Aldundiak 2026an Gipuzkoaren ongizatean aurrera egitea ahalbidetuko duen aurrekontu akordioa txalotu du
Aldundiak 2026an Gipuzkoaren ongizatean aurrera egitea ahalbidetuko duen aurrekontu akordioa txalotu du
Aldundiak 2026an Gipuzkoaren ongizatean aurrera egitea ahalbidetuko duen aurrekontu akordioa txalotu du
Mendozak goraipatu egin du Elkarrekin Podemos batzarkide taldeak erakutsitako borondate eta gaitasuna lurralde osorako onuragarria den akordio batera iristeko
Eider Mendoza diputatu nagusiak txalotu egin du Elkarrekin Podemos batzarkide taldearekin Gipuzkoako Foru Aldundiak 2026ko aurrekontu proiektua onartzeko lortutako akordioa. “Inoizko aurrekonturik handienak dira, etorkizuneko zaintza eta industria bermatzea ahalbidetuko digutenak”, jakinarazi du. Akordio honi esker zehaztu du zainketa ereduaren eraldaketa indartu, sortzen ari diren errealitate sozialei erantzun eta Gipuzkoako ekonomiaren funtsezko sektoreak eta enpresa txiki eta ertainak babestu eta sustatzea ahabidetuko dela, hazkundearen, garapenaren eta lehiakortasunaren ikuspegitik”. Mendozak azpimarratu du Elkarrekin Podemos batzarkide taldearen “borondate eta negoziatzeko gaitasuna”, eta, zehazki, Miren Echeveste bozeramailearena, “edozein interes alderdikoiren gainetik, prest agertu baita une oro aurrekontu proiektu hau adostu ahal izateko”.
Diputatu nagusiak adierazi du lan askoko hilabeteak izan direla, eta beste behin ere, EAJ-PNV eta PSE-Eek osatutako koalizioa “gai izan dela aurrekontu hauek adosteko, akordioetara iristeko benetako borondatea dagoenean hori posible delako”. Ildo horretan, gogorarazi du “gobernuan sartu ginenean esan genuen akordioen legealdia izatea nahi genuela, eta hala izaten ari da”. Mendozak nabarmendu du batzarkide talde ezberdinek denbora honetan zehar erakutsi duten gaitasuna adostasunetara iritsi ahal izateko, “elkarrizketarako borondatea dago, lurraldearen aldeko jarrerak hurbiltzeko, eta horrek ekarri du gure herritarren ongizaterako garrantzitsuak diren foru proiektu eta arauak onartzea”.
Lortutako akordio batzuk aipatzearren, Mendozak honako hauek nabarmendu ditu: aurten Elkarrekin Podemosen botoekin onartutako Erreforma Fiskala; 2025eko aurrekontu proiektua, PPren botoekin aurrera atera zena; EUDELekin eta Batzar Nagusietako talde guztiekin egindako akordio historikoa, udalerri txikien finantzaketa hobetzeko; PPrekin adostutako ekintzailetza sustatzeko pizgarri fiskalak; Elkarrekin Podemosen botoekin onartutako Fortuna Handien Aldi Baterako Zerga; eta berriki onartutako Kontzertu Ekonomikoaren aldaketak eta beste neurri batzuk, PPren botoekin, eta Elkarrekin Podemosen botoekin onartutako zenbait finantza entitateren interes eta komisioen marjinaren gaineko zerga, edota guztien adostasunarekin onartutako Talde Multinazional eta Nazional Handien Zerga osagarria.
Diputatu Nagusiorde Jose Ignacio Asensiok adierazi du “Elkarrekin Podemosekin adostu ditugun aurrekontuak lehen maila politikoko akordio bat da, orain arte landu ditugun aurrekontu aurrerakoienak”. Horrela gaineratu du “aurrekontu hauek, jendeari gehien axola dioten politika publikoak indartzen dituenak dira. Zainketa, mugikortasun jasangarria, kohesio eta ongizate soziala, eta trantsizio ekologikoa sustatzen dituena, industria eta ekonomia bultzatzeko”.
Datorren abenduaren 19an Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartzea aurreikusten den aurrekontu akordioak etorkizuneko zaintzak eta industria bermatzen ditu, ongizate integralean jarriz fokua. Foru-aurrekontuaren erdia baino gehiago gizarte-politikaren arlora bideratuko da, gizarte-azpiegitura berriak sortzea bultzatzeko eta egungo eta sortzen ari diren erronkei erantzuteko. Aurrekontu horiek onartzeak esan nahi du 2026an egoitza berriak eraikitzen eta adinekoentzat egokitzen jarraituko dela, eta ekimen berriak bultzatuko direla, hala nola Gipuzkoa Zainduz, hirugarren sektore sozialarekin lankidetzan instalazio sozial berriak sortzeko foru sozietate berria edo zaintza ekosistema lokalen lurraldean eskalatzea, Zaintza Herri Laben bidez. Era berean, arlo ekonomikotik industria eta enplegu onak bermatzen jarraituko da, bai eta etorkizuneko industria sektoreak ere, hala nola, mugikortasun jasangarri eta adimenduna, fabrikazio aurreratua, biozientziak eta teknologia kuantikoak, eta lurraldeko ETEen lehiakortasuna babesten aurrera egitea dakar aurrekontu honek. Klima aldaketa bezalako erronken aurrean, onarpen honek energia trantsizioan eta ekintza klimatikoan aurrera egitea suposatzen du, Naturklima bezalako proiektu estrategikoen eta ekonomia zirkularreko eta bioekonomiako proiektu traktoreen bidez; eta lurraldearen lurralde oreka berdea ere bultzatuko da, zerbitzu ekosistemikoak bezalako ekimenen bidez, gure ingurunearen zaintzan lehen sektoreak duen zereginari balioa emanez, eta Basotik Fundazioa bezalako ekimenak bultzatuz, baso kudeaketa kolektibo eta jasangarriaren eredua sendotzeko, lurraldeko baso azaleraren abandonua saihestuz. Azkenik, aurrekontuei esker, bide-azpiegitura proiektu estrategiko berriei ekiteko aukera egongo da, hala nola Andoaingo N-1 eta A-15 errepideen arteko lotune berriko obrekin, Bidasoaldean Mugikortasuna Hobetzeko Azpiegituren Planeko proiektuak garatuko dira, horien lehen obrak urtean zehar hasiko direlarik egiten, eta A-15 errepideko tunelak segurtasun arloko Europako araudira egokitzeko lanak amaituko dira.
Aurrekontuen negoziazioen aurrean EH Bilduk aurkeztutako osoko zuzenketaren aurrean, Mendozak bere etsipena adierazi du batzarkide talde honek “beste behin” erakutsitako borondate faltagatik. “Berriro ere, EH Bilduk hamaika aitzakia jarri ditu Gipuzkoari hamaikagarren aldiz ‘ezetz 'esateko, bere interes alderdikoiak eta hauteskunde aurrekoak lehenetsiz, lurraldearen eta herritarren ongizatearen alde lan egiteko, negoziatzeko eta hitz egiteko edo jarrerak hurbiltzeko inongo borondaterik erakutsi gabe”.
237