Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak abian jarri du 20.0GA proiektua Gipuzkoan sedentarismoa gutxitzeko

Aldundiak abian jarri du 20.0GA proiektua Gipuzkoan sedentarismoa gutxitzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Plan Estrategikoak ezarritako helburua mugitzen ez den biztanle kopurua %5 gutxitzea da: %3 gizonetan, eta %7 emakumeetan.

2017/07/12

Gipuzkoako Aldundiko Kirol Zerbitzuak abian jarri du 20.0GA proiektua. Helburua Gipuzkoan gizarte aktiboago bat sortzea da, jarduera fisikoa sustatuz. 20.0GA Gipuzkoa aktiboago baten posta kodea da. Gipuzkoako udalerrietan jarduera fisikoa sustatzen lagunduko duten estrategiak, aukerak eta baliabideak zabaltzea da helburua, eta, horrela, gizarte aktiboago, osasuntsuago eta bidezkoago bat sortzea.

 

Gaur egun, Gipuzkoan, emakumeen %32,6 eta gizonen %25,1 sedentarioak dira. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Plan Estrategikoak ezarritako helburua mugitzen ez den biztanle kopurua %5 gutxitzea da: %3 gizonetan, eta %7 emakumeetan.

 

Beraz, 20.0GA proiektuaren onuradun nagusiak mugitzen ez diren biztanleak, edota jarduera fisiko gutxi egiten dutenak, izango dira, pertsona horien adina eta gaitasuna edozein dela ere.. Era horretan, jarduera fisikoa egiten hasteko aukera bermatuko da, denontzat eskubide unibertsala dena.

 

Aldundiko Kirol Saila izango da proiektu honen buru Gipuzkoan, eta beste hainbatekin arituko da elkarlanean: besteak beste, udalekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Osasun Publikoko Zuzendaritza-ordearekin, Eusko Jaurlaritzaren “Mugiment” estrategiarekin, Hegalak Fundazioarekin, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioarekin, kirol-zerbitzu enpresekin, ikastetxeekin, gizarte-zerbitzuekin... Aipatutako guztiak erakunde kolaboratzaileak izan dira gipuzkoarren artean jarduera fisikoa sustatzeko marko egoki bat sortzeko lanean.

 

 

Zer egingo dugu Gipuzkoan aktiboagoak izan gaitezen?

 

2016. urtean zehar hainbat bilera antolatu dira elkarlan sinergiak sortzeko helburuarekin, eta Gipuzkoan jarduera fisikoa sustatzeko modelo espezifiko bat diseinatu da. Modelo horren arabera, pertsonak aktiboagoak izateko, jarduera fisikoa errazten edota zailtzen duten faktore indibidualetan, sozialetan, eta ingurukoetan eragin behar dugu. Gainera, eske-hartze horrek kontuan hartu behar ditu generoari dagozkion desberdintasunak, aniztasun funtzionala eta ahultasun soziala. Egora horiek garatutako ekintza guztietan hartu dira kontuan, eta udalerri edota udalerri multzo bakoitzari malgutasuna emango zaio nahi duen modeloa hautatu dezan, eta jarduera fisikoaren tokiko proiektua moldatu dezan.

 

Udalekin batera, lehenik, jarduera fisikoa hobetzeko aukera onak dituzten hiru biztanle-talde banandu ziren: bizitzako lehen urteak (0 urtetik 8 urtera), helduak (lana, haurrak zaintzea eta jarduera fisikoa uztartzea lortu behar dutenak), eta adinez nagusiak (jarduera fisikoarengandik onura gehien jaso dezaketenak). Hiru talde horietan lan espezifiko bat garatu da.

Aldundiko Herri Partaidetzaren Zerbitzuarekin elkarlanean, 2017an zehar topaketak antolatu dira Gipuzkoako 15 udalerritako 100 gipuzkoarrekin, egiten duten jarduera fisikoa ezagutzeko. Era berean, eztabaida bilerak antolatu dira zenbait diziplinatako eta alorretako adituekin. 3 bilera antolatu ziren 30 profesional baino gehiagorekin, eta 12 elkarrizketa egin zaizkie hiru talde horietako interes bereziko pertsonei. Prozesua 100 proposamenekin amaitu da. Proposamenen bideragarritasuna aztertzen ari dira une hauetan, 2018tik aurrera abian jarriko direnak.

 

2017an Gipuzkoako Foru Aldundiak 25.000,00 euroko diru-laguntza deialdi bat ireki du, aipatutako biztanle-taldeei eta nerabeei lotutako programei zuzenduak.

 

 

Kirol-orientazioaren zerbitzu sarea.

 

Jarduera fisikoa sustatzeko, Gipuzkoako modelo berriaren ardatzetako bat kirol-orientazioaren zerbitzu sare bat sortzea da. Zerbitzu horiek helburu nagusi dute mugitzen ez diren pertsonei jarduera fisikoa beren bizimoduetan sartzen laguntzea. Profesional espezializatu batek estrategiak eta baliabideak emango dizkie beren portaera aldatzeko, eta, horretarako, udalerrian dauden jarduera guztietan oinarrituko da.

