Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak argi berdea eman dio Andoainen A-15 eta N-I arteko lotura hobetzeko proiektuari

Aldundiak argi berdea eman dio Andoainen A-15 eta N-I arteko lotura hobetzeko proiektuari

Eraikitze proiektua idazteko lanak lizitatuko ditu aste honetan Bidegik; obraren helburua da bi errepideen arteko konexioan segurtasuna areagotzea, zarata arazoei aurre egitea eta trafikoaren arintasuna hobetzea.

2022/06/29
Markel Olano eta Aintzane Oiarbide

Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarri du Andoainen A-15 eta N-I-aren arteko lotura hobetzeko eraikitze proiektua idazteko tramitazioa. Gaur egun Gipuzkoako lurraldean dagoen eta trafiko gehien duen puntu korapilatsuena da Bazkardoko lotunea, eta obraren helburu nagusienak dira konexioaren segurtasuna areagotzea eta lotuneari gaitasun handiagoa ematea, auto ilarak ekiditeko eta arintzeko. Erronka handia izango da eraikuntza hau, hain zuzen ere N-Ietik egunero pasatzen diren 70.000 ibilgailu inguruko trafikoarekin bateratu beharko baitira lanak. Gaitasun handiko bi errepide horien arteko lotura hobetzeko obra Bidegi Foru Elkarteak egingo du eta  75 milioi inguruko aurrekontua eta 28 hilabeteko iraupena izango duela aurreikusten da.

          Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia, eta Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatua, pozik agertu dira proiektu honetan emandako aurrerapauso  sendo honekin, hain zuzen ere lurraldeko “errepide sareko puntu garrantzitsuenetako” batean “hobekuntza nabarmen” bat ekarriko duelako. “Gipuzkoaren bide azpiegituretan eta mugikortasunean giltzarriak diren guneak hobetzen ari gara, trafikoaren segurtasunean eta erosotasunean bereziki eraginez eta lurralde orekaren ikuspegitik beharrezkoak diren lanak sustatuz. A-15 eta N-Iaren loturak berebiziko garrantzia du ikuspegi horretatik eta, pauso berri honekin, argi berdea ematen diogu gipuzkoar asko eta askorentzat eguneroko pasabidea den gune honi, haien joan-etorriak seguruagoak eta erosoagoak izan daitezen”, adierazi du diputatu nagusiak.

          Aldi berean, Olanok nabarmendu nahi izan du, soluzioak garatzeko garaian, kontuan izan direla “andoaindarren eskaerak” eta, hein handi batean, proiektu berriak “hobekuntza nabarmena” ekarriko duela trafikoak herriko zenbait puntutan sortzen duen zaratari dagokionez. “Udalaren zein herritarren ekarpenak jaso eta kontuan izan ditugu eta horrek berak proiektua ontzen lagundu digu. Ingurumenaren ikuspegitik ere alternatiba jasangarriena da honako hau eta Aldundiarentzat garrantzitsua zen hori ere”, aipatu du.

          Datorren ostiralean Bidegiko Administrazio Kontseiluan onartuko den eraikitze proiektuaren idazketan kontuan hartuko dira aurrez egindako trazatu proiektua, alegazioak, Mimendi pareko estaldura eta zarataren aurkako neurriak, besteak beste. Trazatu proiektu horretan, Gasteizerako noranzkoan, Bazkardon, A-15 eta N-I errepideen arteko lotura hobetzea eta, Sorabillan, N-I errepidetik A-15 autobidera sarreran dagoen gurutzaketa hobetzea jasotzen dira, besteak beste. “Bazkardok jasaten du errepideen foru sare osoaren eguneko batez besteko intentsitaterik handiena, 35.000 ibilgailu baino gehiagoko zirkulazioa baitu noranzko bakoitzean", azaldu du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak. "Gaur egun, A-15etik N-I errepiderako Bazkardoko lotuneak arazoak ditu, errei bakarreko trazadura bihurgunetsua baitu, eta auto-ilarak sortzen dira A-15 errepidearen enborrean.  Bestalde, N-I errepidetik A-15 errepiderako sarbidean, Sorabillan, trentzatu bat egiten da 135 metroko tarte txikian, eta trentzatu edo gurutzaketa hori egiteko lekua luzatzea komeni da, segurtasun maila egokia bermatzeko", zehaztu du diputatuak.

