten dute. Biktima edo biktimak LGTBI kolektiboaren parte izateagatik aukeratzen direnean, OSGI gorroto-delituen inguruan hitz egiten da.

OSGI gorroto-delituak errealitate globala dira eta mundu osoan gertatzen dira, gizarte guztietan. Nahiz eta sexu- eta genero-aniztasunaren kolektiboa babesteko geroz eta lege gehiago egon badauden, oraindik, zenbait lekutan LGTBIa izatea oso arriskutsua da; esaterako, 11 herrialdetan heriotza-zigorra ezartzen zaie, 59 herrialdetan kriminalizatu egiten dituzte eta 55 herrialdetan ez dituzte inondik inora babesten. Era berean, ezinbestekoa da aipatzea, egun, soilik 9 estatutako konstituzioek bermatzen dutela sexu-autodeterminazioa.

Espainiako Barne Arazoetako Ministerioaren txostenean jasotako datuei begiratzen badiegu, Euskadi gorroto-delitu gehien gertatzen diren hirugarren erkidegoa da. Probintziak aztertuz gero, Bizkaia laugarren postuan dago eta Gipuzkoa zazpigarrengoan. Zenbaki horiek erakusten digute afera honek gure lurraldean zer nolako dimentsioa duen eta, batez ere, horrelako egitasmoek duten garrantzia.

ALDARTEren proiektuaren baitan, ikasturte honetan, hainbat ekintza gauzatu dituzte, besteak beste: topagunerako eta elkargunerako espazioa izateko, https://kooperaldarte.org/ webgunea elikatzea; etorkizuneko profesionalak gai honen inguruan sentsibilizatzeko, OSGI gorroto-delituei begirada orokorra erakusketa ibiltaria zenbait eskoletara eramatea eta, horietan, formakuntza-saioak eskaintzea; errealitatea azaleratzeko, online ikastaroa eta mahai-inguruak antolatzea; salaketarako erreminta izateko, Sexu- eta genero-aniztasuna defendatzeko nazioarteko sarea sustatzea eta OSGI gorroto-delituei begirada orokorra dokumentala egitea.

Dokumental horren bitartez, Sexu-orientazio eta genero-identitateagatik gertatzen diren gorroto-delituei aurre egiteko estrategiak: begirada orokor bat ikerketan jasotako ondorio azpimarragarrienak laburbildu nahi izan dituzte eta, bide batez, hainbat testuingurutan LGTBI pertsonek bizi duten errealitatea azaleratu. Era berean, OSGI gorroto-delituen begirada zabalago bat eskaini nahi izan dute, esperientzia pertsonal zein kolektiboetan oinarritzen diren bizirauteko ekintzetan, aurre egiteko mekanismoetan eta eraldatzeko estrategietan ikuspuntua jarrita.

Lan horrek Guatemalako, Nikaraguako, Mexikoko, Honduraseko, Espainiako eta Euskadiko zenbait LGTBI elkartetako ordezkarien testigantzak jasotzen ditu. Besteak beste, pertsona hauek hartu dute parte: Oasis elkarteko Vinicio Alvaradok eta Jorge Lópezek, Programa Feminista La Corrienteko Cristina Arévalok eta Juanita Urbinak, CPK-ko Lolita Chávezek, Agenda Política Trans de México A.C.ko Lola Dejavúk, Triángulo Fundazioko Lidia Delgadok, Trans en Tacones elkarteko Simoné Janeirok, Guatemalako lehenengo diputatu lesbiana den Sandra Moránek, Elena Olaortua ALDARTEko kideak, La Cuerdako María José Rosalesek, Medeak elkarteko Ana Txurrukak, ANIT elkarteko Ludwika Vegak eta Safo talde lesbikoko Martha Villanuevak.

Aurkezpen ekitaldia, maiatzaren 16an, arratsaldeko 18:30etan, Tabakalerako Z aretoan, Donostian, izango da sarrera librea da. 

  

1799