Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak 1,7 milioi aktibatu ditu abeltzaintza sektoreari laguntzeko

Aldundiak 1,7 milioi aktibatu ditu abeltzaintza sektoreari laguntzeko

Laguntza hori zuzenduta dago animalien pentsua garestitzeak gehien eragiten dien azpisektoreei eta, ondorioz, 15.000 euro arteko dirulaguntza jaso ahal izango dute.

Egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta, Foru Aldundiak laster onartuko ditu Gipuzkoako abeltzaintza sektoreari bideratutako laguntza zuzenak. Laguntza horiekin, arazo logistikoek eta energiaren eta lehengaien garestitzeak kalte gehien eragin dieten azpisektoreak babestu nahi dira, eta, guztira, 1,7 milioi euroko diru kopurua bideratuko da. Ezohiko deialdi hori hiru foru aldundiek berriki adostutako neurri sortaren barruan dago, dirulaguntzak zein neurri fiskalak barne hartzen dituena. Horien bidez, likidezia erraztu nahi da egungo egoera ekonomikoak sektore eta kolektibo ahulenetan duen eragina arintzeko, eta jarduera ekonomikoa eta enplegua babesteko.

          Laguntza horiek hurrengo Diputatuen Kontseiluan onartuko dira eta, ondoren, GAOn argitaratuko dira, dagokion informazio guztiarekin eta eskaerak egiteko epea irekiz. Horrela, laguntzak eskuratu ahal izango dituzte pentsuaren prezioaren igoerak zuzenean kaltetu dituen azpisektoreek, Ukrainako inbasio-gerraren ondorioz nabarmen areagotu baita prezio hori; izan ere, herrialde hori da pentsua egiteko behar diren gaien ekoizle nagusienetako bat. Zehazki, behi azienda (haragia, esnea eta gizentzea); ardi eta ahuntz azienda; behi basatia; txerri azienda (gizendegiak eta hazkuntza); untxi ustiategiak; hegazti ustiategiak (erruleak eta haragia); eta haragitarako zaldi azienda. Dirulaguntzak 15.000 eurora irits daitezke onuradun bakoitzeko, eta abeltzaintzan jarduera profesional nagusia duten pertsonei zuzenduta daude (ATP).

          Dirulaguntza horiek emateko, azpisektore bakoitzeko abelburuen gutxieneko baremo bat ezarri da, bai eta laguntza ekonomiko bat ere buru bakoitzeko: gutxienez hamar buru esnetarako eta haragitarako behi aziendarentzako eta behi azienda suharra duten ustiategientzako, eta 120, 106 eta 70 euroko laguntza, hurrenez hurren; gizentzeko behi aziendarentzako gutxienez 50 eta 70 euro; ardientzako 100 eta 7 euro; ahuntzentzako gutxienez 50 eta 9 euro; gizentzeko txerri aziendarentzako 75 eta 10 euro; txerri aziendarentzako 50 eta 98 euro; untxi ustiategiarentzako 50 eta 5 euro; hegaztien azpisektorerako, bai arrautzena bai haragiarena, 500 eta 1 euro; eta haragitarako zaldi aziendarentzako 20 eta 50 euro. Aldundiak lurraldeko 450 ustiategi ingururi lagunduko die dirulaguntza horien bitartez.

          Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak  azpimarratu duenez, lehen sektoreak zituen “erronka estrukturalei” pandemiaren ondoriozko geldialdi ekonomikoa gehitu zitzaien, eta, ondoren, “Ukrainako egoeraren ondoriozko hainbat faktoreren larritzea; faktore horiek galerak eragin dituzte eta gure baserritar asko egoera oso zailean daude gaur egun. Beraz, arnasa eman nahi diegu abeltzaintza alorreko profesionalei, animalia-pentsua garestitzearen ondorioz arazo sakona pairatzen ari baitira”.

          Laguntza horiek pandemiaren eragina arintzeko azken bi urteetan abian jarritako ezohiko bi deialdiei gehitzen zaizkie, beste azpisektore batzuk ere barnean hartuta, hala nola sagardoaren edo txakolinaren arloko azpisektoreak. Guztira, 2’5 milioi euro inguru bideratu ziren dirulaguntzetan, eta 670 ustiategi izan ziren onuradun. “Lehen sektorearen jarduera eta baserritarren lana funtsezkoak dira Gipuzkoaren etorkizunaren ongizaterako, eta Foru Aldundiaren konpromisoa bat dator sektore horien garrantziarekin. Egoeraren araberako neurriez gain, sektorea indartzeko eta lehiakorragoa izateko ahaleginak egiten jarraituko dugu, sektore horrek bere erronkei aurre egin ahal izateko, lurralde osoaren erronkak baitira”, adierazi du diputatuak.

 

Fiskalitate neurriak

Era berean, abian jarritako zerga-neurriak aipatu behar dira; horien artean, lehen sektorearen kasuan, nabarmendu behar da gastuak konpentsatzeko forfaitaren hazkunde berezia, mikroenpresek eta langile autonomoek beren zerga-oinarria murritz dezaketelako, dela Sozietateen gaineko Zergan, dela PFEZn. Nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerak dira, salgaien garraioarekin batera, onura handiena jaso dutenak; izan ere, hiru lurraldeetan forfaita % 35etik % 70era igo da. Gipuzkoaren kasuan, gainera, 30.000 eurotik beherako urteko eragiketa-bolumena duten nekazari eta abeltzain txikiek % 90eko murrizketa aplikatu ahal izango dute beren errendimenduen kalkulua egiterakoan –orain arte % 75ekin egiten zuten–.

Gipuzkoan, hasi berri den 2021eko errenta-kanpainan aplikatuko da forfait hori. Jarduera horiek zergen ordainketa geroratzeko eta PFEZa zatika ordaintzetik salbuesteko aukera ere izango dute. “Fiskalitatea laguntza-tresna oso indartsua eta eskumen propioa da, eta ahalik eta gehien baliatzen ari gara sektore ahulenak babesteko eta jarduera ekonomikoa bultzatzeko. Gure ustez, neurri horiek oso irismen garrantzitsua dute eta Diputazioaren konpromisoa erakusten dute”, amaitu du.

  

1984