Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundia Eibarren egon da eta lankidetza instituzionalak kontrastatu ditu Udalarekin

Aldundia Eibarren egon da eta lankidetza instituzionalak kontrastatu ditu Udalarekin

Aldundiaren bisita instituzionala Eibarrera

2018/02/22

Denis Itxasok Tekniker, Biarrian eta Alfa Arte bisitatu ditu, eta Miguel de los Toyos alkate jaunarekin egon da kultur etxean, zeina berritzeko 150.000 euroko ekarpena egin baitu foru gobernuak.

Bi erakundeak elkarlanean ari dira, Europako ordezkaritza batek bisita egin dezan Eibarko teknologia eta ikerketa gunera. Bestalde, Eibar eta Elgoibar lotuko dituen bidegorri proiektuaren egoera berrikusi da, «bizikleta bidezko mugikortasunaren arloko legealdiko inbertsiorik anbiziosoena baita».

Lehen diputatu nagusiorde eta Kultura, Turismo eta Kirol Departamentuko arduradun Denis Itxasok bisita instituzionala egin du Eibarrera, Miguel de los Toyos alkate jaunarekin eta hainbat eragile kultural eta ekonomikorekin Eibarko herriarentzat interesekoak diren gaiak aztertzeko. Itxasorekin batera egon dira Kulturako zuzendari Maria Jose Telleria, Kiroleko zuzendari Goizane Álvarez eta Lankidetzako Fernando San Martin. Lehendabizi Teknikerren izan dira, lehen eskutik ezagutu nahi izan baitituzte berrikuntza gune hau garatzen ari den proiektuak. Gainera, egiten ari diren proiektu europarren errepasoa egin dute, kontuan hartuta Europako ordezkaritza batek gune honetarako bisita egingo duela hemendik gutxira.

Ondoren, Eibarko kultur etxera joan dira; izan ere, kultur etxea berritzeko lanak Aldundiaren laguntzarekin egin dira.  Guztira 229.316 euroko kostua izan dute obrek, eta kopuru horretatik 150.000 euro jarri ditu Aldundiak. Lan hauek egin dira: bilera gelak egin dira, artxibo berri bat egin da, elektrizitate, aireztapen eta berokuntza instalazioak hobetu dira, eta informatika sare berria eraiki da. Horrela, kultur etxerako sarbideak hobetzea lortu da, eta lokala berrantolatu da, hainbat espazio berri emanez: artxibo berri bat, lan eremu bat, bilera gelak eta areto multifuntzionalak. Elektrizitate, argiztapen, aireztapen, berokuntza eta informatika instalazioak ere hobetu dira. Zoru teknikoari esker, informatikako eta telekomunikazioetako instalazioen erabilera hobetu da, eta sabai berriarekin hobetu egin dira, baita ere, ezaugarri akustiko eta termikoak.  

Foru ordezkaritza Biarrian kolektiboarekin ere bildu da. Arratsaldean, berriz, Alfa Arteko instalazioetan izan da. Laneko bazkarian, Mugikortasuneko Departamentua egiten ari den Eibar-Maltzaga bidegorri proiektuaren egoera berrikusi dute alkatearekin, eta kirol instalazioetan inbertitzeko hainbat proiekturi buruz ere hitz egin dute. Eibarko bisita hau Aldundiaren diputatu nagusiordea Gipuzkoako enpresa, kultur, gizarte eta kirol proiektuak lehen eskutik ezagutzeko egiten ari den bisitetako bat da.  «Aldundiak herrietara hurbildu behar du, eskualde bakoitzak dituen nahien inguruan galdetu eta zuzenean entzuteko. Aurrez aurreko topaketak dira: alkateekin, eragile kultural, sozial eta ekonomikoekin... Proposamenak eta iritziak trukatzen ditugu, Gipuzkoa osoaren errealitatea ezagutu nahi baitugu, herriz herri. 

Eibarrek Gipuzkoa osoko estrategia ekonomiko eta sozialetan duen papera azpimarratu du Itxasok. «Eibarren eta bere eskualdean garatzen ari denak arreta berezia merezi du. Eibarri merezi duen zentralitate instituzional eta politikoa eman behar diogu, esku artean dituen proiektuen garrantzia izugarria baita.» Puntu honetan, De los Toyosek eta Itxasok nabarmendu dute «Eibar eta Elgoibar lotuko dituen bidegorriaren garrantzia eta anbizioa. Izan ere, Eibarrek aspalditik eskatzen zuen azpiegitura hau, eta orain, azkenik, foru gobernuak Eibarrekin zuen zor hori kitatu egingo du».

Itxasok bisitatu dituen hiru enpresak ere aipatu ditu. «Hiru enpresa horien ezaugarri nagusia da benetako balioa eman diotela berrikuntzari. Eredu dira, garbi erakusten baitute irudimena, espiritu ekintzaile eta sortzailea eta talentua baliatuz, krisialdiak aukera bilakatu daitezkeela, eta artea eta kultura eragile ekonomiko eta sozial izan daitezkeela, eta izatez hala direla. Azkenik, Eibar bezalako herri baten espiritu borrokalari eta ekintzailearen adibide ere badira.»  

 

  

1263