Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak 422 plaza eskainiko ditu aldi baterako enplegua egonkortzeko Enplegu Publikoko Eskaintzan

Aldundiak 422 plaza eskainiko ditu aldi baterako enplegua egonkortzeko Enplegu Publikoko Eskaintzan

Langileen ordezkaritzaren babesa du erabakiak, eta Mendozak negoziaketan parte hartu dutenen akordioetara iristeko gaitasuna txalotu du.

Eider Mendoza, foru bozeramailea, prentsa agerraldian.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du aldi baterako enplegua egonkortzeko Enplegu Publikoko Eskaintza (EPE). Erabaki hau enplegu publikoaren behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriak ezartzen dituen 20/2021 Legeak dionari jarraiki hartu da. Enplegu publikoko eskaintza honek 363 funtzionario plaza egonkortzea ekarriko du, eta beste 59 plaza lan kontratupeko langileenak (Ogasuneko aldizkako finkoen kontratazioak); guztira 422 plaza. “Akordio hau, gainera, langileen ordezkaritzaren babesarekin egin dela nabarmendu behar da; hau da, akordioan dago oinarrituta”, nabarmendu du Eider Mendoza Aldundiko bozeramaileak.

          Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Bertan azaldu duenez, plaza asko eta anitzak dira eskaintza honetan sartu direnak. “Beraz, prozesu honek jende askori eragiten dio, eta gai oso delikatu baten aurrean gaudela esan dezakezu”, adierazi du foru erakundearen bozeramaileak. EPEaren detailea eta plazen banaketa datozen egunetan (edozein kasutan, ekainak 1a baino lehen) egongo da ikusgai Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO).

Mendozak gogoratu duenez, pasa den urteko abenduan 20/2021 Legea onartu zen Madrilgo Kongresuan, behin behinekotasuna murrizteko urgentziazko neurriak ezartzen zituena. Lege horrek ezarritakoaren arabera, ekainaren 1a baino lehen definitu behar zituen administrazio bakoitzak egonkortze prozesu horretan eskainiko zituen plaza kopurua. “Horixe da azken hilabeteetan egin dugun lan mardula, eta gaur hemen aurkezten dizueguna”, zehaztu du. Hemendik aurrera, aurtengo abenduaren 31 baino lehen, plaza horiek betetzeko hautaketa prozesuen oinarriak garatu eta deialdiak argitaratu behar dira. Eta, amaitzeko, prozesu horiek 2024ko abenduaren 31 baino lehen amaitu beharko dira.

Hautaketa prozesuen nondik norakoen xehetasunean sakonduz, Mendozak esan du 20/2021 Legeak bi modalitate ezberdin ezartzen dituela. Hauek, postua hutsik egon izanaren zahartasunaren arabera ezartzen dira. Honela, batetik 2016ko urtarrilak 1a baino lehen etenik gabe behin behineko langileekin beteta egon diren plazak merituen lehiaketa bidez beteko dira. 362 plaza eskainiko ditu Aldundiak modalitate honetan. Bestetik, 2020ko abenduaren 31 aurreko hiru urteetan gutxienez etenik gabe behin behineko langileekin beteta egon diren plazak lehiaketa-oposizio bidez eskainiko dira, eta 60 plaza onartuko ditu foru erakundeak modalitate honetan. Hortik aurrerakoak, ohiko EPE prozesuen bidez egingo dira, besteak beste, 68 suhiltzaile plaza, 10 basozain plaza eta Kultura departamentuko beste 7 plaza. “Modalitateak modalitate, deialdi guzti hauen xehetasunak hemendik abenduaren 31 bitartean zehaztu beharko ditugu”, gogoratu du bozeramaileak.

Mendozak gaineratu du xehetasunak xehetasun, gaurko iragarpen honetan nabarmendu nahi duena dela negoziaketa prozesu guzti honetan zehar alde guztiek izan duten jarrera. “Prozesu oso konplexu baten aurrean gaude, jende askori eragiten diona, eta beraz gai oso delikatua da esku artean duguna. Aldundia malgua izan da hasieratik, eta funtzio publikoko teknikariek txapela kentzeko lana egin dute zentzu honetan. Hemendik, eskerrak eman nahi dizkiet”, adierazi du. Aldi berean, eskerrak mena dizkie baita ere sindikatuei, prozesu osoan zehar erakutsi duten jarrera irekiagatik.

Honen guztiaren ondorioz, akordioarekin itxi ahal izan da EPE hauen definizioaren lehen fase hau: alde bozkatu du ELAk (8 delegatu), abstenitu egin dira LAB (9 delegatu) eta Bazkuna (5 delegatu) eta kontra bozkatu du CCOOk (6 delegatu). “Hurrengo faseetan ere, elkarlan hori jarraipena ematea izango da gure borondatea”, azaldu du Mendozak.

Egoitzetako partea

Azkenik, adinekoen egoitzetan pandemia izaten ari den eragina ere eguneratu du bozeramaileak. Erabiltzaileen kasuan, momentu honetan 69 positibo aktibo daude (pasa den astean baino 100 gutxiago), 11 egoitza ezberdinetan. Pasa den astetik hona, egoiliar bat zendu da, 130 sendatu eta 31 positibo berri atzeman dira. Guztira, azaroaren 29tik hona, 64 egoiliar hil dira, eta 2.917 lagunek gainditu dute gaixotasuna. Azkenik, adinekoen egoitzetako langileei dagokionez, 32 positibo aktibo daude (pasa den astean baino 10 gutxiago) 18 egoitza ezberdinetan.

  

4119