Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundia elkarlanean arituko da Orioko Udalarekin kiroldegia birgaitzeko

Aldundia elkarlanean arituko da Orioko Udalarekin kiroldegia birgaitzeko

Mutiozabal Onziola ere berrituko da.

Denis Itxaso Kultura eta Kirol Departamentuko diputatuak eta José Angel Zaldua Orioko  alkateak hitzarmena sinatu dute bertako udal kiroldegia birgaitzeko.  Foru Aldundiak 51.160 euro jarriko ditu lan horietarako. Esku-hartze horren bitartez, area horiek herritar guztiek erabiltzeko baldintzak hobetu nahi dira.

Kirol ekipamenduak birmoldatu, berritu, ordeztu eta lekualdatzeko 2017-2020 aldiko Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planaren esparruan sartzen da laguntza hori; izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat inbertsio finantzatuko ditu lurraldeko kirol azpiegiturak hobetzeko eta, horrela, erantzuna emateko Gipuzkoako gizarteak jarduera fisikoa eta kirola egiteko duen premiari. 

Aldundiak lehentasuna eman dio egungo ekipamenduak berritu eta birmoldatzeari, instalazio berriak eraikitzearen ordez.

Udalaren ardura izango da obrak gauzatzea, eta amaituta egon beharko dute 2018ko abenduaren 31 baino lehen. Instalazioek kirol erabilera izango dute 10 urteko epean gutxienez.

Aldundiak lurraldeko baliabide energetikoak  optimizatzeko garatzen dituen politikei jarraituz, plan honetan sartuta dauden proiektuen xede diren eraikinetako jarduketa guztiek proiektuaren eta bukatutako eraikinaren Efizientzia Energetikoko Ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

“Foru Aldundian adin guztietako, edozein sexuko eta jatorri guztietako herritarrek instalazio egokiak izan ditzaten eta horietara sarbidea izan dezaten nahi dugu, haietan kirola edo gainerako aisialdiko jarduerak egin ahal izateko eta, horrela, haien bizi kalitatea hobetzeko”, esan du Itxasok. 

Bai Orioko Udalak bai Aldundiak balorazio ona eman diote lankidetzari, eta adierazi dute bizi ditugun garai hauetan inoiz baino beharrezkoagoa dela baliabide publikoak modu eraginkorrean eta jasangarrian erabiltzea, erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta.

Mutiozabal

Ondoren, Itxasok eta bere lan taldeak Mutiozabaleko ontziolaren berritze obrak bisitatu dituzte. 2016ko hasieran Aldundiak eta Udalak hitzarmen bat izenpetu zuten Udalak ontziola eros zezan. Udalaren asmoa ontziolan gune bizi bat sortzea da, espacio horretan ontziak konponduko baitira eta itsasoarekin lotutako hainbat ekintza antolatuko baitirah Horretarako Aldundiak 47.981 euro jarri zituen..

Denis Itxaso, Kulturako Diputatuak gogora ekarri du Gipuzkoak itsasoarekin eta ontzigintzarekin izan duen lotura. Lotura horrek emakume eta gizonen bizimodua baldintzatu du. “itsasoa gure nortasuna da eta Aldundiatik ahalegin berezia egiten dugu ondare hori bizirik mantentzeko. Ontziola hau euskal ontzigintzaren tradizioaren erakusle bikaina baita eta guri dagokigu memoria bizirik mantentzea eta horretarako ezinezkoa da gure ondarea babestea”.

Udaletxe parean, kostako errepidearen eta itsasadarraren artean aurkitzen da 1919an Antonio Mutiozabal lanean hasi zen ohiko ontziola. Ontziola habearte bakarreko nabea da, banaketarik gabe eta Orioko itsasadarrerako arrapalarekin. XX. mendean egurrezko ontzigintzan aritu ziren ontziolan, eta hemendik atera ziren baxurako arrantzako hainbat ontzi, Padre Lerchundi, San Antonio, San Nicolás eta Madre Guadalupe besteak beste.

1990ean Untzi Museoak Francisco Carrera “Txanka”ri, garai hartako jabeari, erdi aroko ustezko baleontzi baten eraikuntza eskatu zion. 1991 eta 2007 artean Untzi Museoko erakusketa iraunkorrean egon zen, eta gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundiaren biltegian gordeta dago.

Orioko ontziola historia eta ondarea aldetik balore handiko elementua da. Egurrezko ontziak egiten aritzen ziren erriberako ontziolak pixkanaka desagertzen joan dira, eta hau da Gipuzkoan mantentzen den ontziola bakarra.

 

 

  

1447