Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak Basotiken bidez basoaren onura terapeutikoak hirugarren sektoreko elkarte eta egoitzetara hurbildu ditu

Aldundiak Basotiken bidez basoaren onura terapeutikoak hirugarren sektoreko elkarte eta egoitzetara hurbildu ditu

Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektu pilotu bat jarri du abian, basoek dituzten onura terapeutikoak zainketa eta gizarte-babeseko sarearen barruan dauden pertsonen osasun integralean baliatzeko

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean aurkeztu du Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak, Lurralde Oreka Berdeko Departamentuak eta Basotik Fundazioak abian jarri duten ekimena, Gipuzkoako basoek hirugarren sektoreko elkarteetako eta adinekoen egoitzetako pertsonen ongizate fisiko eta emozionalean eragiteko duten potentziala aprobetxatzeko.

Eider Mendoza diputatu nagusia, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuarekin, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuarekin eta Jon Ander Ostolaza Basotik Fundazioko zuzendari gerentearekin batera, Pagoetako Parke Naturalean izan da gaur, Baso Terapien lehen saioa bertatik bertara bizitzeko. Bi hilabeteko terapia pilotua izango da, eta Eibarko Egogain zentroan bizi diren adineko pertsonak ari dira parte hartzen. The Forest Therapy Hub-en trebatutako profesionalek zuzentzen dute terapia, eta kolektibo hauen osasunean eta ongizate emozionalean eragitea du helburu, Baso Terapien bidez eta naturarekin duten loturaren bidez.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren zaintza-estrategiaren helburua da hirugarren sektoreko zentroen eta egoitzen ikuspegia eraldatzea. Ikuspegi horrek, pertsonei arreta emateaz gain, haien ongizate fisikoa eta emozionala lehenestea du helburu. Eta hor, ekimen honek, Baso Terapiak, espazio bat eskaintzen du erabiltzaileek naturarekin konekta dezaten eta, horrela, haien ongizate integrala susta dezaten.

Basotik Fundazioa, Gipuzkoako Foru Aldundikoaren baitan dagoena, lurraldean baso-kudeaketa iraunkorra bermatzeko helburuarekin sortu zen, gure basoak bertan behera uztea saihestuz eta, horrela, zonaldeko lurralde-oreka berdea zainduz. Ildo horretan, Eider Mendozak berretsi du, "Basotik ekimenaren bidez, klima-aldaketa bezalako mehatxuei aurre egiteaz eta gure bioekonomia bultzatzeaz gain, natura-ingurune berdea eskaini nahi da, gipuzkoarrok naturak gure ongizate integralean eskaintzen dizkigun abantailez gozatzeko aukera izan dezagun". Mendozak adierazi du gaur aurkeztuko den proiektua beste urrats bat dela diputazioaren eta fundazioaren filosofian. "Gure zainketa eta gizarte-babeseko sarearen barruan dauden pertsonak gure ingurune naturalera hurbiltzea egoera emozionalean eta fisikoan mesedegarria izan daitekeela uste dugu, eta, beraz, eskura ditugun baliabideak baliatu ditugu horretan eragiteko" gaineratu du.

Baso-terapia Pagoetako Parke Naturaleko baso-ingurunean paseo gidatuak eginez egingo da. Esperientzia gidatu horren bidez, parte-hartzaileek beren inguruneari arreta osoa eskaini beharko diote, zentzumen guztiak erabiliz. Ibilaldi patxadatsu eta gogoetatsuen bidez, naturarekiko elkarrekintza maximizatzea bilatzen dute, naturarekin konektatu ahal izateko. Hainbat azterlanen arabera, baso-terapiak eragin zuzena du honako hauetan: estresa murriztea, depresioarekin eta antsietatearekin lotutako sintomak arintzea, sistema immunologikoa indartzea naturarekin kontaktu zuzena izatean, arreta eta kontzentrazio mailak handitzea eta onura kardiobaskularrak.

Basotik tailerrak

Basoko terapiez gain, natura eta ongizate emozionala uztartzen dituen ekimen berri baten berri eman du Mendozak: Basotik tailerrak. Hauek ere, adinekoen egoitza-zentroek eta hirugarren sektoreko elkarteek jasoko dituzte. Kasu honetan, beren instalazioetara hurbilduko dira basoaren eta inguruaren onurak ekarriko dizkieten tailerrak. Tailer horien bidez, parte-hartzaileek naturarekin zuzenean konektatzeko aukera izango dute, landareekin, lurrekin eta beste elementu natural batzuekin elkarreraginez. Lotura horrek, erlaxazioa eta estresaren murrizketa bultzatzeaz gain, gogo-aldartearen hobekuntza sustatzen du, memoria indartzen du eta ongizate emozional orokorrean eragiten du. Lehenengo tailerra Hondarribiko Uliazpi Zubieta zentroan egingo da. Uliazpi Fundazioak lan egiten du desgaitasuna duten pertsonen autonomia, parte-hartze aktiboa eta gizarteratzea sustatzeko.

  

3425