Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak % 12 handitu ditu gizarte ekimenerako laguntzak

Aldundiak % 12 handitu ditu gizarte ekimenerako laguntzak

1,2 milioi euro bideratuko ditu 397 programa diruz laguntzeko, eta lehentasuna emango die gizarte esku hartzeko programei, Elkar-EKIN inklusio plana bultzatzeko asmoz

Gipuzkoako Foru Aldundiak 1,2 milioi euro bideratu ditu aurten gizarte ekimenei laguntzeko, iazko deialdiaren aldean, % 12 gehiago (150.000 euro gehiago), eta horri esker, 345 programa diruz lagundu ditu (2017an baino 71 gehiago). Horixe adierazi du gaur goizean Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak laguntza hauen aurkezpenean. Laguntzak ezaugarri hauek dituzten erakundeei zuzenduta daude: irabazi asmorik ez dutenak, eta ekintzak antolatzen dituztenak autonomia pertsonala sustatu eta babesteko, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoan pertsona guztiak gizarteratuta egoteko.

Peñak azaldu du, aurtengo deialdirako, «lehentasuna izan dutela» gizarte esku hartzeko proiektuek (820.000  euro), 2016-2020 Elkar-EKIN Gipuzkoako Gizarteratze Plana bultzatzeko asmoz. Plan horren helburua da «bazterketa egoeran dauden edo egoera hori jasateko arriskua duten pertsonen arreta hobetzea». Era berean, 250.000 euro bideratu dira prebentzio eta sentsibilizaziorako; 40.000 euro, ikerketa eta berrikuntza programetarako, gizarte behar berriak identifikatu eta horiei nola aurre egin dakiekeen zehazteko asmoz; eta azkenik, foru erakundeak laugarren laguntza lerro bat sortu du ekipamendua erosteko (50.000 euro), eta diputatuak azaldu bezala, «horrek ere bide eman du aurten programa gehiago diruz laguntzeko», esan du diputatuak prentsaurrekoan, lagun izan dituela, Carlos Alfonso, Plangintzako, inbertsioetako eta prestazio ekonomikoetako zuzendaria, eta Iune Polo, Emauseko gizarteratze saileko koordinatzailea, zeinak hizpide izan duen Elkarrekin Ekinez proiektu onuraduna. Polok nabarmendu du proiektu honen helburua dela «partaidetza eta lotura komunitarioak» sustatzea eta dinamizatzea, «tokian tokiko gizarteratzea lortzeko». (https://www.youtube.com/watch?v=sHNiT59reA4)

2018an diru laguntza jaso duten 131 elkarteek -aurreko deialdian baino 24 gehiago-  arlo hauetan garatu dituzte programak: desgaitasun eta mendekotasuna (81), gizarteratzea (28), adinekoak (6), familia (2), haurtzaroa eta nerabezaroa (6), indarkeria matxistaren emakume biktimak (1), boluntariotza (3) eta bestelakoak (4). Horren harira, Peñak nabarmendu du diru laguntza jaso duten elkarte kopuruak «arlo guztietan» gora egin badu ere, igoera hori «oso esanguratsua» dela desgaitasunari eta mendekotasunari lotutako programen kasuan, «2017an 64 izatetik aurten 81 izatera» pasa baitira; «hau da, 17 programa gehiago egon dira Foru Aldundiarentzat lehentasunezkoa den arlo hau lantzen, Gipuzkoako gizartearen zahartzea, hain zuzen».

Horri lotuta, diputatuak gogorarazi du gaur egun Gipuzkoako herritarren batez besteko adina 44,69 urtekoa dela. «2031rako, batez besteko adina 47,19ra igoko da., Orain, Gipuzkoako 88 udalerrietatik 38tan, biztanleriaren % 20 baino gehiago 65 urtetik gorakoa da; mendekotasuna duten pertsonei dagokienez, egun 29.000 dira, eta 2031n, berriz, 39.000 izango dira».

«Datu horiek kontuan izanik –azaldu du Peñak– Foru Aldunditik ibilbide-orri bat prestatu dugu, Gipuzkoako arreta ereduaren barruan, zahartzearen erronkari «aurre egiteko». Era berean, gaineratu du hori posible izan dela hainbat jarduera abian jarri direlako, besteak beste, «boluntariotza sustatzeko», «autonomia sustatzeko eta mendekotasuna prebenitzeko, eta mendekotasun egoeran bizi diren pertsonei, eta orokorrean, desgaitasuna duten pertsonei, arreta eta babesa eskaintzeko», betiere «zahartze aktiboa» lortzeko helburuz, eta mendekotasunari emandako arretak «autonomia pertsonala» benetan bultzatzen lagun dezan.

         Azkenik, diputatuak Gipuzkoako hirugarren sektorearen «garrantzia» nabarmendu du, «ongizate eta gizarte kohesioa» bermatzeko bazkide «estrategiko eta kualitatiboa» delako, ez soilik zahartzearen eta desgaitasunaren esparruan, baita gizarte bazterketa egoeran dauden edo egoera hori jasateko arriskuan dauden pertsona eta kolektiboen «gizarteratzea» sustatzeko egiten duten lanean ere, Elkar-EKIN plana oinarritzat hartuta; hori guztia Gipuzkoa «gizarte desberdintasun gutxien» dituen Europako eskualdea izan dadin.

igoera oso esanguratsua izan da desgaitasunari eta mendekotasunari lotutako programen kasuan
  

1500