Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak 1,4 milioi euro bideratuko ditu adimen desgaitasuna duten pertsonentzako baliabide berrira

Aldundiak 1,4 milioi euro bideratuko ditu adimen desgaitasuna duten pertsonentzako baliabide berrira

Baliabide horretan 20 plazako eguneko zentro bat eta 14 plazako bizitokiak eskainiko dira Urola Kostako beharrei erantzuna emateko

Adimen desgaitasuna duten pertsonei zuzenduta, Azpeitiko udalerrian aurreikusita dagoen baliabidea egokitzeko obren egikaritze proiektua onetsi zuen asteartean Diputatuen Kontseiluak; baliabide horrek  eguneko zentro bat eta bi ostatu modulu izango ditu. Eguneko zentroak 20 plaza izango ditu eta lanen aurrekontua 773.664,4 euro da. Etxebizitzek 14 plaza izango dituzte, eta 697.097,37 euroko inbertsioa egingo da. Proiektua egiteko aurreikusitako epea 7 hilabete da.

Imanol Lasa foru bozeramaileak adierazi duenez, Azpeitiko Udalak 2018ko azaroaren 23an lagatako lokalak Loiolako Ignazio etorbidean daude kokatuta. Lehenengoak, eguneko zentrorako erabiliko denak, 498 m2 ditu, eta bigarrenak 516 m2. Baliabide horrek erantzuna emango die Urola Kostako eskualdean dauden beharrei, eta 2015-2019 Kudeaketa Plan Estrategikoaren arabera Aldundiak ezarritako plangintzaren ondorioa da; izan ere, plan horren helburuen artean dago Gipuzkoako gizarte-baliabideen sare publikoko eskaintza gizarte-beharrizanen bilakaerara egokitzea eta lurralde mailako oreka lortzea. 

Halaber, Gipuzkoako gizarte zerbitzuen mapan ezarritako plangintza garatzen jarraitzen du Aldundiak; izan ere, arreta beharrak areagotu egin dira faktore  desberdinen eraginez, besteak beste desgaitasun psikikoei lotutako intzidentzia gehiago egotea. «Argi dugu gizarte justu eta kohesionatu batek ez duela inor atzean uzten, eta gizarte inklusioaren alde egiten duela, herritar guztiek lanean nahiz arlo pertsonalean garapenik handiena lor dezaten, eta, horretarako, kalitatezko eta banakako arreta eskaini behar da. Aldundiak elkarlanean jarraituko du gainerako erakundeekin eta Gipuzkoako hirugarren sektorearekin helburu hori betetzeko», azaldu du Lasak.

Plazak gehitzea

Ildo horretan, Diputatuen Kontseiluaren erabakiaz, indartu egingo dira mendekotasuna eta desgaitasuna duten pertsonak zaintzeko alorrean lan egiten duten entitateekin Aldundiak sinatuta dituen lankidetza hitzarmenak eta kontratu-programak. Lehen esparruan, eguneko zentroetako 15 plaza berri itunduko ditu Zorroaga Fundazioarekin asteburu eta jaiegunetarako, eta  25.431,71 euroko inbertsio ekonomiko gehigarria aurreikusten da 2019. urterako.

Desgaitasunaren eremuan, zerbitzu  gehiago itunduko dira Atzegirekin sinatutako kontratu-programan sartutako laguntzadun etxebizitzei dagokienez, eta, horrela, 45 zerbitzu-egun gehiago emango dira 8 plazatan, 320tik 365era pasatuz urtean; guztira, 39.202,73 euroko inbertsio gehigarria egingo da 2019. urtean.

Traktore bat lagako zaio Fraisoro Eskolari

Azkenik, oniritzia eman zitzaion Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuaren traktore bat Fraisoro Eskolari lagatzeko ekimenari, betiere ikasleen prestakuntzan eta eskolaren berezko lanetan erabiltzeko. Zizurkilgo Elbarrena auzoan dagoen lanbide heziketako zentro publiko bat da,  Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari atxikitakoa, eta gai hauekin zerikusia duen prestakuntza eskaintzen du: nekazaritza eta abeltzaintza sektorea, basoak, natura-ingurunearen kudeaketa, lorategiak eta lorezaintza.

  

1312