Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak berritu egin ditu Atzegi, Aspace eta Gautenarekin sinatutako hitzarmenak

Aldundiak berritu egin ditu Atzegi, Aspace eta Gautenarekin sinatutako hitzarmenak

Atzegiren etxebizitza berri batera egindako bisitan, Markel Olanok azpimarratu du laguntzadun baliabide mota horiek "erabakigarriak" direla.

Markel Olano diputatu nagusiak gaur goizean jakitera eman duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak berritu egingo ditu 2020an Gipuzkoan desgaitasunaren arloan "erreferente" diren hiru erakunderekin (Atzegi, Aspace eta Gautena) sinatutako lankidetza hitzarmenak, 19 milioi euro baino gehiagoren truke. Atzegik kudeatzen duen etxebizitza berrira egindako bisitan egin du iragarpena diputatu nagusiak. Etxebizitza hori Donostiako erdigunean kokatzen da, 2015ean irekitako beste etxebizitza baten ondoan. Bertan, desgaitasun intelektuala duten zortzi pertsona bizi dira, "bakoitza bere banakako laguntza planarekin, bizitza autonomoa izan dezaten ahalbidetuz". Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatuarekin eta Mitxel Lacunza Atzegiko zuzendariarekin batera egin du bisita Markel Olanok.

          Gipuzkoako Foru Aldundiak Aspace, Atzegi eta Gautenarekin sinatutako lankidetza hitzarmenek (7,35M €, 6,65M €eta 5M €, hurrenez hurren) 19 milioi euro biltzen dituzte guztira, eta helburutzat dute lurraldean, desgaitasunaren arloan, lankidetza publiko-pribatua bultzatzen jarraitzea. Hiru elkarteak desgaitasunen bat duten pertsonen arretaren sektorean lan egiten duten eragileak dira: Aspacek garun paralisia eta antzeko alterazioak dituzten pertsonei ematen die arreta, Gautenak autismoa eta beste garapen nahasmendu orokor batzuk dituzten pertsonak laguntzen ditu, eta Atzegik desgaitasun intelektuala duten pertsonak artatzen ditu. Hitzarmen horien bidez, egoitza zerbitzua, eguneko arreta, atsedenerako egonaldiak, familiaren laguntza, arreta goiztiarra eta hainbat programa eta jarduera bultzatzen jarraituko da. Hiru hitzarmenek urtebeteko indarraldia dute, eta gehienez 4 urtera luza daitezke.

          Diputatu nagusiak eskerrak eman dizkie hirugarren sektoreko erakundeei, "atsedenik gabe lan egiten baitute gehien behar dutenei laguntzen", eta gaineratu du "eurak direla dauden beharrak ondo ezagutzen dituztenak eta sentsibilizazioan eta arreta eta zaintza modu berrien garapenean lan estimaezina egiten dutenak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren lana da bide horretan beharrezko babesa eta laguntza eskaintzea, hirugarren sektore soziala baita gure lurraldearen altxorretako bat, gure eredu sozial erreferentzialaren ezaugarri nagusia, eta hori zaintzen eta garatzen jarraitu behar dugu".

"Gipuzkoako ereduan sakontzea da formularik eraginkorrena komunitate gero eta kohesionatuagoa bihurtzeko helburuan aurrera egiteko. Hau da, lurralde osoak desberdintasunen aurka egiten duen apustua indartuz eta, aldi berean, hirugarren sektore sozialarekin lankidetzan arituz, kolektibo ahulenei laguntzeko aktibo nagusi gisa", adierazi du Olanok.

Diputatu nagusiak azpimarratu duenez, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako egoitza plazak "funtsezkoak dira bizitza ahalik eta autonomoena izan dezaten bermatzeko" eta, horrela, "pertsona guztien aukera berdintasuna ahalbidetzeko, haien egoera eta kondizioa edozein izanda ere". Etxebizitza horiek diziplina anitzeko profesional talde baten laguntza dute, erabiltzaile bakoitzaren ongizate fisiko, psikologiko eta soziala xede duen arreta emateko.

Zehazki, Donostiako erdigunean dauden bi etxebizitzetan 16 gizon eta emakumeri ematen zaie arreta, 45 urteko batez besteko adinarekin. Astelehenetik ostiralera Gureak Fundazioaren okupazio eta tailer zerbitzuetara edo Goyenche Fundazioaren Garaguneetako eguneko arreta zerbitzura joaten dira guztiak. Asteburuetan askotariko aisialdi jarduerak egiten dituzte, bakoitzaren nahiei eta zaletasunei erantzunez.

 

886 egoitza plaza desgaitasunari arreta emateko Gipuzkoan

Gipuzkoako diputatu nagusiak, beste behin ere, adierazi nahi izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak "konpromiso irmoa" hartu duela desgaitasunen arretarako sarea zabaltzen jarraitzeko, eta gogorarazi du azken lau urteetan (2015-2019) 100 plaza gehiago zabaldu direla kolektibo horretarako, 786 plazatik 886 plazara igaroz, eta, aldi berean, eguneko arretako 79 plaza gehiago zabaldu direla, 642tik 721era igaroz. Olanok azpimarratu du, gainera, igoera hori lurralde orekaren printzipioa kontuan hartuta egin dela, plazak eskualde guztietan baitaude, "betiere toki bakoitzeko errealitatea kontuan hartuta".

Hain zuzen ere, Atzegik 30 etxebizitza kudeatzen ditu Gipuzkoan, 247 plaza desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat, lurralde osoan zehar banatuta eta "inguru komunitarioetan" kokatuta. Mitxel Lacunzak azaldu duenez, egoitza zentro horietan arreta eredu inklusiboa garatzen da, "pertsona erdigunean jarrita", pertsona bakoitzak laguntza plan indibidualizatua baitu, baina etxebizitza bakoitzean talde jarduerak ere antolatzen dira, pertsonen arteko harremanak, parte-hartze soziala eta taldearen kohesioa sustatzeko helburuarekin.

  

1564