Aldundiak 285.989 euro bideratu ditu zibersegurtasuna sustatzera enpresetan
Aldundiak 285.989 euro bideratu ditu zibersegurtasuna sustatzera enpresetan
35 proiektu lagunduko dira, telelan segurua ezartzeko ildo berria barne.
Foru Aldundiak Gipuzkoako enpresetan zibersegurtasuna sustatzeko programari dagozkion dirulaguntzak eman ditu, eta guztira 285.989 euro xedatu ditu horretara. Deialdi honen urteko hirugarren edizioan, zeina 2018an abian jarri baitzen, 35 erakundek eta enpresak (trakzio-enpresak eta ETEak) garatutako proiektuak lagunduko dira –aurreko urtean baino 8 gehiago–. Programak hainbat laguntza biltzen ditu, bi helbururekin: batetik, industria enpresen artean zibersegurtasun neurrien ezagutza eta ezarpena hobetzea; eta, bestetik, sektorean lan egiten duten enpresak bultzatzen laguntzea, horietako asko nazioan eta nazioartean erreferenteak izanik, horien hazkundea bultzatzeko eta Gipuzkoa arlo horretan lurralde aurreratuen artean kokatzen laguntzeko.
Programak hiru laguntza lerro ditu. Lehena Gipuzkoako enpresetan zibersegurtasuna indartzera bideratuta dago, eta 157.120 euro bideratu dira horretara. Enpresa guztiek ez dutenez kontzientziazio, plangintza eta baliabide maila bera beren segurtasuna blindatzeko orduan, laguntza deialdia hainbat kasuistikatara egokitzen da. Bakoitza dagoen fasearen arabera, Aldundiak zibersegurtasuna integratzeko ibilbide bat proposatzen du, etapa guztiak kontuan hartuta: diagnostikoak egitea, zibersegurtasun industrialeko plan estrategikoak garatzea, eta horiek ezartzea edo hobetzea. Neurri horiek guztiek hainbat alderdi hartzen dituzte kontuan, hala nola ICS aulezien analisia, IT/OT trafikoaren analisia, ICS GAP analisiak, ICS soluzioen integrazioa, laguntza zerbitzuak, IC teknologien monitorizazioa eta mantenua, edo ICS heldutasun metrikak eta adierazleak. 29 enpresak jaso dute dirulaguntza hori.
Bigarren lerroak izaera teknikoagoa/kualitatiboagoa du, eta zibersegurtasunaren arloko ikerketa eta garapen esperimentala bultzatzen ditu. Kasu honetan, bi konpainia dira onuradunak: Titanium Industrial eta Grupo s 21SEC. Konpainia horien proiektuek 50.000 eta 30.000 euroko laguntza jasoko dute, hurrenez hurren.
Azkenik, aurtengo berritasun nagusia da telelan segurua bultzatzeko lerro berri bat sartu dela; izan ere, enpresa askok telelaneko neurriak abian jarri behar izan dituzte edo, pandemiaren inpaktuaren aurrean, abian zituztenak bizkortu behar izan dituzte. "Telelana antolaketa-eredu bat da, eta zibersegurtasunaren ikuspegitik ere heldu behar zaio. Hori dela eta, erabaki dugu gure enpresak egiten ari diren prozesu horiek babesteko laguntzak sartzea, sentsibilizazioaren, gaitasun espezifikoak eskuratzeko jardueren garapenaren edo zibersegurtasunaren inguruko lantaldeen sorreraren ikuspuntutik", azaldu du Ekonomia Sustapeneko diputatu Jabier Larrañagak.
Laguntza lerro aitzindari honek 4 proiektu lagunduko ditu, 54.971 euroko zenbatekoarekin. Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialak sentsibilizazio- eta prestakuntza-jarduerak egingo ditu, bai informazioaren teknologien arloan (IT), bai operazio teknologietan (OT); Makina-erreminta Fabrikatzaileen Elkarteak (AFM) zibersegurtasunari buruzko lantalde bat jarriko du abian; Eraikune klusterrak hainbat saio egingo ditu webinar formatuan, sentsibilizatzeko eta sektoreko enpresen barruan gaitasun espezifikoak garatzeko; eta Mugan elkarteak jardunbide egokien eredu bat definituko du merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu elkartuen jardueretarako, telelanaren eta online salmentaren inguruan.
Programa Foru Aldundiak diseinatutako ibilbide orrian kokatzen da, zibersegurtasunaren eremuan lurraldearen potentzial guztia maximizatzeko helburuarekin, Ziur Fundazioaren jarduera osatuz. 70 industria enpresak lan estua egin dute azken urtean Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroarekin, eta, ireki zenetik, 200 baino gehiago harremanetan jarri dira azpiegitura horrekin, haren ekintzetan lankidetzan aritu dira edo horietan parte hartu dute.
Larrañagak berretsi egin du Aldundiak «digitalizazio prozesuan enpresei eta, bereziki, industriari laguntzeko duen konpromisoa, erronka horretan asko jokatzen baitugu. Gure industriaren maila teknologikoa modu esponentzialean handitu da, agertu baitira segurtasunaren ikuspegitik erronka diren tresna eta prozesu berriak, baina garapen ekonomikorako aukera bat ere badirenak. Gipuzkoan osagai guztiak ditugu potentzial handiko sektore honetan finkatzeko: puntako enpresak, ibilbide ezaguneko teknologia eta ikerketa zentroak, start up-ak, eta eraldatzen ahalegintzen den industria bat», esan du amaitzeko.
2047