Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundia Euskaraldiaren bigarren edizioa prestatzen hasi da

Aldundia Euskaraldiaren bigarren edizioa prestatzen hasi da

Talde eragileak antolatzen hasteko deia jaso dute departamentuek.

Gipuzkoako Foru Aldundia gaur hasi da ofizialki Euskaraldiaren bigarren edizioa prestatzen, Markel Olano diputatu nagusiak berak Diputatuen Kontseiluan aurkeztu duen agiri baten bitartez. Dokumentu honetan, foru Gobernuko kideei eskatzen zaie talde eragileak antolatzen hasteko etxeko departamentu ezberdinetan, ondoren ariguneak identifikatu eta aktibatu ahal izateko. Eider Mendoza foru bozeramaileak esan duenez, Euskaraldiaren helburuak eta filosofia bat datoz Gipuzkoako Foru Aldundiak aldezten duen estrategiarekin eta, ondorioz, “gure erakundeak Euskaraldian modu aktiboan hartuko du parte, Gipuzkoan erakunde erreferentea izateko erantzukizuna baitaukagu”.

          Hedabideen aurrean agertu da gaur Mendoza, goizean egin den Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Bilera hau Harkaitz Millan Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako foru diputatu berriak egin duen lehenengoa izan, Denis Itxasoren ordez arituko dena. Aurretik, Kontseiluan batzartu aurretik kide berriari lepoko bereizgarria emateko ekitaldia egin du foru Gobernuak Jalgi Aretoan. Foru bozeramaileak berak ere ongietorria eman nahi izan dio Millani, eta zorte ona opa kargu berrirako. 

          Agerraldian, Euskaraldiaren inguruko erabakiari heldu dio lehenbizi Mendozak. “Dakizuen bezala, Euskaraldiaren lehen edizioan norbanakoen erabaki esparruan aritzetik, taldeetara zabalduko da ekimena bigarren edizio honetan”, gogoratu du foru arduradunak. Hau honela izanda, entitate eta erakundeei talde horiek babesteko eta sustatzeko konpromisoa eskatuko zaie, ariketa amaitzean hizkuntza ohiturak aldatzeko hartutako urratsak egonkortzeko gonbita egingo zaie.2020an Euskaraldiak, iaz egin moduan, belarriprestei eta ahobiziei proposatuko die, 15 egunetan, euren egunerokoan egin dezaten ariketa. Baina horretaz gain, entitateek euskaraz mintzatzeko gai diren hiztun taldeak identifikatu beharko dituzte: ariguneak”, gogoratu du foru bozeramaileak.

          Arigune hauek, sakondu duenez, euskaraz lasai aritzeko guneak dira, hau osatzen dute pertsona guztiek euskara ulertu eta denek edo gehien-gehienek ariketa taldean egitea erabaki baitute. “Entitatearen funtzionamenduan dagoeneko eratuta dauden taldeak edo espazioak dira, eta hizkuntza-praktikak euskarara aldatzea edo finkatzea dute helburu”, gaineratu du Mendozak. Honenbestez, Aldundiak gaur hasi duen bidea honakoa izango da: hasteko, departamentuz departamentu talde eragileak sortuko ditu, Euskaraldia antolatzeko. Ondoren, kanpo eta barne ariguneak identifikatuko dira, eta langileen adostasuna lortu ostean, talde hauek aktibatzeko neurriak hartuko dira. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra, berriz, Euskaraldiaren ariketa egingo da eta, amaitu ostean, balorazioa jaso eta hizkuntza ohitura berri hauek egonkortzeko mekanismoak aztertuko dira.

“Euskaraldiaren antolamenduak inplikazio zuzen eta argia eskatzen digu Foru Aldundiko kide guztioi, bereziki ardura politiko bat dugunoi, eta horrela egingo dugu”, azaldu du Mendozak. Gehitu duenez, ekimen honek “indar eta ilusio kolektibo berria” piztu zuen duela bi urte euskararen biziberritzearen esparruan: “Tresna berritzaile bat da, lankidetzan oinarritua, herritarren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabileran urrats bat aurrera egiteko, gure lurraldearen hizkuntza egoeran berdintasun orekatuago bat lantzeko”, adierazi du. Laster, diputatu nagusiak berak emango du izena, Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, 2020ko Euskaraldian ofizialki parte hartzeko.

 

Enpresen salmentak

Diputatuen Kontseiluan landu den bigarren gaia Gipuzkoako enpresen salmenten 2019ko txostena izan da. Mendozak azaldu duenez, abenduko datuak ez ziren oso onak izan, baina hala ere zifra onekin itxi zuen urtea lurraldeak. Zehazki, konpainien salmentak % 2,8 hazi ziren, datu hau honela xehatzen delarik: % 2,5eko hazkundea barne salmentetan, eta % 3,4koa esportazioetan, betiere aurreko urtearekin alderatuta. Inportazioak, bere aldetik, % 3 igo ziren, enplegua % 2,2 eta soldatak edo lurraldeko soldata masa % 3,7 hazi zen. Txosten osoa gaur bertan publikatuko da Ogasuneko web orrian.

          Foru bozeramaileak datuen irakurketa positiboa egin du. “Egia da hazkundeak ez direla aurreko bi urtetakoak bezalakoak, baina zifra hauek esan nahi dutena da hazkunde horiek ari garela hobetzen ia % 3 batean”, adierazi du. Enpleguaren eta soldaten atalean, bere aldetik, 2015tik honako hazkunde egonkorrarekin jarraitzen da. “Enplegu eta soldaten hobekuntza hauek, gero, PFEZaren zerga bilketaren hazkundean islatzen dira, esaterako, pasa den urteko datuetan ikusten den bezala”, esan du foru arduradunak. Bere ustetan, datu hauek argi uzten dute beste behin ere egokia dela ekonomia sustapenaren alde Foru Aldundia egiten ari den apustua, eta bide beretik jarraitzeko konpromisoa berretsi du.

