Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak bere langileak eta ordezkariak defendatuko ditu sare sozialetako informazio faltsu eta irainen aurrean

Aldundiak bere langileak eta ordezkariak defendatuko ditu sare sozialetako informazio faltsu eta irainen aurrean

Zerbitzu juridikoek aurre egingo diete difamazioei eta gezurrei

2018/05/24

Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki du bere funtzionarioen eta kargudunen izen ona defendatuko duela Epaitegietan, sare sozialen bitartez zabaltzen diren informazio faltsuen eta irainen aurrean.   Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak esan duenez, foru zerbitzu juridikoek «gogor» egingo die aurre anonimatuaz baliatuta Aldundiko langileen eta kargudunen kontra zabaltzen diren difamazio eta gezurrei, «Gipuzkoako herritarren ordezkariak direlako».

Horregatik, Aldundiak fiskaltzari helaraziko dizkio Interneteko foro eta guneetan foru ordezkariak «larriki difamatzen eta kalumniatzen dituzten» kasuak, eta salaketa aurkeztu ere egingo du halako jarrerak modu mingarrian errepikatzen direnean. «Azken aldi honetan, ugaritu egin dira, sareek eskaintzen duten anonimatuaz baliatuta, Foru Aldundiko langileak eta goi karguak nahita deskalifikatzeko eta delitu oso larriez akusatzeko saioak», azaldu du; eta argitu du orain dela gutxi Aldundiak kasu batekin jo duela fiskaltzara, eta berriz ere joko duela beharrezkoa ikusten badu: «Argi daukagu erakunde honen ohorea eta duintasuna defendatu behar ditugula».

Diputatuaren iritziz, ‘fake news’ gezurrezko albisteak zabaltzen eta «anonimatuaz baliatuta ofentsak egiten dituzten» gune eta foroen hazkundeak iritzi publikoa kutsatu egiten du eta hausnarketa sakona egin beharra dakarkigu. «Adierazpen askatasuna, kritika eta desadostasuna erabat errespetatuz, uste dugu ez dela zilegi edozer gauza esatea, badaudela muga batzuk eta eztabaida publikoak pertsonekiko errespetuan, arrazoietan eta egitateetan oinarrituta egon behar duela. Gipuzkoak elkarrizketa, eztabaida eta iritzi trukeen lurraldea izan behar du. Irainak, mehatxuak eta deskalifikazioak baztertu egin behar dira eztabaida sanoetan, debateari balio osoa kentzen baitiote, batez ere aurpegia eman gabe botatzen direnean», adierazi du.

Sareak erabiltzerakoan «denok herritar gisa dugun erantzukizunaz jokatzera» deitu du. «Hedabideren batek halako jarrerak izan dituenean eta pertsona edo erakunderen baten izen ona kaltetu duenean zuzenketa bat argitaratzea eskatzen zaion edo Epaitegira eramaten den bezala, ohorearen eskubidea berdin-berdin defendatu behar da halako erasoak Interneten egiten direnean ere, gizarte osoa ordezkatzen duten erakundeak babesteko modua delako».

Lasak adierazi du irainak eta kalumniak «lekuz kanpo» daudela eta justifikaezinak direla, «eredugarritasunaren eta jokaera etikoaren alde» egin duen lurralde batean. Gogorarazi du Aldundiak, legealdiaren hasieran, erakundearen zuzentasun sistema bat onartu zuela. Kargudun publiko guztiak eta funtzionario guztiak lotzen ditu kode horrek, eta kargudun nahiz funtzionarioek beren jardueran eta lanean bete beharreko balore, printzipio eta jokabide arauak zehazten ditu. «Sistema horrek legez ezarrita dauden betebeharrak baino zorrotzagoak ezartzen ditu, hain zuzen ere zintzotasunaren aldeko hautua egin dugulako. Gipuzkoa lurralde eredugarria da, pertsona jartzen du politika guztien ardatzean eta bere lana zintzo eta zuzen egiten duen kapital soziala du. Hitza duen herria gara eta hala izaten segitu nahi dugu»,  amaitu du.

  

1168