          Lotune horren trafiko arazoei konponbide egokiena aurkitu nahian, azken urteetan hainbat azterlan eta alternatiba egon dira mahai gainean; bi nagusienak izan dira egungo trazaduratik joatea edo, Oria ibaia zeharkatu ondoren, Allurralde hegaletik igaroko litzatekeen bide berri bat egitea, N-I errepidearekin bat egingo lukeena Kordoba baserriaren parean. Gipuzkoako Foru Aldundiak N-I errepidearen egungo trazaduratik doan aukeraren alde egin du, batez ere saihesbidearen aukerak ingurumenean duen inpaktu handia eta kostua direla eta. "Hautu horrek ingurumenari eragiten dion afekzioa oso handia da, Allurraldeko magalean bigarren ebaki handi bat sortzen delako batik bat. Aukera egokiena Bazkardon zubibide bat eraikitzea da, A-15 eta N-I errepideen arteko lotunean, Sapa enpresaren parean. Horrez gain, Txistokiko zubia zabaldu eta Ikastolako bihurgunea zuzenduko genuke, nabarmen leunduz. Sorabillari dagokionez, N-I errepidetik A-15erako sarbidea 500 metro luzatuko genuke", zehaztu du Aintzane Oiarbidek. “Gurutze Gorria eta Ama Kandida kaleak lotzen dituen errepidea N-Ietik ateratzen da, autobus geltokia barne, eta bide segurtasunean eragin nabarmen positiboa dakar”, gehitu du diputatuak.

 

Andoaingo zarata arazoak

Trafikoaren Eguneko Bataz Besteko altuena duen lekua izanda, Andoainen zaratarekin arazoak daude eta eraikuntza proiektuak horiei aurre egiteko neurriak aurreikusten ditu. Hiru dira Andoainen dauden puntu kritikoak: Mimendi, Aita Larramendi ikastola eta Sorabilla. "Jarduketa planean identifikatutako hiru eremuetatik, Sorabilla inguruan eta Larramendi Ikastolaren parean pantaila akustikoak jartzea aurreikusten da, baina Mimendi inguruan, eraikinak altuak direnez eta errepidetik gertu daudenez, soluzio hori ez da eraginkorra”, argitu du Oiarbidek. “Ohikoak ez diren beste konponbide batzuk bilatu behar izan ditugu eta, proiektuaren idazketa fasean, Mimendirako, Donostia aldera doan galtzadari estaldura bat jartzea proposatu dugu, ertzean pantaila akustikoak ezarriz eta, era horretara, 2 noranzkoetako ibilgailuen zaratatik babesteko”.

          Soluzio horrek ekarriko lukeen zarata maila aztertu da eta, ia etxebizitza guztietan eta egun osoan zehar, zarata maila onargarriak izango lituzkela azaldu du Bide Azpiegituretako diputatuak. “Aurten, urte bukaera aldera, hasiko gara jada Larramendiko ikastolaren pareko zarataren aurkako pantailak jartzen: azken proiektu hau bukatuta dago eta lizitazioan jartzeko prest”, gehitu du Oiarbide andreak.

          Eraikuntza proiektuan herritarrek eta udalak eginiko hainbat aportazio jaso direla eta idazketa amaitu ostean jendaurrean berriro jarriko dela aurreratu  du Aintzane Oiarbidek. “Ondoren, berriro aztertuko ditugu herritarrek egiten dituzten aportazioak, eta bideragarriak badira proiektuari gehituko dizkiogu. Dagoeneko sartu ditugunen artean daude Ikastolako bihurgunearen rektifikazioaren ondorioz libre geratuko den errepide plataforma Udalaren esku uztea beharrezko kirol ekipamendua garatzeko; Ziako errekaren bideratze berria kontuan izatea; Ama Kandida eta estaldura lotzeko biribilgunea; Ama Kandida, Kalonjeko etxeak eta erdigunea lotzeko oinezkoen ibilbidea eta Inquitex pareko biribilgunea eta noski, zarataren aurkako neurri guztiak”, adierazi du.

          Andoaindarren mugikortasunari begira proiektuak gaur egungo egoerarekiko hainbat onura jasotzen dituela esan du diputatuak. “Mimendiko estalduraren bidez, oinezkoentzako erdigunea, Ama Kandida eta Kalonjeko etxeak lotuko dituen oinezkoen ibilbidea gauzatuko da, eta Sorabilla eta erdigunea lotuko dituen oinezkoen ibilbidea hobetzeko aukera gauzatuko da”.

          Datorren ostiralean onartuko da N-I eta A-15 autobidearen arteko lotunearen hobekuntzaren eraikuntza proiektuaren lizitazioa eta zazpi hilabeteko epea izango du enpresa irabazleak proiektua idazteko. Gauzak onbidean, 2024ko hasieran lanekin hasteko modua izango dela esanez amaitu du agerraldia Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak.

  

3916