Basarteko biribilgunea

Hirugarren erabakia Bide Azpiegituren departamentuarekin dago lotuta, gaur onartu baitu Diputatuen Kontseiluak GI-631 errepidean Azkoitia eta Azpeitia artean, Munategi parean, dagoen Basarteko bidegurutzean biribilgunea egiteko obrak kontratatzeko espedientea. Egitasmoak jasotzen du biribilgune zirkular bat egitea, 42 metroko diametrokoa, hiru adarrekin (Basarte poligonoa, Azkoitia eta Azpeitia). Honekin batera, bi autobus geraleku eta oinezkoen nahiz ziklisten pasabide bat atontzea ere aurreikusten da. Proiektuaren aurrekontua 499.112,56 eurokoa da (% 21eko BEZa barne) eta gauzatzeko epea lau hilabete.

          “Azkoitia eta Azpeitiko udalek eta industriaguneko enpresek egindako eskaerari erantzuna ematen dio proiektu honek eta helburu nagusia bidegurutzean sortzen diren egoera gatazkatsuak ekiditea da”, esan du foru bozeramaileak. Esan duenez, puntu honek egun duen antolaketak zenbait egoera arriskutsu sortzen ditu: alde batetik, istripuak, aipatutako industrialdera sartzeko eta handik irteteko maniobrak egiteko garaian; bestetik, oinezkoentzako arriskua, aipatutako errepidea gurutzatzerakoan, poligono aldeko espaloitik pasealekura joateko; eta azkenik, leku segururik ez egotea autobusak gelditzeko. “Bailara goitik behera zeharkatzen duen GI-631 errepideak duen bidegurutzerik gatazkatsuenetakoa da Basartekoa eta, ondorioz, aurkezten ari garen proiektuaren garrantzia handia da eskualdearentzako”, esan du Mendozak.

Itziar gaineko biribilgunea

Departamentu berdinarekin jarraituz, beste biribilgune bat eraikitzeko proiektua eta honen kontratazio espedientea ere onartu ditu gaurko Diputatuen Kontseiluak. Kasu honetan, Itziarko gainean kokatzen da lotune berria, eta proiektuak aurreikusten duen soluzioa da, funtsean, egungo bidegurutzearen ordez biribilgune zirkular bat egitea da, 34 metroko diametroa duena kanpoko lerro zurian. “Hala ere, kota arazoak direla eta, ezinezkoa da biribilgune berritik Itziarrera igotzeko adar bat egokitzea, eta, horregatik, 200 metro aurrerago dagoen autobiderako bidegurutzean dagoen hurrengo biribilguneraino jarraitu behar da, noranzkoa aldatu eta berriro igo Itziarrerako zuzeneko adarra hartzeko. Zuzeneko adar hori egungoa baino 50 metro lehenago hasten da”, zehaztu du foru diputatuak. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 400.760,75 euro da (% 21eko BEZa barne) eta lanak gauzatzeko epea lau hilabete.

          Obra egingo den lekua N-634 errepidean kokatzen da, Debako udal barrutian. Hemen, Itziar gainean, bi errepide gurutzatzen zaizkio aipatutako N-634ari: bata, iparraldera Itsaspera doan GI-3291 errepidea eta, bestea, hegoaldera Itziarrera doan GI-3210 errepideak bat egiten duten puntu honetan. Aurrerago, Deba norabidean 200 metro eginda, AP-8 autobidearekin lotzen duen N-634-D errepidearen arteko bidegurutzea dago. “Biribilgune berri honekin, bidegurutze honetan sortu daitezken eta sortzen diren egoera arriskutsuak konpontzea bilatzen dugu”, esan du Mendozak.

Fiskalitatea berritzeko ideiak junior

Azkenik, Diputatuen Kontseiluan Fiskalitatea Berritzeko Ideiak Junior lehiaketaren bigarren edizioa onartu du. 2019/2020 ikasturtean Gipuzkoako foru Ogasunak bultzatzen duen ekonomia eta fiskalitateari buruzko unitate didaktikoan parte hartzen ari diren lurraldeko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan dauden ikasleek hartu dezakete parte lehiaketa honetan. “Ekimenaren helburua da ikastetxe hauetako ikasleengan ideiak, sormena eta talentua bultzatzea, zerga obligazioak borondatez betetzeari eta zerga iruzurrari aurre egiteari begira”, esan du bozeramaileak.

          Gogoratu duenez, lehiaketa honen lehen edizioa 2018 urtean egin zen, eta “arrakastatsua” izan zen. Orduan, Laugarren DBHko 76 ikaslek hartu zuten ekimenean, eta Donostiako Deutsche Schule San Alberto Magno ikastetxeak lortu zuen lehenengo saria, Errenteriako Egiluze-Hijas de la Cruz zentroa bigarren izan zelarik. “Lehiaketa unitate didaktikoaren testuinguruan kokatzen den egitasmo gehigarria da, zerga kontzientzia hedatzea helburu duena”, gaineratu du Mendozak. Aurtengo ikasturtean lurraldeko 86 ikastetxe ari dira Gipuzkoako foru Ogasunak sortu eta sustatzen duen zergei buruzko unitate didaktikoa jorratzen, 2.896 ikasle guztira. “Kontzientziazioa lantzea da zerga iruzurrari aurre egiteko daukagun modurik eraginkorrena eta, ondorioz, ezinbestekoa da lanketa hau belaunaldi berriekin ere egitea”, amaitu du bozeramaileak.

  

1559