Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundia berehala jardungo da denboraleak N-634 errepideko horman eragindako kalteak konpontzeko

Aldundia berehala jardungo da denboraleak N-634 errepideko horman eragindako kalteak konpontzeko

Diputatuen Kontseiluak larrialdiagatiko lanak izapidetzea onartu du; obrek 350.000 euroko kostua izango dute eta astebete baino lehen hasiko dira

2024/02/20
Gipuzkoako Foru Aldundia

Diputatuen Kontseiluak argi berdea eman dio N-634 errepidearen Getariako 21,110 eta 21,125 k.p.en artean eroritako horma birgaitzeko larrialdiko obrak kontratatzeko prozesuari. 2024ko otsailaren 9 eta 10eko asteburuko Karlotta denboralearen ondorioz, aipatutako tartean horma erori eta zulo bat sortu zenez, Kontseiluak Bide Azpiegituretako diputatuari ahalmena eman dio larrialdiko obra horietarako gastua konprometitu eta 350.000 euroko kontratazioa formaliza dezan, Irune Berasaluze foru diputatuak adierazi duenez. Aurreikuspenen arabera, lanak astebeteko epean hasi ahal izango dira, eta jarduketek, ziurrenik, errepidea erabat moztea eskatuko dute, obrak iraungo duten 4 asteetan.

Denboraleak eragindako zuloa 5,50 m inguru sakon da eta errepidearen kanpoko erreiari eragin dio; hartara, errei horretan trafikoaren zirkulazioa itxi da eta barneko erreian zirkulazioa mantendu da semaforo bidez erregulatutako ibilgailuen txandakako pasabide gisa. Bozeramaileak adierazi duenez, “errepidearen plataformaren egonkortasuna itsasoko denboraleen erasoei eusteko duen gaitasunaren araberakoa da”, eta kostako horma desagertzeak “suposatzen du olatuen erosioa nabarmen handitzea, eta horrek galtzadan depresio handia eragin dezake, ez bagara azkar jarduten; hartara, beharrezkoa da larrialdiko jarduketa bat egitea, arriskua dagoelako mugimenduek aurrera egiten jarraitu eta eragindako kalteak ugaritzeko”.

"Erabaki honen helburua da berehala berreraikitzea horma, kalteak handiagoak izan ez daitezen eta konplexutasun handiko esku-hartzea da, mareen joan-etorriaren eragina dela eta”, gaineratu du. Obretan, lehenik eta behin, zulatutako zatiaren estalkia eraitsiko da, horma berreraikitzean materialik aska ez dadin, eta, horrela, jarduketa egingo den hormaren 15 metroen segurtasuna bermatzeko. Era berean, oinezkoentzako sarbide bat jarriko da obretako langileentzat, sarbide segurua bermatzeko. Horma berria kareharrizkoa eta hormigoizkoa izango da, 8 metroko altuerakoa, eta oinarria hormigoizko biraltze batekin babestuko da, 2 metroko altueran. Horma berreraikitzeko lanak amaitu ondoren, urbanizazio-elementuak eta eragindako zorua berrituko dira.

Badalaberako ekarpena

Saio berean, Kontseiluak 500.000 euroko ekarpen ekonomikoa onartu du Errenterian dagoen BadaLab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiaren jarduera babesteko. Badalab Aldundiak euskararen biziberritzean inplikatutako sektoreekin sustatutako partaidetza prozesuaren emaitza da, erronka prozesu horretan berrikuntza sortzeko beharrezko oinarriak aurkitzeko helburuarekin. Oinarria da eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza, gizartearen zenbait sektoretan proiektu berritzaileak sustatu eta testuinguru eleaniztun batean euskara komunikazio hizkuntza nagusi bihurtzeko.

Diputatuen Kontseiluaren 2021eko uztailaren 13ko erabaki bidez onartu zen Aldundiaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen, Euskal Irrati Telebistaren, Soziolinguistika Klusterraren, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren, Arantzazu Gaur fundazioaren, Langune-Hizkuntza industrien elkartearen eta Euskaltzaindiaren artean hitzarmen bat sinatzeko proiektua, Badalab Hizkunza Berrikuntza Laborategiaren partzuergoa eratzeko. Zentroa 2022ko uztailean inauguratu zen, eta 180 m2 inguruko bi solairu ditu. Espazio horretan daude, batetik, Badaplaza, adimen kolektiboa sustatu eta ekintza komunitarioak burutzeko, eta ekoistemako eragileek eta herritarrek erabiltzeko aukera ere ematen du. Bestetik, proiektuen taldearen zerbitzura daude Badatokia eta esperimentatzeko eta prototipatzeko espazioak. Bertan bat egiten dute euskaratik aniztasunean eragiteko helburua duten Errenteriako beste hainbat elkartek.

Goiatz Oiartzabalek zuzentzen duen laborategiak hiru lerro nagusitan lan egiten du: euskararen erabilera sendotzeko ekosistema berritzaile eta anitza sortzea; abangoardiako prototipo eta proposamen sozial berritzaileak egitea euskaratik, eta euskarazko narratiba eta bizipen berriak sortzea, formatu eta testuinguru anitz eta digitaletan (aisia, kultura, lana, etab.), gazteak kontuan izanda. Berasaluzek azpimarratu duenez, “Badalabek bide eraldatzaile bat zabaldu du gure hizkuntza biziberritu eta indartzeko, berrikuntza, aktibazio soziala eta esperimentazioa bezalako oinarrizko printzipioetatik abiatuta. Ekimen aitzindaria da Europan, eta fruituak ematen jarraitzea nahi dugu”, azaldu du.

“Badalab pizgarria dugu da tresna, proiektu eta baliabide berriak eskatzen dituzten garai berri hauetan. Aniztasunetik abiatuta, lankidetza zabala aktibatuz, eta ikuspegi eraldatzaile batekin, tresna berritzailea da euskararen etorkizuna indartzeko", amaitu du.

  

591