Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak 3,5 milioi euro bideratu ditu Gipuzkoako basoak zaintzeko eta garatzeko

Aldundiak 3,5 milioi euro bideratu ditu Gipuzkoako basoak zaintzeko eta garatzeko

Basogintzako sektorea sustatzeko laguntzen deialdia indartu du, aurkeztutako eskaera guztiei erantzuteko.

Basoa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ebatzi egin ditu Gipuzkoako basoak mantentzeko, hobetzeko eta garatzeko 2022ko dirulaguntzak. Laguntza horien helburua da basojabeei laguntzea beren basoetan egin beharreko lanetan. Hasiera batean, 3,1 milioi euroko aurrekontua zegoen aurreikusita deialdirako, baina jasotako eskaeren bolumena kontuan hartuta, 400.000 eurorekin handitu da partida, 3,5 milioira iristeraino. Horrela, 1.344 jabek guztira egindako 1.969 eskaerei erantzun ahal izan zaie.

Deialdia Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak egiten du, Gipuzkoako basogintza sektoreak dituen erronkei aurre egiteko helburuari erantzun nahian: besteak beste, sarbideak hobetzea, baso suteak prebenitzea, kalitatezko lehengai berriztagarriak sortzea eta biodibertsitatea mantentzea, belaunaldi erreleboa sustatzea eta basojabeek egindako lana zabaltzea.

Zenbateko horren zatirik handiena basoberritzen eta baso berriak landatzen laguntzeko izan da: guztira 539 eskaera egin dira eta 2,1 milioi jaso dituzte. Ondotik suteak eta hondamendi naturalak prebenitzeko lerroa dator, 1.318 eskaerarekin eta 1,3 milioirekin. Gainerako lerroek helburu hauek dituzte: sektorea garatzeko, modernizatzeko eta egokitzeko azpiegiturak garatzea –5 eskaera eta 26.800 euro–, baso teknologietan inbertsioak egitea eta baso produktuak eraldatzeko, mobilizatzeko eta merkaturatzeko inbertsioak egitea –96 jarduera eta ia 92.000 euro–.

Jabier Larrañagak, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak, honako hau nabarmendu du: «basoak funtsezko ondarea dira eta haien etorkizuna bermatu behar dugu. Onura ugari ekartzen dizkiote Gipuzkoako gizarteari; izan ere, lehengai berriztagarriak ematen dituzte, ingurumenaren oreka iturri dira, gure paisaia modelatzen dute eta garai hauetan balio handikotzat jotako gizarte eta aisialdi funtzio bat betetzen dute». Horregatik guztiagatik, «laguntza hauen bidez basojabeek egiten dituzten eta basoen funtzio ekonomiko, ekologiko eta sozialak modu jasangarrian mantentzen eta garatzen laguntzen duten inbertsioak babesten ditugu», gaineratu du.

Basoberritzeko lanak

2022ko deialdiko dirulaguntzen bidez, basojabeek 1.223 ha basoberritu ahal izan dituzte orain arte, espezie ugarirekin; besteak beste, kriptomeria (261 ha), sekuoia (501 ha), itsas pinua (152 ha), bertako haritza (54 ha) eta pagoa (56 ha). Azken bi horiek 85 urtetik gorako bizi zikloak dituzte. Horrez gain, basoetan 341 ha ongarritu dira, eta 32.468 metro hesitu, 5.438 ha sasiz garbitu, 122 ha inausi eta 118 ha-tan entresaka egin da. Halaber, bide hobekuntzako 38.454 m finantzatu eta baso kudeaketa jasangarrirako 56 plan tekniko idatzi dira.

Nabarmentzekoa da, era berean, Basotik fundazio publikoa martxan jarri dela, baso masaren bolumen garrantzitsu bat biltzeko asmoz, hala Gipuzkoako basoen kudeaketa jasangarrirantz jauzi kualitatibo bat egin ahal izateko, basoen abandonuari eta belaunaldi erreleboaren beharrari aurre eginez. Aurten 2 milioi euroko inbertsioa egingo du Aldundiak, eta 8 milioi eurokoa datozen bost urteetan. Basotik-ek 40.000 hektarea baso inguru kudeatzera iritsi nahi du, eta aukera erakargarria da baso ustiapenen titularrentzat. Informazio gehiago eskatzeko, interesdunek basotik@basotik.eus helbidera idatz dezakete, edo 943 43 18 70 telefonora deitu.

«Basoak gure ingurumenaren bizkarrezurra dira, eta ezinbestekoak izango dira klima aldaketa arintzeko eta baliabide berriztagarri, birziklagarri eta biodegradagarrietan oinarritutako eredu ekonomiko jasangarriagoetara igarotzeko, bioekonomiaren aldeko apustua eginez. CO2a xurgatzen, atxikitzen eta ordezten dute, eta funtsezko rola dute, hainbat arrazoirengatik: hondamendiei aurrea hartzeko (adibidez, sute edo uholdeak); higadura saihesteko (Gipuzkoan oso garrantzitsua den zerbait, gure mendi erliebea eta prezipitazio maila direla eta); uraren erretentzioa eta arazketa errazteko; jolaserako eta aisialdirako erabiltzeko; paisaiarengatik; faunaren eta floraren biodibertsitateari eusteko; eta polinizazioarengatik. Hortik dator gure konpromiso ekonomikoa eta horregatik ere ziur gaude honelako neurri asmo handikoak eta berritzaileak hartu behar direla, epe luzeari begira, inflexio une batean», amaitu du Larrañagak.

  

3528