Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak bere gain hartuko du 2018an Errenteriako Jesusen Bihotza udal egoitzaren kudeaketa

Aldundiak bere gain hartuko du 2018an Errenteriako Jesusen Bihotza udal egoitzaren kudeaketa

Markel Olano diputatu nagusiak herriak dituen behar eta proiektu garrantzitsuenak ezagutu ditu Julen Mendoza alkatearen eskutik

Erakunde bisita Errenterian

Markel Olano diputatu nagusiak iragarri du Aldundiak bere gain hartuko duela datorren urtean Errenteriako Jesusen Bihotza udal egoitzaren kudeaketa. Errenteriara egindako bisitan zehaztu du jabetzaren aldaketa 2018ko lehen sei hilabetean egingo dutela eta gaineratu du 142 pertsona egoiliarrei harretarik onena eskaintzea izango dela lehentasuna. Guztira, 4 milioko inbertsioa egingo du Aldundiak Errenteriako egoitza hau Kabian integratzeko. Honekin batera, Tolosa, Arrasate eta Oñatiko egoitzen kudeaketa ere hartuko du Aldundiak 2018an, harik eta 12 udal egoitzak modu progresiboan integratu arte 2019ra bitarte.

 

Olanok Julen Mendoza alkatearekin izandako lan bileraren ondoren egin du iragarpena. Bilera horretan herriaren behar eta proiektu garrantzitsuenak ezagutzeko aukera izan dute bai Olanok eta baita berekin izan diren Imanol Lasa Gobernantza eta Komunikazio diputatuak eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatu errenteriarrak ere. Gizarte gaiez gaiez gain, kultura eta ekonomia arloak ere aztertu dituzte arduradun politikoek.

 

Gizarte gaiei dagokienean, konpromisoa hartu dute elkarlana sustatu eta Jesusen Bihotza egoitzaren kudeaketa ahalik eta azkarren aldatzeko. Gizarte Politiketako diputatuak nabarmendu du Errenteria ongi hornitutako herria dela foru baliabide eta plaza publiko aldetik. Izan ere, 270 plaza daude egoitza edo etxebizitzetan, eta 230 plaza eguneko zentroetan, guztiak adineko pertsonei, desgaitasuna duten pertsonei, gizarte-inklusioari eta haurtzaroari eskainiak. Ildo berean, alkateak azpimarratu du “zahartzaroarena dela gure gizarteak aurre egin behar dion erronka garrantzitsuena”.

 

Aldundiak zahartzaroari aurre egiteko abiatu duen beste proiektu bat ere izan dute aztergai gaurkoan: Pasaian eraikiko den erreferentziazko zentro berriarena, alegia.  “Zentro berri horren helburua izango da adinekoen egoitza eta etxeko arretaren arloan izaera berritzailea, esperimentala eta hezigarria duten jarduerak programatu eta gauzatzea”, jakinarazi du Olanok.

 

Mendozaren eskutik, Aldundiko ordezkariek herriko beste zenbait proiektu eta ekimen ezagutzeko aukera izan dute, besteak beste, Torrekua elkarlaneko ekintzailetza espazioa; Lekuona eta Tknika. 

  

1298