 

Aldundiak sarearen funtzionamenduaren eta emaitzen inguruko jarraipen bat egingo du. 2017an 30.000,00 euro eman dira lehengo tokiko zerbitzuen sorrera sustatzeko eta dagoeneko indarrean zeuden ekimenak bultzatzeko. Oraingoz 11 baieztatu dira 9 udalerritan, eta urtea amaitu baino lehen kopuruak gora egitea espero da. Proiektua Eusko Jaurlaritzaren Mugiment estrategiarekin bateratu da.

 

Kirol-orientazio zerbitzu horiek aukera emango dute beste estrategia bat martxan jartzeko: tokiko osasun, hezkuntza eta gizarte zerbitzuetatik deribatzea jarduera fisikotik onura gehien atera dezaketen pertsonak, beren osasuna, gizarteratzea eta bizi baldintzak hobetzeko. Aldundiak protokoloen sorrera sustatuko du maila lokalean. Une hauetan Aldundiak aholkularitza eta euskarri praktikoak eskaintzen dizkie udalei protokolo horiek sor ditzaten, eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, deribazio prozesu horietarako gida bat garatzen ari da.

 

Bestalde, estrategia horren bidez, Gipuzkoan patologiaren bat duen biztanleen %46rengan eragina izan nahi da (Euskal Osasun Inkestaren arabera). Gipuzkoako Foru Aldundia 10 gida sortzen ari da hainbat patologiari buruzko jarraibideen inguruan, eta dohaineko 5 prestakuntza-ikastaro garatzen ari da, Gipuzkoako kirol-zentroetako begiraleentzat zuzenduak. Helburua kirol-zentroetako langileen gaitasunak hobetzea da, pertsona horien behar espezifikoei erantzun egokia eskaini diezaioten.

 

Konturatu dira jarduera fisikora sartzeko orduan desgaitasuna oztopo bat izaten dela. Gipuzkoa desgaitasunen bat duten eta mugitzen ez diren pertsonei zuzendutako arreta-marko espezifiko bat garatzen ari da. Marko horren barnean eskola kiroleko hastapen eskaintzak daude, bai ikastetxeetako taldeetan sartzeko eskaintzak, baita eskola kiroleko programaren barruan desgaitasuna duten pertsonentzako eskaintzak ere. Gaztaroan eta helduaroan moldatze maila desberdinak aurreikusten dira udalerrietako eskaintzetan edota klubetako jardueretan. Aldundiak dagoeneko badauka eskola kirol diseinu inklusibo bat, baita 2017/18 ikasturterako eskola-adinekoentzako sentsibilizazio jardueren eskaintza bat ere. Gidalerroak moldatze mailaren araberakoak izango dira, eta irailetik aurrera egongo dira udaletxeetan ikusgai.

 

Aldundiak 210.000 euroko diru-laguntzak zuzendu ditu 2017rako, desgaitasun bat duten pertsonen kirol-hastapena sustatzeko. Gainera, 2017an udal-kiroldegietako arreta-pertsonalari zuzendutako 5 prestakuntza-ikastaro antolatuko ditu, Gipuzkoako kiroldegietan desgaitasuna dutenentzat ingurune adeitsu bat sortzeko helburuarekin.

 

Jarduera fisikorik ezaren aurkako ekimenean kontuan hartu da gizartetik baztertuta dauden gizataldeen egoera. Gizarte ahultasuna jarduera fisikorik ezarekin lotzen da. Aldundiak azterketa bat egiteko agindua eman du tokiko erakundeetako kirol politiken berdintasun tratamenduaren inguruan, EHUrekin eta SiiS Fundazioarekin batera. Gainera, 2017an Aldundiaren diru-laguntzak jaso zituzten kirol-klubek hitzeman dute DBE jasotzen duten familietako kirolariei kuota murrizketa egingo dietela, eta 100 erakunde baino gehiagok sinatu dituzte kirol desberdintasunaren murrizketa bultzatzen duten konpromiso-ereduak. Une honetan Aldundia praktika egokien katalogo bat garatzen ari da, eta akzio gida bat kirol-klubetan.

 

Bestalde, Gipuzkoako hirigintza-kontzepzioan eragina izango duten neurriak hartu dira. 2017an, Gipuzkoa Active Hacking programa jarri da abian. Helburua gure lurraldeko espazio publikoen erabilera aktibo bat sustatzea da. Gainera, mugaz bestalde, Frantziako 64 departamenduan, Nafarroan eta Aragoin, hirigintza aktibo bat sustatuko duten gidak eta jarraibideak sortzeko proiektu bat jarri da martxan.

 

Badakigu jarduera fisikoak onurak dakartzala. Osasun-onurak dakartza, fisikoak, mentalak eta sozializatzekoak. Badakigu pausu zaila dela ezerezetik kirola egiten hastea. Hori dela eta, derrigorrezko deritzogu bertan egotea, orientatzeko, bultatzeko eta pertsona guztien jarraipen bat egiteko, bereziki patologia edota desgaitasun bat dela-eta pausu hori emateko zailtasun gehiago dituzten pertsonen jarraipena egiteko. Gipuzkoan badaude baliabideak, eta koordinatu eta bultzatu egingo ditugu. Oraindik ez baduzu kirolik egiten, erraza jarriko dizugu", esan du Goizane Álvarezek, GFAko Kirol Zuzendariak. 

 

http://www.gipuzkoakirolak.eus/eu/bizitza-aktiboa-sustatzeko-baliabideak

  

1235