Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak A-15/N-I lotura hobetzeko proiektua aurkeztu die andoaindarrei

Aldundiak A-15/N-I lotura hobetzeko proiektua aurkeztu die andoaindarrei

Hautatutako alternatibak zubibide bat eraikitzea, ikastolako bihurgunea zuzentzea eta Sorabillan A-15 autobiderako sarbidea luzatzea aurreikusten du.

2021/07/22

Gipuzkoako Foru Aldundiak Andoaingo Udalean ordezkaritza duten talde politikoen bozeramaileei Gasteizerako noranzkoan, Bazkardon, A-15 eta N-I errepideen arteko lotura hobetzeko eta, Sorabillan, N-I errepidetik A-15 errepidera sartzeko aukera aurkeztu die.

 

          Aurkezpena streaming bidez egin da, eta Andoaingo biztanleek zuzenean jarraitu ahal izan dute; horrela, bertatik bertara ezagutu dituzte Aldundiak egindako hautabideen azterlanean jasotako proposamenak, bai eta foru erakundeak hautatutako irtenbidearen xehetasunak ere. "Puntu horrek jasaten du errepideen foru sare osoaren eguneko batez besteko intentsitate handiena, 30.000 ibilgailu baino gehiagoko zirkulazioa baitu noranzko bakoitzean", azaldu du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak. "Gaur egun, A-15etik N-I errepiderako Bazkardoko lotuneak arazoak ditu, errei bakarreko trazadura bihurgunetsua baitu, eta auto-ilarak sortzen dira A-15 errepidearen enborrean.  Bestalde, N-I errepidetik A-15 errepiderako sarbidean, Sorabillan, trentzatu bat egiten da 135 metroko tarte txikian, eta zabaltzea komeni da, segurtasun maila egokia bermatzeko", zehaztu du diputatuak.

 

          Aurtengo lehen seihilekoan egin den azterlanean, planteatutako alternatibak bi taldetan banatu dira, kontuan izanda proposatutako trazadura egungo trazaduratik doan edo Oria ibaia zeharkatu ondoren Allurralde hegaletik igaroko litzatekeen bide berri bat eginez, N-I errepidearekin bat egingo lukeena Kordoba baserriaren parean. Gipuzkoako Foru Aldundiak N-I errepidearen egungo trazaduratik doan aukeraren alde egin du, batez ere saihesbidearen aukerak ingurumenean duen inpaktu handia eta kostua direla eta. "Aukera egokiena Bazkardon zubibide bat eraikitzea da, A-15 eta N-I errepideen arteko lotunean, Sapa enpresaren parean.  Horrez gain, Txistokiko zubia zabaldu eta Ikastolako bihurgunea zuzenduko genuke, nabarmen leunduz.  Sorabillari dagokionez, N-I errepidetik A-15erako sarbidea 500 metro luzatuko genuke", zehaztu du Aintzane Oiarbidek.

 

Udalari horren berri eman ondoren, trazadura proiektua idazten eta izapidetzen jarraituko da; fase horrek 12 hilabeteren buruan amaituta egon beharko luke. Azkenik, egikaritze proiektua idaztea geratuko litzateke, eta 6 hilabeteko epea egongo litzateke horretarako.

 

 

Zarataren kontrako pantailak

 

 

Andoaingo Udalean hautatutako alternatiba aurkeztu ondoren, Bide Azpiegituretako diputatua N-I errepidearen inguruan bizi diren bizilagunek sortutako zarataren aurkako plataformaren ordezkariekin elkartu da. Bazkardoko proiektuak zarataren aurka dituen irtenbideak aurkeztu dizkie Oiarbidek bileran.  "Inguru honetako zarataren arazoari aurre egiteko alternatibak lantzen ari gara, eta konponbide eraginkorrena eta behin betikoa lortzea espero dugu.  Jarduketa planean identifikatutako hiru eremuetatik, Sorabilla inguruan eta Larramendi Ikastolaren parean pantaila akustikoak sartzea aurreikusten da. Mimendi inguruan, berriz, eraikinak altuak direnez eta errepidetik gertu daudenez, ohikoak ez diren beste konponbide batzuk bilatu behar dira, hala nola errepidea zati batean estaltzea, eta horren bideragarritasuna aztertzen ari gara", zehaztu du Aintzane Oiarbidek. "Eremu hori zarataren aurkako ekintza planaren lehentasunezko jarduera eremuen barruan dago, eta, beraz, zarataren aurkako jarduerek garrantzi berezia dute".

   

          Diputatuak aurreratu du dagoeneko badagoela egutegi bat finkatuta, eta enpresek erritmo onean jarraitzen dutela lanean proiektuan.  "Proiektuaren planteamenduarekin batera, jakingo dugu faseka egin daitekeen, batez ere trafikoaren gaineko eraginak murrizteko, eta zarataren aurkako neurriak lehenbailehen har daitezkeen", esan du amaitzeko Aintzane Oiarbidek.

 

  

1947